Betidanik aritu izan da Jose Luis Segurola esnetan: “Etxean ezagutu dut lanbide hau, eta mutil-koskorretan hasi nintzen, ahal nuen neurrian laguntzen. Pixkanaka-pixkanaka ardura handiagoak hartzen joan nintzen. 1999an gure etxean lanean aritzen zen txoferrak erretiroa hartu zuen eta nik ekin nion lanbideari buru-belarri”.
Zaldia eta gurdia, errentan
Errentan hartutako zaldia eta gurdiarekin hasi zen Jose Luisen aitona zena esnea jasotzen. “Jose Luis zuen izena nire aitonak. Itturriondokoa zuen emaztegaia eta esnea jasotzen lan egiteko aukera suertatu zitzaien. Ez zuten horretarako azpiegiturarik, baina aurrera egin zuten. Zaldia eta gurdia errentan hartu, eta lanari ekin zioten. Herriko baserrietako esnea jaso, eta Zizurkilera eramaten zuten. Garai hartan, noski, ez zen Gurelesa eta horrelakorik, eta Fraisorora bideratzen zen inguru hauetako esnea. Gerra aurreko kontuak dira horiek. Baserri asko pasatzen zuen aitona zenak egunero, eta litro kopuru txikia jasotzen zuen haietako bakoitzean; batean sei litro, bestean hamar... Nik bederatzi urte nituela hil zen aitona eta aitak hartu zuen lekukoa, gidari baten laguntzarekin. Ondoren, nik eutsi nion”.
Marmitak
Ondo gogoan ditu esnea marmitetan garraiatzen zituzten urteak: “Donostiako Igara auzoan zegoen orduan Gurelesa. Berrogei litroko marmitak banaka-banaka hustutzen genituen zinta batera. Ehun marmita garraiatzea izugarria iruditzen zitzaigun eta ez genuen 4.000 litro esne besterik eramaten. Baserrietan esnea hozteko tankeak jartzen hastea izugarrizko aurrerapena izan zen; bai guretzat, baita baserritarrentzat ere”.
Eguna argitzerako
Goizeko 03:45etan ateratzen da errepidera Jose Luis egunero-egunero. “Baserriz baserri esnea bildu eta Urnietako zentralera eramaten dut. Egunean bi edo hiru bidaia egiten ditut, egokitzen zaidan zonaldearen arabera. Goizean goiz mugitzen naiz, modu horretan baserritarrak behiak jeztera iritsi aurretik biltzen baitut esnea”.
Jetzialdiak errespetatuz
Goizean oso goiz iristen da baserri askotara: “Ukuiluko ateak zabalik izaten dituzte edo, itxita dauden kasuetan, giltzen kopia izaten dut. Tankeko esne kopurua neurtu eta kamioiko tutua eransten diot, esnea jaso dezan. Amaitzen duenean, tankea garbitzen jarri eta martxa egiten dut. Modu horretan, baserritarra ukuilura etortzerako, tankea hutsa eta garbituta izaten du, goizeko jetzialdiari ekiteko prest. Bigarren bidaia, ordea, goizeko jetzialdi hori amaitu ondoren egiten dut. Bidaiak ondo antolatuta dauzkat, inor behiak jezten ez harrapatzeko”.
Baserri handiagoak
Baserri kopurua jaisten ari dela nabaritu du Jose Luisek bere lanbidean: “Baserri gutxiago dago, bai, baino esne kopurua ez da jaisten. Ustiaketa kontzentratzen ari da. Garai batean, ia etxero joaten ginen esnea biltzera eta kamioiko zisterna betetzeko, berrogei baserri baino gehiago pasa behar izaten genituen. Gaur egun, zenbait bidaiatan, hiru baserritako esnearekin betetzen dut zisterna”. Baserri txikiak geroz eta urriagoak dira: “Hurrengo belaunaldiek ez dute lekukoa hartzen eta jendea adinean aurrera doan heinean, uzten joaten da”.
Udan, esne gutxiago
18.100 litro hartzen ditu Jose Luisen kamioiak: “Horrek ez du esan nahi, noski, beti betetzen dudanik. Uda garaian, esaterako, asko jaisten da esne kopurua. Beroarekin, ganaduak gutxiago jaten du eta baita esne gutxiago eman ere. Nire kalkuluen arabera, neguan, ekoizpena altuena den garaian, udan baino 9.500 litro esne gehiago jaso ditzaket bi egunez behin”.
Aldaketak
Esnezaleen lanbideak, beste askoren antzera, aldaketa handiak izan ditu azken urteotan, eta Jose Luisi barru-barrutik ezagutzea egokitu zaio: “Ez zaigu iruditzen, baina pixkanaka, gauzak asko aldatzen joan dira urteen poderioz. Esaterako, baserrietara doazen bideak asko hobetu dira. Garai batean ez zen asfaltatutako biderik baserri askotara iristeko eta zulo galantak egoten ziren bidean. Poliki-poliki ibili behar izaten genuen. Aurrerapen handia izan da guretzat baserrietako bideak hobetzen joatea”, aipatu du.
Marmitekin lan egiteko garaiak ere amaitu ziren Jose Luisentzat. “Garai batean marmitetan egiten genuen esne garraio guztia. Duela hogeita bost urtetik aurrera, ordea, baserri guztietan esne-tankeak jartzen hasi ziren, eta marmitak desagertzen joan ziren. Egun, oraindik ere bada marmitak erabiltzen dituen baserritarren bat, baina niri ez zait bat bera ere biltzea egokitzen”.
Kalitatea eta profesionaltasuna
Esneak pasatzen dituen kontrol zorrotzak hartu ditu ahotan Jose Luisek. “Baserri guztietan, egunero hartzen ditut esnearen lagin edo muestrak. Urnietako zentralera iristen naizenean, langile batek jasotzen ditu lagin horiek guztiak eta analisi ezberdinak egiten dizkiete. Ezin dut kamioirik deskargatu analisi guztiak ondo atera direla ziurtatu arte”. Jose Luisen kamioiaren zisterna, zati ezberdinetan banatuta dago: “Hiru departamentu ditu. Modu horretan, laginen batean arazoren bat ikusten badute eta esnea ez bada kontsumorako egokia, ez da kamioika osoa bota beharrik izaten; zisternaren zati horretan dagoena besterik ez”. Nolanahi ere, horrelakoak oso gutxitan gertatzen direla azaldu du Jose Luisek: “Baserritarrak oso profesionalak dira egun. Ikastaro asko egiten dute eta oso ongi dakite behiak eta esnea nola zaindu. Kalitate aldetik, eskakizun handiak bete behar dituzte, eta horretarako, oso fin ibili behar izaten dute lanean. Esaterako, oso argi ibili behar dute antibiotikoa hartzen ari diren behien esnea tankera ez nahasten. Hori ez da lan erraza ehundik gora buru izan, eta egunean bi jetzialdi egiten duten baserrietan. Tentu handiz ibili behar dute”.
Garai berriak
Ordenagailua eta inpresora ere baditu Jose Luisek esnetako kamioiean. “Baserri bakoitzeko esnea zisternako zein zatitan kargatu dudan, zenbat litro hartu ditudan..., zenbait datu biltzen dut eta bi kopia inprimatzen ditut; baserritarrarentzat bat eta esne-zentralerako beste bat. Ordenagailuan gordeta geratzen dira datu horiek guztiak, eta esnea Urnietan hustutakoan, zentral batera bidaltzen ditu ordenagailuak. Gure aitonaren garaitik, guztiz aldatu da lanbide hau”.
Lan-egunari amaiera emateko, kamioiaren zisterna buru-belarri garbitzen dute esnezaleek. “Sistema automatiko baten bidez garbitzen da egun, ur beroarekin eta sosarekin. Egunero egiten dugu prozesu hori eta astean behin, baita azidoarekin ere. Garbitasuna ikaragarri garrantzitsua da edozein elikagai garraiatzeko garaian”, azaldu du Jose Luisek.
Izotza eta elurra
Neguko eguraldi hotz eta ilunetan, komeriatan ibiltzea egokitu zaio behin baino gehiagotan Jose Luisi. Zenbait baserrietara iristeko bide aldapatsuek kezka sortzen diote eguraldi petrala egokitzen denean: “Izotza, elurra, bustia..., hasiera tristeko goizak izaten dira neguan. Eskapadaren bat edo beste egin izan dut, eta baita izotzaren eraginez zartakoren bat hartu ere. Eguna zabaltzen hasi aurretik ekiten diogu lanari, eta neguan, horrek badu bere arriskua. Tarteka, gauean elurra edo izotza egingo duela aurreikusita, aurreratu izan dut esne bilketa. Bezperan, afalondoren abiatu eta kamioia kargatuta uztea izaten da onena horrelakoetan”.
Lotura
Urteko 365 egunetan egiten du lan Jose Luisek: “Horixe izango da lan honen gauzarik txarrenetakoa, lotua dela. Esnearen zikloa ezin da moztu eta oporrak egin nahi badituzu, beste norbaiti eskatu behar diozu zure lana egin dezala. Nolanahi ere, abantaila handi bat ere badu; badakit egunero zer egin behar dudan. Hori ez da batere ohikoa garraiogintzan ari zarenean. Horrenbeste urtez lan honetan ari naizenez, sortzen joaten diren arazoak ere ondo ezagutzen ditut, eta irtenbideak bilatzeko modua moldatzen dut”.