Berrikuntza ugarirekin hasiko da zine denboraldia Gurean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 30a, 19:02

Nora Urbizu kultur zinegotziak eta Joxean Cubero kultur teknikariak zine denboraldi berriaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian Gurea antzokian. Berrikuntzen berri ere azaldu dute:

Asteburu honetan, `Tres mentiras’ filmarekin ekingo zaio zinema denboraldi berriari Gurea antzokian eta eguerdiko prentsaurrekoan azaldu dutenez, urtero bezala, apirila arte luzatuko da filmen eskaintza, “astero haurrentzako eta helduentzako pelikula bana eskainiko ditugu, baina haurren kasuan hilabetean behin bestelako programazioa ere izango da: pailazoak, antzerkia, magia ikuskizunak… Asteburu horietan, beraz, ez da haurrentzako pelikularik izango”, azaldu du Nora Urbizu zinegotziak. Aurten, berrikuntza gisa, bi ekimen berri martxan jarri dituztela iragarri du jarraian, “iaz inbertsio handi bati aurre eginez, proiektore digitala eta pantaila berria jarri zituen Udalak Gurea zineman eta kalitate hori aprobetxatuz, garai bateko zine klasikoari aukera eman nahi diogu. Horretarako bi ekimen berri jarri ditugu martxan. Batetik, Zinemazaleen asteazkenak izenekoa, zeinaren bidez pelikula klasikoak ikusteko aukera izango duten herritarrek bi euroren truke. Urriaren 15ean hasiko da ekimen hori gaueko 21:00etan eta aukeratutako lehen pelikula `Cinema paradiso’ izango da”. Martxan jarri duten bigarren ekimenak Santtio zinekluba du izena eta Santiago egoitzako egoiliarrak ere herriko kultur ekintzetan parte izan daitezen lortu nahi dute, “asmoa oso sinplea da: egoiliarrek pelikula bat aukeratuko dute  hilero eta pantaila handian ikusteko aukera izango dute bai egoiliarrek, bai haien senideek eta baita nahi duten herritar guztiek ere. Doako emanaldia izango da, asteazkenetan, hilean behin, 17:00etan”. Pertsona helduen irisgarritasuna eta zineman goxo eta eroso egotea bereziki zaindu egingo dutela azaldu du Norak, horretarako behar diren baldintzak egokituz. “Gurea zinema persona helduekin elkarbanatzea lortu nahi dugu. Ohituta gaude haurrak zineman ikusten, baita beren borondatez etortzen diren herritarrak ere, baina hirugarren adineko pertsonak zineman ikustea ez da hain ohikoa eta erakarri egin nahi ditugu”. Santio egoitzako kideek egin dute lehen aukeraketa: Urriaren 29an eskainiko den lehen saiorako, Paco Martinez Soriaren `El abuelo tiene un plan’ pelikula izango da. “Gure aldetik Santio egoitzako kideei eskerrak eman nahi dizkiegu euren parte hartzeagatik eta herritarrei ekimen berrietara gerturatzeko deia egin nahi diegu”, amaitu du Norak bere parte hartzea.

Pelikula estreinatu berriak

Ohiko sarrerez gain, asteburuetako zine programazioa ikusteko aurten ere bonoak jarriko dituzte nahi duenaren eskura. Joxean Cubero kultur teknikariak jakinarazi duenez, abenduan 31ra arteko balioa izango dute bonoek. “10 pelikula ikusteko bonoek 30 euro balioko dute. Bonoa eskuratuta, beraz, pelikula bakoitza 3 eurotan ikusi ahalko da. Aukera horretaz baliatzera animatu nahi ditugu herritarrak”. Bestalde, zineman proiektore digitala jarri zenetik hiru diomentsiotako (3D) filmak ikusteko aukera ere badela nabarmendu du Cuberok, “haurren pelikuletako batzuk 3D formatuan ikusi ahal izango dira. Asteburuetan bi proiekzio izaten direnez, larunbatetan 2D formatuan eta igandetan 3Dn eskaintzen ahaleginduko gara. Bestalde, proiektore digitala izateak beste aukera batzuk eskaintzen ditu, tartean, pelikulak estreinatu eta berehala gure artean izatea. Ahalegin horretan ari gara eta urrian zine aretoetan estreinatu berri diren pelikulak ikusi ahal izango ditugu hemen”. Enpresa banatzaileen eskakizunez, gainera, pelikula berri horien hiru emanaldi beharrean lau egingo dira kasurik gehienetan; saio berezi hori larunbatetan 19:30etan izango delarik. Enpresa banatzaileen baldintza horietan sartzeak Udalari ahalegin berezia eskatzen dion arren, ahaleginarekin aurrera jarraitu nahi dutela azaldu du Joxeanek, “Villabonako zinemazaleek pelikulak lehenbailehen gure pantailan izateko".

URRIKO PROGRAMAZIOA

Haurrentzako emanaldiak

-Aviones: Eqipo de rescate. Urriak 4 eta 5.

-Hurrak eta lapurra: Urriak 11 eta 12.

Cómo entrenar a un dragón: Urriak 25 eta 26.

Helduentzako emanaldiak

-Tres mentiras: Urriak 4, 5 eta 6.

-El niño: Urriak 11, 12 eta 13.

-Torrente 5: Operación Eurovegas: Urriak 18, 19 eta 20.

-Lasa eta Zabala: Urriak 25, 26 eta 27.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!