Xanti Bakero, futbolaren langilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 25a, 19:25

Xanti Bakerok Espainiako bi ligen irabazle mitikoekin jokatu zuen Realean, baina inoiz ez zuen izartzat hartu bere burua. Buzoa jantzita taldearen mesedetan lan egin ohi duen jokalaria izan zen Toshackekin. Egun, astelehentik larunbata bitartean lantoki batean lan egiten du andoaindar honek, eta denbora daukanean, Realeko beteranoen taldeko jokalaria eta entrenatzailea da.

Futbola erabat utzia al daukazu?
Xanti Bakero: Keba! Realeko beteranoen taldean jokatzen segitzen dut. Bi ligak irabazi zitueneko belaunaldiaren ondorengo jokalariak biltzen gara Zubietan, astean behin. Jokin Uria, Iñigo Arteaga, Migel Fuentes, Enrike Irazoki, Mikel Loinaz... Neu naiz entrenatzailea. Areto futboleko liga jokatzen dugu, indoor liga, baina batez ere partida benefikoetarako deitzen gaituzte; kausa on baten alde dela, pertsona jakin bati omenaldi ekitaldia dela... Tarteka, ligen irabazleak ere agertzen zaizkigu, eta modu testimonialean minutu batzuk jokatzen dituzte. Gastuen edo afari baten truk joan ohi gara. Ederki moldatzen gara geure artean!

Ez al zara animatzen entrenatzaile izatera?
X.B.: Ez. Denbora behar da, eta hastekotan, gaztetxoekin hasi behar da. Eta ikusten dena ikusita, mundu zaila iruditzen zait. Gurasoek gehiegi agintzen dute, eta ez nago borroka horretan sartzeko... Nahiago dut bazter batetik ikusi futbola. Bekatua da gurasoak futbol zelaietara joatea semeak ikustera. Eta hori ni ere guraso izanik esaten dut! Zenbat gaztek ez ote dituzten entzun beharko denetariko aginduak: entrenatzaileak gauza bat, aitak kontrakoa eta amak auskalo zer. Utzi semeei jokatzen lasai!  

Ez ohikoa izan zen zure ibilbidea jokalari gisa, Realera iritsi bitartekoa...
X.B.: 27 urte nituela fitxatu ninduen Realak! Añorgan jubeniletan hasi nintzen 14 urterekin. Goizuetan bizi ginen baina aitak Rezola enpresan lan egiten zuenez, auzo hartara joan ginen bizitzera. 18 urterekin enpresa horretan lanean hasi nintzen; aita hil zitzaigun, eta hamaika senide ginen... Futbolarekin gozatzen segi nahi nuen, eta hirugarren mailan zebilen Michelinen taldean hasi nintzen, Migel Etxarri entrenatzailearekin.

Bi urtera, Paco Gento Palentziako entrenatzaileak hots egin zidan, hara joateko eskatuz. Etxean familiarekin ondo aztertu ondoren, abenturari baietz esatea erabaki genuen. Buruan ez neukan futbolarekin bizimodua ateratzea, eta eszedentzia eskatu nuen Rezolan.

Palentzian lehenbizi eta Herculesen ondoren, denboraldi mordoa egin nuen 2. eta 2B. mailetan. Azkenekoan, 1985-1986koan, Herculesekin lehen mailan jokatu nuen; zortzi gol sartu nituen, erdilari izanda, Kempes ondoan baineukan. Ez zuen gehiegi korritzen, baina aparta zen baloiak egoki jartzeko. Azkenean, jaitsiera postuetan amaitu genuen, eta orduan Realak deitu zidan.  

Realean hiru denboraldi, izarrez inguratuta.
X.B.: Zoragarriak izan ziren urte horiek, bi lehen denboraldiak batez ere. Toshacken agindutara, Arkonada, Gorriz, Gajate, Begiristain, Joxe Mari anaia, Rekarte, Zamora, Lopez Ufarte..., eta gainerakoak. Bi kopa final jokatu genituen, eta bata irabazi Zaragozan, Atletico Madriden aurka. Ligan ere bigarren geratu ginen, eta Europan ibili ginen. Talde handi hartan titular izateko zoria izan nuen, 90 bat partida jokatuz, eta hiru bat gol sartuz.

Egia esan, nire kasua ez zetorren bat Realaren filosofiarekin, alegia behetik goranz doan harrobiko jokalariarekin lan egitea. Zalantzak neuzkan funtzionatuko ote nuen Realean, baina diziplinatua izan naiz beti, eta Toshackek agintzen zidana betetzen saiatu nintzen.

Galestarrak sistema berritzailea asmatu zuen zurekin...
X.B.: Ingalaterratik edo ez dakit nondik ekarrita, pibotearen postua ezarri zuen Estatuko ligan, bi defentsen aurretik jokatzeko. Konfiantza jarri zuen niregan, eta oso gustura jokatu nuen. Kazetariek eta zaletuek nigan jartzen zituzten begiak hasieran, zeharo harrituta!
Egia esan, Gorriz eta Gajate atzean edukitzen nituen eta egundoko laguntza ematen zidaten. Begiratu hutsarekin bagenekien nork zer egin behar zuen eta zer ez.

30 urterekin, erretiroa...
X.B.: Toshack Madrilera joan zen, eta Boronat eta Iriarte heldu ziren; nirekin ez zutela kontatzen esan zidaten. Orduan Cadizetik eskaintza jaso arren baina ezetz erantzun nuen. Familia jada hemengo bizimodura egokitua zegoen, eta gainera, uste nuen Cadizen eman ezingo nukeena exijituko zidatela.

Lehen mailako futbol jokalariak errentetatik bizi omen zarete...
X.B.: Ni behintzat ez nintzen aberastu. Astelehenetik larunbatera lanean jarraitzen dut taberna batean.

Esan ohi da, halaber, fama ezagutu ostean, kolpe latza hartu ohi dutela jokalari askok fama edukitzetik pertsona arrunta izatera pasatzen direnean...
X.B.: Nik ez dut sentitu halakorik, sekula. Badira, bai, kosta egiten zaienak bizimodu berrira moldatzea. Profesionala izan nintzen garaian, denboralditik denboraldira galdera berbera egon ohi nion nire buruari: “aurten jokatuko al dut?”. Borroka egin beharra zegoen egunero, zera! Nire burua ez nuen izar baten antzera ikusi sekula, nahiz eta Arkonada, Zamora, Lopez Ufarte eta horien ondoan jokatu. Ni kontziente izan nintzen beti-beti, futbolak bi klaseko jokalariak behar dituela: izen handikoak eta langileak, eta neu bigarrengo taldekoa nintzela.
 
Kalean ezagutzen al zaitu jendeak?
X.B.: Batzuk bai! Badira iraganeko minez bizi direnak, hasten zaizkizunak esanez garai haietako jokalariak zirela arrazakoak, ez oraingoak. Niri poza ematen didatenak, tarteka identifikatzen nauten gaztetxoak dira; garai haiek ezin izan zituzten bizi, baina nola edo hala badakite ni ere tartean nintzela!

Aspaldiko partez, Andoaingo gazte bat Realera iritsi da. Nola ikusten duzu Gaztañaga?
X.B.: Ongi! Hankak lurrean dauzka, eta badaki zertan dabilen. Zelaian lekuari ongi eusten dio, baloia ongi babesten daki. Eta gauza bat ikusten diot bikain egiten duena: inoiz ez du baloia  galtzen. Hori ez da txorakeria, e! Estrategiak, sistemak eta nahi dituzunak geroz eta konplikatuagoak izango dira futbolean, baina zera izango da oinarrizkoa: baloia lagunari ematen badiozu, eta lagun horrek ere hirugarren bati ematen badio, taldea izango da beti baloiaren jabe. Ez duzu aurkarien beldur jokatu beharko.

Zure eskarmentuaz baliatuta, zerbait aholkatuko al zenioke?
X.B.: Erraza da kontsejuak ematea... Ezer esatekotan, esango nioke lan eta lan egin dezala eta pazientzia eduki. Hori bai, ez ahazteko futbolaz gain bizitza badagoela. Alde horretatik, orain ikusten zaion mutiko umil eta normala izaten jarrai dezala, betiko moduan lagunekin-eta kalean egin dezala bizimodua.
Dohainak badauzka, eta etorri behar zaiona etorriko zaio. Suerte pixka bat edukitzea (lesioekin batez ere), horixe da bere eskuetan ez dagoen gauza bakarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!