Miela sei egunez jaietan izan eta gero Marizulora itzuli da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 3a, 19:55

“Gora Miela! Gora Sanmielak! Gora Urnieta!”, alkate txikiek jaiari eta Mielari agur esan zieten horrela.

Argazkiak | Bideoak | Kronika:

Asteartean gaueko bederatziak pasatxo zirenean Miela Marizulo aldera abiatu zen, sei egunez Urnietako jaien zaindari lanetan aritu eta gero. Atseden hartzea dagokio, datorren urtean indarberrituta itzultzeko. Txaranga doinuek eta zezen suzkoek amaiera eman zioten jaiaren lehen txanpari, asteburuan hitzordu berriekin ekiteko.
Oro har parte hartze handia izan da aurtengo jaietan, aurreko urteetako ildoari eutsiz. Herriko eragileen ekarpena garrantzia handikoa izaten ari da, jaiari urnietar kutsu handiagoa itsatsiz.
Pausoka elkarteak hasiera eman zion jaiari, jaso duten elkartasun guztiagatik eskerrak emanez. Haien aldeko tonbola solidarioak arrakasta handia izan du, txosnatan jarritako txartel guztiak airean saldu zirelako. Urriaren 11n egun osoko jaia antolatu dute Hernanin. Pausokakoek suziria botatzearekin batera, festazaleen txinparta piztu zen. Ostegunean hasita, patata tortila lehiaketan festarako gogo berezia nabaritzen zen. Asteburu luzean txosnagunea jaietako bilgune nagusi bilakatu da.
Asko izan dira, baina Iñistor jaian aurtengo unerik politenetakoa bizi izan zen. Urnietar Prestu izendatu zuten Edu Muruamendiaraz, eta hari gorazarre eginez dozenaka gaztek eta gurasok Agurra dantzatu zioten. Emozioari eusteko lanak izan zituen Egape dantza taldeko irakasle eta bidegileak.
Soka dantza, toka txapelketa, irrintzi lehiaketa, haurren eguna..., hitzordu gogoangarri ugari izan da egunotan. Astearte gauean DJ Xaibor musika jartzaileak dantzan jarri zituen San Juan plazara hurbildutako gaztetxo guztiak. Festaz beteriko sei egun izan dira, asteburuan segida izango dutenak.
Larunbatean Urrakako auzotarrek paella jatearekin egun osoko festa antolatu dute, eta iluntzean, Aurrera Gure Ametsa taldeak Hueskako talde batekin batera dantza ikuskizuna eskainiko du. Poxta Zahar taldeak bertso afaria antolatu du Oianumen, Beñat Gaztelumendiren eta Iker Zubeldiaren parte hartzearekin.
Igandean txekor jatearekin eta azken trakarekin jaiari amaiera emango diote Urnietan.
Lehen sei egunetako hitzordu askoren bideoak eta argazkiak Aiurrik ohiko dituen webguneetan ikusgai daude.
San Juan plazako jai hotsak erabat isildu gabe daudela, Goiburuko auzotarrek aste osoan luzatuko diren Xoxokako jaiei hasiera emango diote. Herri kirolak, idi proba, bertso bazkaria..., datorren astelehenean eta asteartean jaiaren lehen txanpa iritsiko da. Bigarrena, urriaren 10etik 12ra. Xoxokan karpa bat jarriko dute, jaiak eroso igaro daitezen.
[GEHIGARRI BEREZIA]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!