Irailaren 28an, hileko azken igandean ospatuko da Asteasuko azoka berezia. Urteroko moduan, herriko ganaduzaleek euren animaliak jarriko dituzte ikusgai; abere, behi, ardi, ahuntz..., denetarik izango da Ibargain baserri inguruko belazean. Esne-behien erakustaldia ere egingo dute eguerdian.
Plaza inguruan eta pilotalekuan, artisauen postuak izango dira ikusgai egun guztian zehar. Eguerdian, bi lehiaketa egingo dituzte pilotalekuan bertan. Azken urteotan martxan izan den arroz-esne lehiaketak indartsu dirau eta aurten ere egitekoa dute.
Bigarren edizioa
Iaz martxan jarri zuten lehiaketa bereziak ere izango du tokirik aurtengoan. Mikel Alkorta asteasuarrak eman ditu azalpenak: “Iaz egin genuen lehendabiziko aldiz kalabaza lehiaketa. Aspaldiko urteotan lagunartean egin izan dugu eta saltsa polita sortzen zen kontu horren inguruan. Haurrek ere gustura zaintzen zituzten kalabazak eta poza ematen zien egunetik egunera hazten ari zirela ikustea. Lagunartean egiten genuen lehiaketa hura azokako egunera zabaltzea polita izan zitekeela iruditu zitzaigun eta iaz jarri genuen martxan. Aurten, errepikatu egingo dugu”.
Aspaldiko ohitura
Kalabazak ereiteko ohitura handia izan da Euskal Herrian: “Neguan ganaduari emateko, oso ohikoa zen baratze bazterretan edo arto-soroaren alboan kalabazak ereitea. Azken urteotan behera egin du ohitura horrek. Iaz, seme-alabei aipatu genien lehiaketa egiteko aukerarena, eta berehala animatu ziren haziak ereitera. Hazi haietatik sortutako landareak banatzen aritu ginen aurrerago eta jendea parte hartzera animatu zen. Iaz dozena bat inguru aurkeztu zen lehiaketara”.
Ondartza-bitarte baserriko Iñaki Zubeldiak eramandako kalabaza izan zen iazko handiena. “74 kilo pisatu zituen. Kalabaza garaile haren haziak gorde nahi izan nituen aurtengo lehiaketarako, baina asko galdu egin ziren. Beste hazi batzuk erein genituen azkenean, eta haietatik sortutako landareak banatu genituen parte hartzera animatu zirenen artean”.
Landare banaketa
Baserriz baserri banatzen ibili ordez, dantzari egunean egin zuten aurten banaketa. “Etxe gehienetako jendea biltzen da plazan egun horretan, eta landareak banatzeko aprobetxatu genuen. Jende asko animatu zen etxean kalabaza landarea jartzera; ikusiko dugu horietako zenbatek ekarriko duen kalabaza lehiaketara. Zenbait baserritan, beraiek ereindako hazitik sortutako kalabazak ere badituzte. Haiek ere, noski, lehiaketara aurkezteko aukera izango dute. Ez dugu mugarik jartzen”, aipatu du Mikelek.
Mikel Alkortak azaldu duenez, ez da kalabaza urte ona aurtengoa: “Hezetasun handia izan dute udan, eta gaitza sartu zaio landareari. Kalabazak ondo egin gabe daude oraindik. Gure etxekoa, esaterako, ez da 30 kilotik pasako”.
Saltsa polita
Lehia sortzea baino, saltsa pixka bat jartzea da kalabaza lehiaketaren helburu nagusia. “Izatez, ez dago sari berezirik eta helburua ez da hori. Badakit, esaterako, gaztetxo koadrila bat ibili zela landare bila. Horixe da ekitaldi honen benetako helburua; jendearen artean, eta bereziki gazteenen artean, ilusio hori piztea. Baratzera joan eta kalabaza zainduz lurrarekin lotura hori sortzen joatea”.
Ahal izanez gero, norberak eraman behar du kalabaza pilotalekura azokako egunean. “Norbaitek ezingo balu, gu gerturatuko ginateke kalabaza jaso eta pilotalekura eramateko. Baina ahal den neurrian, norberak eramatea izango litzateke egokiena”.
Lagunartean
Mikelek eta bere familiak urte asko darama etxean kalabazak ereiten. “Lagunarteko lehiaketa egiten dugu urtero. Bakoitzak bere etxeko kalabaza eraman, pisatu eta elkarrekin bazkari bat egiten dugu. Umeek oso ondo pasatzen dute eta baita guk ere”.
Iraupena emateko gogoz sortu zen kalabaza lehiaketa: “Iazkoa oso ondo atera zen eta aurtengoa bide beretik joaten bada, jarraipena emango diogu. Erraz egiten den zerbait da eta jendeak oso gustura hartu duela dirudi. Kalabaza handi hauek ikusgarriak izaten dira eta azokako egunean ikusmina sortu zuten. Ikusiko dugu aurtengoa nola joaten den”.
Amaitzeko, kalabaza lehiaketan parte hartzeko deia zabaldu du Mikelek: “Etxeko baratzean kalabaza dutenak gonbidatu nahi nituzke azokara ekartzera, izan ere xarma eta saltsa polita sortzen baita lehiaketaren inguruan”.