Euskara ikasteko aukerak, esku eskura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 24a, 19:24

Euskara ikasteko matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, Selfie lehiaketa aukeztu zuten Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko euskara zinegotziak, Arantza Aguado euskara teknikariak eta AEKko Kris Bernal eta Jaione Rodriguez irakasleek.


“Euskara ikasteko aitzakiarik ez dago. Inoiz baino dirulaguntza gehiago ematen da, eta egoera ezberdinak kontuan hartzen dira”. Hitz horiekin herritarrak euskara ikastera animatu nahi izan zituen Ainara Rodriguez euskara zinegotziak.
Rodriguezek eta Kris Bernal Andoaingo AEK euskaltegiko irakasleek aurtengo matrikulazio kanpanaren berri eman zuten, joan den ostiralean. Euskararen ikasketan murgildu nahi duenari, Udalak ematen dituen dirulaguntzez gain, AEKk eskaintzen dizkion aukera anitzen inguruko xehetasunak azaldu zituzten.
Rodriguezen esanetan, “hogei mila euro bideratuko dira aurtengoan. Ondo inbertitutako dirua da eta pixkanaka handitzen doan kopurua da. Orain arte, 81 pertsonak jaso dituzte dirulaguntza horiek”.
Hain zuzen, ikastaro arruntetan eta trinkoetan ordaindutako matrikularen %50ekoa da dirulaguntza; autoikaskuntzako ikastaroetan, berriz, ordaindutako matrikularen %50erainokora irits liteke. Bestalde, %100ekoa izan daiteke ikaslearen familiaren egoerak zenbait baldintza betetzen baditu (diru sarrerak, e.a.).
Andoaingo Udalaren web orrian irakur daitezke, ondo zehaztuta, bete beharreko baldintzak. Aukera ugari ematen dizkio web orri horrek klikatzen duenari; besteak beste, ikasleak zein maila duen ikus dezake bertan dauden froga ezberdinen eskutik.
Kris Bernalek iazko ikasturteko datuak azaldu zituen: 135 ikaslek parte hartu zuten klase presentzialetan. Mintzalaguna programan 12 talde osatu ziren; Guraso Laguna-k bost talde eduki zituen, zer pentsatua ematen duen hogeita bi emakumek osatu izanaren datuarekin. Azkenik, bi guraso talde jarri ziren abian 18 ikaslerekin (haurrei begirako euskararen transmisioa bultzatzen duen programa da hori). Arrakastatsuak suertatu ziren hiru programak iaz, eta horiekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu zuten.  
Ikasturte hasierako festa ere iragarri zuten prentsaurrekoan. Urriaren 4an izango da, Bastero plazan, eguardiko 12:00etan hasita. “Antzerkiaren eta musikaren laguntzaz, ondo pasatzeko tartea hartuko dugu”, esan zuen Kris Bernalek.
Azkenik, bigarren ekintza osagarri bat jakinarazi zuten: selfie lehiaketa hain zuzen. Mintzalguna eta Guraso Laguna programetan parte hartzen dutenei zuzendua dago. Epamahaia ikasleek osatuko dute, eta originaltasuna hartuko dute kontuan. Urriaren 31n jarri dute epea, argazkiak helerazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!