Kaleratzeak Stop taldeak bi mozio aurkeztu zituen Andoaingo Udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 3a, 19:56

Ia eztabaidarik gabe igaro zen iraileko Udal batzarraldia. Udal batzarraldian Stop Desahucios - Kaleratzeak Stop elkarteko kideek hitza hartu zuten. Honorio Martin taldeko kideak bi mozio aurkeztu zituen, hain zuzen.

Lau puntuz osatu zen lehenengoa. Honakoak, hain zuzen: Udalerrian etxebizitza hutsak dituzten erakunde finantzieroei Alokabideren esku uztea eskatzea, Udalak bere gain hutsik dauden etxebizitzak detektatu eta erregistratzeko lana hartzea, Udal batzarrean ordezkaritza alderdiei euren legebiltzarkideei Etxebizitzaren Legea egitea eskatzea eta, azkenik, Udalak herritarren etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
PPk abstentziora jo zuen bitartean, baiezkoa eman zuten gainerako hiru alderdiek.

Alokabide eta Jaurlaritza
Bigarren mozioak, Jaurlaritza eta Alokabide hartu zituen hizpide: “Andoaingo udalbatzak, Alokabidek kudeatutako Etxebizitza publikoen parkea dela-eta, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalik eta azkarren behar diren erabakiak hartu eta beharrezko lege aldaketak burutu ditzala pasa den apirilaren 7an Eusko legebiltzarrak hartutako akordioa gauzatzearren”. Gasteizko akordio horren bost puntu zehaztu zituen mozioak. Lehenak, “alokairuko etxebizitzen metro karratuaren prezioa benetan egoki dakiola merkatu prezioak izandako jaitsierari”. Bigarrena, “Errentak, tasak eta komunitate gastu finkoak barne, bizikidetza unitatearen diru-sarreren %30etik gorakoa ez izatea bermatzea”. Hirugarrena, “Urtero errenta, gorantz zein beherantz, berraztertu dadila berrikuspen dataren aurreko ekitaldiko bizikidetza unitatearen diru-sarreren arabera”. Laugarrenak, “Alokabideko maizterrek Eusko Jaurlaritzak ematen duen Etxebizitzen Prestazio Osagarria baliatzeko aukera izan dezatela”.
Azkenik hona zer dioen legebiltzarrean onartutako akordioko bosgarren puntuak: “Maizterrei komunitate gastuen kudeaketan zuzenean parte hartzea ahalbidetuko dieten mekanismoak ezar daitezela, murriztu daitezkeen kontsumoak gutxitzeagatik”.

.eus domeinua
EAJ alderdiak, euskararen normalizaziorako baliabide eta tresna guztiak baliatu behar direla adierazi ondoren, bi puntuko mozioa aukeztu zuen .eus domeinuaren inguruan. Batetik, Udalaren domeinua, .eus domeinu bezala erregistratzea eta aktibatzea; eta bigarrenik, herriko partikular, zein enpresak ere animatzea .eus domeinura bere egin dezaten. Aho batez onartu zituen bi puntuak udalbatzak. Soilik Asun Guerra PPko zinegotziak hartu zuen hitza bozkatu aurretik, euskara interneten bidez munduan zabaltzea dakarren edozein ekimenari bultzada eman behar zaiola adierazteko.
Jada irekita instituzio publiko, elkarte eta enpresek .eus daramaten domeinu-izenak eskatzeko epea.

KUTXABANK
Bilduk Kutxaren inguruko mozioa aurkeztu zuen, Udalari zera eskatuz: “Kutxaren eta Kutxabanken izaera publiko eta soziala bermatzeko beharrezkoak diren neurri eta erabakiak hartzeko borondate eta prestutasun irmoa” izan dezala eta norabide horretan, Kutxako batzarrari eska diezaiola “Foru Aldundiak proposatu duen eskualdatze-prozesu hori martxan jar dezan, Gipuzkoako Kutxa banku-fundazioa bihurtu ez dadin eta herritarren eta bertako instituzioen izaera publiko eta soziala bermatzen jarraitu ahal izateko”. Mozioak beste hiru alderdien ezezkoa jaso zuen, egungo legeria kontuan hartuta Aldundiaren proposamena ez dela batere erreala argudiatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!