Edu Muruamendiarazek Urnietar prestu izendapena jasoko du San Migel egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 29a, 12:56

San Migel egunean, Iñistor jaian, Urnietar prestu izendapena jasoko du egapen dantza taldeko ikur nagusi den Edu Muruamendiaraz bergararrak. Urduri, baina pozik dago jasotako proposamenarekin. ohore bat dela dio.

Gaurko egitaraua | Elkarrizketa:

Zorionak Edu, Urnietar prestu izendatuko zaituztelako.
Eskerrik asko. Urnietarra ez den lehena izango naiz, eta niretzat ohore handia da. Ezustean hartu nuen abuztuan egin zidaten proposamena. Herri honetan ordu asko igarotzen ditut, baina ez nuen uste horrelako omenaldirik iritsiko zenik.

Dagoeneko ohartu zara herria kartelez josita dagoela.
Bada, bai! Deseroso sentitzen naiz, egia esan behar badizut. Herria ez da hain handia eta kartelez josita dago!

Urnietar prestu ekimenean ibilbide luzeak eta gehienetan lan isila omendu dute. Zuk taula gainetik maiz jaso duzu ikuslegoaren berotasun hori. Urnietan hori sentitu duzu maiz.
Bai, bestela ez nuen jarraituko. Jakin badakit nik egiten dudana baloratzen dutela, baina hortik omenaldi bat jasotzera koxka handia dago.
Antzeko omenaldia Bergaran jaso nuen, sorterrian. Bertako ohorezko kofradea naiz eta ohore handia izan zen. Iñistorrak eskainiko didana ere ohore handia izango da niretzat. Oso pozik nago, egia esan.

Dagoeneko urduri al zaude?
Zertxobait bai. “Hitz egin behar al dut?”, horixe izan zen ahotik atera zitzaidan lehen pentsamendua. Jendaurrean dantzan aritzea nire ohiko jarduera da, baina hitz egiteak errespetu handia eragiten dit. Buruan hori dabilkit bueltaka. Niretzat hori izango da zailena.

Omenaldi ekitaldian Egapeko dantzari talde batek parte hartu du urtero. Zu dantzaria izanik, egoera estuan jarriko dituzu dantzariak!
Oso bitxia izango da, bai! Oso gutxitan dantzatu dute niretzat. Ezkondu nintzenean, adibidez. Nork daki! Beharbada neronek ere dantza egingo dut...

In Fusioak ikuskizunarekin hasi dira aurtengo jaiak gainera. Aurrerapauso handia izan al da azken ikuskizuna?
Bai, pauso handi bat gehiago eman dugu. Ikuskizunak geroz eta dimentsio handiagoa hartzen du. Geroz eta zailagoa da, eta dantzarien jokabidea txalotzekoa da.
Koreografia berriak asmatu ditugu. Dagoeneko sorta ederra osatzen ari gara, eta meritua dantzariena ere bada. Sorkuntza lana ez baita nirea bakarrik, dantzarien proposamenak ere ikuskizunean ikus daitezke. Hori oso garrantzitsua da taldeko mutil eta neskentzat. Udan egin genuen muntaia irailean errepikatu dugu. Sarobe beteta egon da, seinale onena da hori.

Egapek zenbat zor dizu zuri?
Zorrik ez dago hemen. Oso gustura nabil Egapen. Urte hauetan guztietan garapen handia izan du dantzak Urnietan. Egape dantza taldeak izaera bat hartu du herrian, ospe bat. Estimazioa lortu du.
Nik taldeari eman diodana bezain beste eman dit taldeak niri.

Dantza garaikidearen aldeko apustua nondik nora iritsi zen hona?
Prozesu naturala izan da. Aukeran dantza konpainian hasi ginen estilo honekin. Nire ibilbidean aire berritzaileak zerikusi handia izan du. Ni hona etortzean, horren aldeko apustua egin nuen eta urteek erakutsi dute apustua ona izan zela.
Gakoa, nolanahi ere, haurrak eta gazteak erakartzea da. Jende gaztea dantzara erakartzeko berritasuna eskaini behar diozu. Lau urterekin ikasi duten errepertorioa ezin da hogei urte bete arte iraunarazi. Gaur egun, gainera, gazteek aisialdian hain eskaintza zabala dutela ikusita, berritasuna eskaini behar zaie. Horrela erakarri ditugu hemen. Egapeko koreografia berrietan gazteek parte hartzen dute. Neu hor nago baina pauso edo dantza batzuk eurek sortutakoak dira. Eta hori gozamena da haientzat eta, noski, niretzat. Dantza gogoko izan behar dute.
Nik dantza bizi dudan bezala, nire ikasleak horren erdia sentitzera iristen badira, pozarren geratuko naiz.
Gustura etorri behar dute dantzara. Niretzat sari bat da hiru edo lau urterekin hasi ziren ikasle horiek hogei urterekin Egape dantza taldean jarraitzea.

 

Iñistorrak aitortu dizkion merezimenduak

Hauek izan dira, Urnietar Prestu 2014 saria erabaki duen epaimahaiak aintzakotzat izan dituen merezimenduak:
• Batetik, Urnietan ohitura eta usadiozko euskal dantzak erakusten eta horiei arnas berria ematen egin duen lan nabarmen eta aipagarria, euskal dantza belaunaldi berriei erakargarri eginez.
• Bestetik, usadiozko euskal dantza sorta zabal bat ikuspegi berritzailez eraldatzen eta berritzen asmatu du, maiz dantza garaikidearen ezaugarriez, baina baita ere bere-berea duen estiloaz, Egape dantza taldea euskal dantza berritzailearen eredu eta adibide bihurtuz Urnietan bertan eta, baita herritik kanpo ere, Euskal Herri osoan.
• Azkenik, dantza-ikuskizun moderno eta plastikotasun estetiko handikoak, oso ederrak, sortu ditu aipatu dantza taldearekin, Urnietan ekoitzi diren beste ikuskizun batzuetarako, oso bereziki aipa liteke, “1936” antzerkia.

GERTUKOEN IRITZIA

Jaione Jauregi
Eragile taldeko kidea

Zortzi urte izango dira Egapeko guraso batzuk kultur elkartea sortu eta Eduri lan berriak eskatzen hasi zirenetik: Dantza-sokaren berreskurapena, euskal dantzak helduentzat... Denbora horretan taldeak izan duen garapena ikusgarria izan da: “Proposamena luzatu genionean ez genuen imaginatzen elkarteak horrelako garapena izango zuenik”. Gaur egun sortu den dinamika handia da, eta denbora asko eskaini behar zaio. Elkartearen martxan laster belaunaldi berrien txanda iritsi behar duela uste du Jaionek.
Egapek Iñistorra elkartearen eskutik jaso zuten omenaldiaren berri. Poza sentitu zuen Jaionek, “poztu nintzen, ikaragarri. Horrelako omenaldiak pertsonalizatzearen aldekoa ez naiz izaten, baina egia da kasu honetan Eduk egin duena berak bakarrik egin duela. Alboan izan gara, baina meritua berea da. Harritu egiten nau berak egunerokoan entseguetan nahiz saioetan erakusten duen pasioa. Oso erraza da berarekin lan egitea. Alboan izaten dugu, ekimen berrietarako beti prest”.

Eider Manterola
Dantzaria

Eiderrek Edu izan du betidanik irakasle, harik eta  hiru urterekin taldean sartu zenetik. Elkar ondo ezagutzen dute, eta hainbeste ikasleren artean Eiderrek uste du berak hobeto ezagutzen duela Edu, “entseguetan zorrotza duen itxura du, baina bakoitzaren garapena norberaren esku uzten du. Zeu saiatzen zarela ikusten badu, dena emango du zure alde. Eta are eta exigentzia maila handiagoa ezarriko dizu. Gainean egoten da, laguntzeko prest”.
In-Fusioak ikuskizunean txalo zaparrada jaso zuten Saroben, lana gogotik egin eta geroko saria izan zen hura. Maila handikoa izan zen ikuskizuna, “eta hasieran urduritasun handia sentitzen da. Azken 3-4 dantzatan, ordea, gozatu egiten dugu”.
Omenaldia dela eta, hausnarketa ederra egiten du Eiderrek, “jakin dut saria ez zaiola sekula eman Urnietakoa ez den norbaiti. Eta alde horretatik Eduri ematea ondo iruditzen zait. Ideia ona da sari horrekin nolabait urnietartzat hartua izango delako. Urnietaren alde lan asko egin du, nik uste dut merezi duela”.
 

Idurre Urreaga
Dantzarien ama

Egape dantza taldeko Irati eta Aitzol Otegiren ama da, “dantzaria izan naiz, eta Edu alor horretan aspaldi ezagutu nuen. Alaba dantzan izena ematera eraman eta irakaslea Edu zela adierazi zidatenean, ez nuen sinesten. Ez da posible nioen, Urnietaren tamainako herri batean Eduren mailako irakaslea izatea kosta egiten zitzaidan sinestea”.
Egaperen gakoetakoa Edu dela dio, ziurtasun osoarekin: “Hain herri txikian hainbeste haur erakartzea, Eduk lortu duena ikusgarria da. Kanpora joaten direnean ere jendea zur eta lur geratzen da. Ama bezala positiboki baloratzen dut bere lana. Berak egiten duena oso toki gutxitan ikusten da. Neronek dantza tradizionala oso gogoko dut, baina berak lantzen duen fusio hori ikaragarria da”.
Omenaldia merezi duela dio, “gogo handia erakusten du entsegu bakoitzean, haur eta gazteekin pazientzia ikaragarria du. Luxu bat da bera gure artean lanean aritzea. Merezi du. Eta, gainera, dantzaren arloan Urnietari hainbeste eman dio! Merezitako saria da”.

Edurne Arzelus
Egape ikastola

Edu Muruamendiaraz Urnietara etortzearen errudun dela esan daiteke: “Ondo ezagutzen nuen Edu, elkarrekin dantza egin genuelako. Banekien oso tematia dela bere lanean, eta ilusio handiarekin lan egiten duela”. Egape ikastolan lehenagotik zegoen irakasleak utzi zuenean, Edurnek Eduri deitu zion Egapen dantza eskolak eman zitzan: “Hasieran bion artean osatu genuen taldea eta poliki-poliki berak jarraitu zuen. Taldea gero eta anitzagoa eta zabalagoa zen, gaur egun oso finkatuta dagoena”. Orain erraza da kontuak egitea, baina Edurnek imaginatzen al zuen Egapek horrelako garapena izatea? “Nik banekien Eduk ukitutako edozein gauza ondo aterako zela. Txikitandik ezagutzen dut, badakit nolakoa den eta banekien ondo irtengo zela”.
Iñistorrak Muruamendiaraz omentzean egin duen salbuespenarekin erabat ados dago, “bat nator hartu duten erabakiarekin. Ez da bertakoa izan beharrik Urnietaren alde egiteko. Eta uste dut Eduk asko egin duela Urnietaren alde”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!