Zorionak zuri, Pilar Garaiburu!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 14:53

Pilar Garaiburu Beloki billabonatarrak 100 urte beteko ditu irailaren 24an. Sasoiko eta arin mantendu da, oinez ibiliaz.

Kale Nagusian jaio zen Pilar 1914 urtean. Sei anai-arrebetan gazteena. Billabonatarra zuen aita, larrauldarra ama. Etxean euskara hutsez egiten zuten, “mojen ikastetxean ikasi nuen 3 urtetatik 14ra bitartean. Han ikasi nuen errezatzen, zenbatzen edota erdaraz hitz egiten. Etxean ahizpekin erdaraz hasten nintzenean, errieta egiten zigun aitak”, azaldu du atzera eginez. 15 urte zituela sastrerian hasi zen lanean eta urte luzetan aritu zen joskintza lanean ahizpa eta koinatarekin batera, “plazaren ondoan zegoen sastreria, lehengo Behar Zana elkartearen parean. Igande eta festa egunetarako trajeak josten genituen, baita ezkontzatarako ere. Izugarrizko traje piloa”. Trajeak josteaz gain, pantalonerei galtzak josten ere erakusten zieten sastrerian. Gustuko lana izan zuen, baina jostunaren lana ondo ordaindu gabeko lana dela uste du, “ordurik gabe lan egiten baita”.

Oroitzapenak
Lana gogotik egin arren, festarako tarteak aurkitzen ere saiatzen ziren gazte garaietan. “Igande goizetan, 08:30etan elizatik ateratzen ginenean, txistulariek herriari buelta ematen zieten txistua joz. Arratsaldetan ttun-ttuna izaten zen plazan. Plazara joaten ginen arren, ni ez nintzen sekula dantzaria izan; guri ez ziguten dantzan egiten erakutsi. Gainera, oso zorrotzak ziren orduan: ezin zen agarratuan dantzarik egin eta mojek bezperak abestera eramaten gintuzten igande arratsaldetan merienda hartuta. Bestela, maiatzeko igandetan neskak aingeruz jantzita, loreak botatzen genizkion Amabirjinari. Oso polita izaten zen hura. Aste Santuan prozesioan ibiltzen ginen, lurra petaloz apainduta zegoela”, gogoratu du.
20 urte pasatxo zituela ezagutu zuen 1936ko gerra. Oso urte gogorrak izan zirela adierazi du, “guri ez ziguten ezer eta inor hartu, baina errazionamendua ezagutu genuen. Gogoan dut nola Amasan eta Fraisoron kainoiak jarri eta izugarrizko beldurra pasa genuela. Aita bakarrik geratuta, amarekin Asteasura joan ginen lehengusu batengana. Bueltan etorri ginenean, gure etxearen gainean bizi zen bizilagunarekin egin genuen topo eta poz handia hartu zuen gu ikustean. Egun gutxira, mutil hura hartu eta Amasako hilerrian hil egin zuten. Gaixoa! Izugarrizko kolpea izan zen, ez genuen inondik ere halakorik espero”.

Geldirik ez
Egun, ohetik jaiki edota janzteko bakarrik moldatzen da Pilar. Emakume arina da, “aita oso fuertea izan genuen; gaixotutakoan botikarik hartu gabe sendatzen zen, baina ez zen 100 urtera iritsi. Nik ere ez dut botikarik hartzen eta fin jaten dut: pureak eta konpota, bereziki. Arrain eta haragirik ez. Edateko, ura eta esnea. Asko gustatzen zait esnea. Ez dut kaferik hartzen, bestela ere nahiko urduria naizelako”. Elikadura zaintzearekin batera, osasuntsu mantentzeko garrantzia handia ematen dio oinez ibiltzeari: “Horretan saiatu naiz eta arin sentitzen naiz. Eguraldi onarekin egoitzaren kanpoaldean ibiltzen naiz”, argitu du. 35 urte daramatza Santio egoitzan bizitzen. “Bakarrik eta berogailurik gabe bizi nintzenez, hotzagatik etorri nintzen hona. Garai haietan pobrea zen egoitza, baina hotela dirudi orain, berri-berria. Telebista ikustea baino, periodikoa irakurtzea gustatzen zait eta egunero irakurtzen dut. Meza denean, mezetara era jaisten naiz, baina gainerakoan, nire kabuz ibiltzea gustatzen zait. Ez dut egoitzako ekintzatan parte hartzen, nahiago baitut oinez ibili. Medikuak eserita ez egoteko esan zidan behin eta kasu egiten diot nik; ez naiz geldirik egoten”.
100 urte betetzen dituen Santio egoitzako hirugarren emakume billabonatarra da Pilar. Herrian oso ezagunak ziren Segunda Elola eta Esperanza Rouget-Vigneauxek ere bete zituzten aurrez. Irailaren 24an ospakizun eguna izango dute egoitzan: Besteak beste, meza, ekitaldi instituzionala, gonbidatuekin bazkaria, umeen festa eta kontzertua. Zorionak Pilar eta eutsi sasoiari!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!