Tolosaldeko gudariei omenaldia egin zieten larunbatean Aljibean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 29a, 17:54

Tolosaldean estatuen biolentziaren ondorioz hil diren Tolosaldeko herritarrak omendu ziren joan zen larunbatean Aljibean, 18 lagun denera. Haien senide eta lagunei eskainitako ekitaldian gainera, frankismoaren biktima izan ziren hainbat Tolosaldeko herritar ere omendu ziren.

Gudari eguna 2014

"Generazio eta abagune politiko zein historiko desberdinetako gudariak eskuz esku bat eginik. Historia ofizialak eta politika profesionalak albo batera utzi nahi izan dituen pertsonak, estatu zein polizia desberdinen estoldetan egin diren giza eskubideen urraketak ez direlako aintzat hartuak, are gehiago babes politiko eta juridiko dena izan dutelako. Guk, oholtzara ekarri ditugu ordea". Azken 77 urte hauetan Tolosaldean gertatu denaren eta isilpean gordea izan denaren kontakizun iluna egin zen Amasa Villabonan, Gudari Egunaren karietara.

Txikik bere senideei idatzi zien azken gogoen eskutitzarekin eman zitzaion hasiera ekitaldiari.

Egungo abagune politikoan, herritar guzti hauen ekarpenen gaurkotasuna azpimarratu zen ekitaldian; bakoitzak berean, konpromiso politiko zein sozialak gidatuta, egun gure herriak bizi duen aukerez zabaldutako agertokiaren protagonista ere badirela aitortuz. "Gure herriaren aurkako asimilazio prozesu sistematikoa oztopatzeko gizon eta emakume hauen ekarpena ezinbestekoa izan da".

Ekitaldian argi adierazi zen ideia hauxe izan zen: "herrien eta pertsonen askatasuna ezin du ametsa bakarrik izaten jarraitu, errealitate izateko lanean jarraitu behar dugu, molde eta jarduera gero eta anitzagoetan. Indar eta jendarte askoz ere zabalagoekin, eskuz esku. Eta irakasle onak ditugu omentzen ari garen pertsona hauek. Eta haiekin batera eskuz esku lanean jarraituko dugu".

Ekitaldiaren leku nagusian ziren senide eta lagunak, baita Tolosaldeko bizitza sozial zein politikoko ordezkari ugari ere. Tartean ezker abertzaleko ordezkaritza zabala. Txalo eta malko artean eskaini zitzaien senide bakoitzari lore bana. Eta konpromiso irmo bat adierazi, "borrokak ez du etenik. Herri libreak, pertsona libreez osatuta. Indarrak biltzeko eta lanerako garaia dela argi nabarmenduz. Ez zatitzeko, estatuen interesei men egiten. Herri bat, lur zati bat, nazio libre bat, estatu propio batekin Europan, guk erabakitzen. Horretarako borrokatu ziren eta hori da iparra".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!