Gazteen parte hartzea sustatzeko bilera sorta Andoainen, urrian eta azaroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 1a, 18:53

Andoaingo Udalak, Foru Aldundiaren laguntzarekin, urria eta azaroan prozesu partehartzaile bat jarriko du martxan herriko gazteei bideratuta. Askotan entzun izan da gazteek ez dutela parte hartzen, ez direla aktiboak, ez dituztela proposamenak egiten… Udalak, ordea, beste galdera bat planteatu du. Norbaitek eskatu al die gazteei zer nahi duten?
 
Bideoa | Bloga | Kronika:

Galdera hori oinarri hartuta, gazteek denbora librea nola igarotzen duten, zer egin nahi duten, zein behar dituzten eta Udalarengandik zer espero duten argitzeko asmoz, ekimen partehartzailea jarri dute martxan. “Gazteok hartu hitza!” lelopean, 16 eta 29 urte bitarteko andoaindarren iritzia jaso nahi dute.
Pausoz pauso, Udalaren eta gazteen arteko harremanak sendotu nahi dituzte, bien arteko hariak lotu. “Herritarrei zer nahi duten galdetu behar zaie. Beraien dirua guk erabiltzen dugu, eta beraz, diru hori zertan erabili galdetzea ezinbestekoa da”, azaldu du Ana Carrere alkateak.
Udalak 15.000 euro prozesu honetarako bideratu ditu. Orain, gazteen txanda izango da diru horrekin zein proiektu egin erabakitzeko. Ana Carrerek azaldu duenez, garrantzitsuena ez da dirua, baizik eta gazteen iritzia jasotzea, etorkizunean izan daitezkeen ekintzetan kontuan hartzeko. “Zein behar dituzten jakin nahi dugu. Gazteek oso urrun ikusten dute Udala, beraien hitza ez dela kontuan hartzen pentsatzen dute.  Hori dela eta, egitasmo honekin beraiengana hurbildu nahi dugu, harremanak sendotzeko”, adierazi du.
Hilario Dorronsoro enplegua eta gazteria saileko Udal teknikariak bi helburu nagusi azpimarratu ditu: “Batetik, gazteengana hurbiltzeko modu bat denez, lan egiteko modu berri bat sortzea espero dugu. Bestetik, helburu nagusia gazteei galderak egitea da, eta ea hortik zer ateratzen den, zein emaitza, zein proposamen...“.
Gaizka Licona Aztikerreko ordezkaria izango da prozesua dinamizatuko duena. Bere esanetan, helburu nagusia Andoaingo gazteriaren partehartzea lortzea eta aktibo bilakatzea da, eta Udalak gazteriari begira jarritako diruaren inguruan erabakiak hartzea. “Saiatuko gara gazteek beraien egoeraren autodiagnostikoa egiten. Andoainek zein behar ditu? Zein hutsune? Zein gauza on ditu? Beharretan sakonduta, beraien proposamen zehatzak jasoko ditugu. Izan ere, beharrak identifikatu eta proposamenak botatzea izango da helburua”.
Prozesua solasaldi eta talde lanetan eramango da aurrera.  Bakarkako hausnarketak beharrezkoak izango dira, baina bakarkako lanetik talde lanera urratsa emango dute. Hau da, talde lanean oinarrituko da gehienbat prozesua, eta erabakiak kolektiboak izango dira.

Hitzorduak aste honetatik aurrera
Prozesu parte hartzaile honek hiru fase izango ditu. Lehenengo fasea diagnostikoa egiteko izango da. Bigarrena, aldiz, autodiagnotisko horretatik atera diren beharren eta, batez ere, atera diren proposamen horien sailkapena egiteko izango da. Hau da, beharrak eta proposamenak mahai gainean jarrita, erabakiak hartzeko unea izango da. Azkenik, hirugarrenean, erabaki zehatzak hartuko dituzte eta horiek ezagutaraziko dira, bai parte hartu duten gazteen artean bai eta herri osoko gazteen artean ere.
Lehenengo saio presentzialak urriaren 8, 14 eta 15ean izango dira. Urriaren 8ko solasaldia Batxilergoko eta Lanbide Heziketa zentroetako ikasleei zuzenduta dago eta Ondarreta ikastetxean elkartuko dira, arratsaldeko 18:00etan. Urriaren 14ko bilera gazte lonjetan eta Gaztetxean ibiltzen diren gazteei begira antolatu da. Gaztetxean elkartuko dira, arratsaldeko 18:30etan. Azkenik, urriaren 15ean, 24-29 urte inguruko gazteak parte hartzea espero bada ere, deialdi irekia egin dute Basteron 18:30etan elkartzeko.
Fase horretan Andoaingo hutsuneak eta beharrak identifikatuko dituzte eta bigarren faserako proposamenak botako dituzte. Ondoren, denon artean erabakitzeko. Beraz, proposamenak egiteko eta erabaki horiek hartzeko saio bateratu bat egingo dute azaroaren 5ean, Bastero Kulturgunean 18:30etan. Zein proposamen aurrera atera erabakitzeko eta horiek herriko gazteei jakinarazteko azken saioa azaroaren 19an izango da, 18:30etan Basteron.
Beraz, Andoaingo gazteriaren autoeratzean lehen pausoak emango dituzte urria eta azaroan zehar. Dena den, bi hilabete hauetan egingo denak etorkizunean ere jarraipena izatea espero dute antolatzaileek.
Parte hartzeko aukeraK
Solasaldi hauek ez dira parte hartzeko aukera bakarrak izango, izan ere, herriko gazte bakoitzak ekimenaren eskuorria jasoko du etxean eta bertan erantzunak idatzita, ikastetxeetan eta Gaztetxean jarritako buzoietan utzi ditzakete. Bestalde, Udalak www.partehartu.wordpress.com ataria egin du, sarean ere iritziak plazara ditzaten. Webgune honetan, gainera, ekimenaren inguruko informazio guztia, solasaldien datak, gazteentzat bereziki prestatutako spot-a eta abar ikus daitezke.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!