Mintzalagun egitasmoen aurkezpena larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 3a, 19:58

Andoaingo AEK euskaltegiak ikasturte berrirako Mintzalagun eta Gurasolagun egitasmoak aurkeztuko ditu jendaurrean. Larunbat honetan eguerdiko 12:00etan hasita, Basteron musikaz eta antzerkiaz zipriztindutako kultur ekitaldia izango da. Kafea eta pastak ere eskainiko dituzte.

Mintzalagun eta Gurasolagun ekimenak:

MINTZALAGUN
Euskara ahoan erabiltzeko egitasmoak laugarren urtea beteko du. Euskara praktikara eramateko modu eraginkorra da. Dagoeneko hamar talde osatu dira, berrogei herritarren inplikazioa lortuz. Lotsarik gabe, euskaraz hitz egiten jarraitu nahi dute.

GURASOLAGUN
Ekimen honen helburua guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari diren gurasoak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... Finean, familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeekin mintzataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira. AEKren arabera, “aurreko ikasturtean eskola batzuekin martxan jarri ostean, egonkortasuna eta erreferentzialtasuna hartzen ari den egitasmoa da”. Ikasturte berrian Gurasolagun Andoaingo ikastetxeekin elkarlanean martxan jarriko da.
Mintzalagun eta Gurasolagun izateak abantailak ditu. EHUko kredituak eskuratu ahal daitezke, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila gehiago.
Larunbat honetan bi ekimenen aurkezpena egingo dute Basteron. Informazioa eskuratzeko une aproposa.

Andoaingo AEK
943 591 704
andoain@aek.org
mintzalagun.blogspot.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!