Ostegun arratsaldean San Juan plazan direnei begira, jaien hasierako suziria zerurantz joango da. Pausoka elkarteko kideek emango diote aurten jaiei hasiera ofiziala. Hortik aurrera, dozenaka hitzordu iragarri dituzte datozen bi asteburuetan. Giroa berotuz joan da, beste urteetan bezalaxe, jaien atariko sortarekin. Horietako gehienak aurreko larunbatean burutu ziren: Gazteen herri kirol desafioa, danborrada edota Buruntzantzan batukada taldearen perkusio soinuek Sanmielen giroa ekarri zuten Urnietako kaleetara. Jaiak bete-betean asteburu honetan sartuko dira, bereziki, jaien ikur nagusietakoa elizaren kanpai dorretik jaisten denean. Miela da ikur hori, zein bestela? 2010ean Poxta Zahar gazte taldearen ekimena izan zen Mielaren irudia sortzea, eta 2011ko jaietatik hona festazale guztien ikur bilakatu dela esan daiteke.
Aurtengoan Euskal Herri osoko jaietan errespetuzko giroa sustatzeko eta emakumeenganako eraso sexistak saihesteko sentsibilizazio kanpaina bereziak egiten ari dira. Zentzu horretan, urnietar gazte taldeari aitzindaritza papera aitortu behar zaio. Giro narratsa sortzen dutenei aurre egite aldera, Potxa Zahar taldekoek Miela aurkeztu zuten 2010ean. Hemerotekara joz, horrela aurkeztu zuen bere burua: “Jai herrikoi, parekide eta parte hartzaile batzuen alde, jantzi koloretsuak soinean, irribarretsu eta jaiak alai pasatzeko gogoarekin egin zuen aurkezpena Mielak”.
Urnietako Udalak aurten, gainerako udalerrietan egiten ari diren bezala, balore horiek indartu nahi ditu emakumeenganako jokabide traketsak saiheste aldera.
Urnietako jaien indarraldian ezinbestekoa izaten ari da herri eragileen parte hartzea. Egape dantza taldea, Poxta Zahar, Denda Berri edota Iñistorra askoren artean aipa daitezkeen herriko taldeak dira. Denen ekimenarekin egitarau oparoa osatzen ari dira azken urteotan.
Ospakizunak San Juan plazan eta inguruan izango badira ere, jaiak herrigune osoa hartuko du. Eta alde horretatik auto gidariek edota autobusaren erabiltzaileek adi ibili beharko dute. Datozen bi larunbat arratsaldetan, adibidez, Idiazabal kalea itxita izango da. Ibilgailurik ez da bertatik pasako eta bus geltoki bakarra Zabaletakoa izango da. Auto gidariek autobidea erabili beharko dute herrira sartu edota herritik irteteko. Jaien aurkezpen ekitaldian Mikel Pagola alkateak pazientzia eskatu zien jaietan errepide mozketak edota auto ilarak pairatuko dituzten gidariei. Jaiak behar bezala igarotzeko sortzen diren zeharkakako eragozpenak dira horiek.
Herritarren gehiengoak, ordea, herrian bertan egotearen aldeko erabakia hartuko du. Oinez, eta ibilgailua hartu gabe, ospakizun guztiak esku-eskura egongo dira.
Andoaindik edota inguruko herrietatik geturatuko direnen interesekoak izan daitezke asteburu honetarako iragarritako kontzertuak. Txosnagunean ostiralean zuzenean arituko dira Kaotiko eta Glaukoma taldeak. Larunbatean, berriz, Los zopilotes txirriaos eta Bad Sound System. Ostegunetik aurrera, jaia nagusituko da Urnietan.