Martxan da ikasturte berriko ikastaro eskaintza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 13:50

Ikasturte berriari hasiera emateko, haur zein helduentzako ikastaro sorta prestatu du Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak.

Hiru urtetik hasi eta Lehen Hezkuntza amaitu bitarte, ikastaro ezberdinak dituzte aukeran Adunako haurrek. Euskal dantza, kirola ezagutuz, kenpo eta ingelera; horixe ikasturte berrirako prestatutako ikastaro zerrenda. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko Itsaso Gonzalezek eman ditu azalpenak: “Iazko eskaintzaren haritik etorriko da aurtengoa ere. Ikastaro arrakastatsuak dira eta horiei eustea erabaki dugu. Kirola ezagutuz ikastaroak du harrerarik beroena. Adin ezberdinetako haurrak elkartzen dira, berdin neskak eta mutilak, eta saltsa polita sortzen da”.

Ikastaro bat, hiru kirol
Urrian jarriko dute martxan ikastaro sorta. “Kirola ezagutuz ikastaroak hiru kirol ezberdin uztartzen ditu. Txirrindularitza, irristaketa eta atletismoa. Hiru hilabetero kirola aldatzen dute eta gaztetxoei izugarri gustatzen zaie. Irristaketak du, zalatzarik gabe, arrakastarik handiena. Bost eta hamabi urte arteko haurrek dute izena emateko aukera. Astelehen arratsaldetan, 17:00etatik 18:00etara pilotalekuan elkartu, eta gustura aritzen dira”, azaldu du Itsasok.  
Dagoeneko badira lauzpabost urte kenpo ikastaroa antolatzen hasi zirela. “Guraso talde batek eskatuta jarri genuen martxan. Ordurako, Anoetan eskaintzen zuten kenpo ikastarora joaten hasia zen herriko zenbait haur, eta froga egitea erabaki genuen. Kenpo elkarteko kideekin harremanetan jarri, eta ikastaroa martxan jarri genuen. Oso gustura joaten dira haurrak. Asteazkenen arratsaldetan, Elordi plazako etxabean elkartzen dira”.

Asmo berriak
Euskal dantzak ikasteko aukera ere eskaintzen du Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak. Hala azaldu du Itsasok: “Aurten ahalegin berezia egingo dugu euskal dantzen taldeari indar handiagoa emateko. Talde bakarra daukagu momentuz, eta aurrera begira, bigarren taldea ere sortu nahi genuke, hasiberriekin. Hiru urtetik aurrerako umeek dute izena emateko aukera eta oraindik ikusgai dago bigarren talde hori sortu ahal izateko behar dugu haur kopurura iritsiko garen edo ez. Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeko kide bat etortzen da irakasle lanak egitera eta oso gustura aritzen dira dantzan haurrak”.

Ingelera
Haur eta gaztetxoentzako ingelera ikastaroak ere jarraipena izango du aurtengoan. Bi talde antolatzen dituzte, “mailaren eta adinaren arabera. Ostiraletan, 16:30etatik 17:30etara aritzen dira lau urtetik sei urte bitartekoak eta 17:30etatik 18:30etara Haur Hezkuntzako bigarren eta seigarren maila artekoak”.

Helduen ikastaroak
Helduentzako ikastaroen eskaintza ere mantendu egingo dute aurten: “Pilates eta aerobic egiteko aukera dute adunarrek. Guztira hiru talde sortu ditugu; bi pilates egiteko, eta beste bat aerobic egiteko. Pilatesen kasuan, goizez edo arratsaldez egingo dira saioak. Astelehen eta asteazkenetan, 09:10etatik 10:10etara arituko da goizeko taldea, eta 17:30etatik 18:30etara arratsaldekoa”.

Izen-ematea
Oraindik ere zabalik da Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak prestatutako ikastaroetan izena emateko aukera. Itsaso Gonzalezek aipatu ditu horretarako dauden aukera ezberdinak: “943 693 930 telefono zenbakira deituta, Zizurkilgo Muñoa kalean dugun bulegora joanda, edota itsaso.aiztondo@udal.gipuzkoa.net helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea. Horrez gain, adunarrek bertako liburutegian aurkituko naute asteartetan 08:00etatik 13:00etara eta 17:30etatik 19:30etara eta ostiral arratsaldetan. Bertan jaso ahal izango dute ikastaroen inguruko informazio osoa”. Ikastaroen prezioak oraindik guztiz zehaztu gabe dauden arren, iazkoen haritik joango direla aipatu du Itsasok. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!