Poxta Zahar taldeak hamaika hitzordu antolatu ditu aurtengo Sanmieletarako. Irailaren 25etik 30era bitartean izango dira ospakizun horiek eta mota guztietako ekintzak prestatu dituzte; tortila lehiaketa, futbol partidak, kontzertuak, bertso saioa…
Lehengo urtekoari jarraituz, aurten berriro olinpiadak egingo dituzte, eta egunero proba ezberdinak egingo dituzte. Proba errazak eta edonork parte hartzeko modukoak dira, eta horien artean bereziena, kamasutra proba: “Postura ezberdinetan bi pertsonek urezko globo bat erdian jarrita, hautsi egin beharko dute”, azaldu dute. Dena den, berrikuntzarik nabarmenena lehenengo egunean etorriko da. Izan ere, txoznen irekieran, ostegunean 19:30ean, asanbladak antzerki bat egingo du. “Festetako berrikuntzarik nagusiena antzerkia izango da. Gaztetxearen alde lanean gabiltzanez, nahi hori aldarrikatzeko antzerki bat prestatu dugu. Herrian topatzen diren talde ezberdinak; kirolariak, musika taldeak eta, azken batean, herriko hainbat eragileren bitartez, asanbladako bilerek sortu duten herri mugimendua irudikatuko dugu”, azaldu du Xuban Zapiainek. Poxta Zaharreko gazteek herria pizten ari dela diote. Urtean zehar antolatzen dituzten ekintza potenteenak Sanmielak izan arren, urtean zehar antolatutakoak ere indarra hartzen doazela azaldu dute. “Herriko festez gain, gazte festak eta inauteriak ere antolatzen ditugu. San Silbestre lasterketa ere lehengo urtean egin genuen lehen aldiz, eta nahiko itxuroso atera zenez, aurrera jarraituko dugu horrekin”. Izaskun Labatek dioenez, orain arte Sanmieletan jarri dute arreta, baina gauzak aldatzen hasi dira: “Orain arte horretan zentratu gara, baina herria pizten hasi da. Inauteriak indartzen hasi dira, udan ere ekintza ugari egin dugu… Geroz eta ekintza gehiago egiten dugu eta horretan jarraituko dugu”. Lehengo urtean hamar urte bete zituen taldeak eta belaunaldi aldaketa baten bidez, orain lanean dabiltzan gazteek hartu zuten lekukoa. “Gazteak badaude herrian, nahiz eta batzuk ezkutuan egon, eta bazen garaia iniziatiba guk hartzeko. Egia esan, indartzen goaz eta alde horretatik pozik gaude”, dio Zapiainek. Gainera, Gaztetxea lortzeko borrokan ari dira. Udaletxeari proiektua aurkeztu diote eta beraien erantzunaren zain daude. Gazte hauen helburua ekintza ezberdinak eginez herria piztea da. Gauzak horrela, taldea pozik dago eta orain, Sanmieletako gogoz daude gazteak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!