“Benetako politika kaleko jendeak egin behar du”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 13:48

Imanol Lucero billabonatarra, ‘Podemos / Ahal dugu’ ekimeneko Gipuzkoako bozeramaileetako bat da. Euren apustuaren nondik norakoaz hitz egin du ondorengo elkarrizketan.

Wu-shuko kirolari eta irakasle bezala ezagutu zaitugu Villabonan bereziki. Orain Gipuzkoako ‘Podemos / Ahal dugu’ ekimeneko bozeramaile zabiltza. Nolatan abiatu duzu bide berri hori?
Betidanik izan dut iraultzaile sena, baina mugimendu txikiagoetan hartu dut parte orain artean, politikan sartu gabe: Andoaingo ‘Stop deshaucios’ plataformarekin lanean, elkarte errepublikarrekin monarkiaren kontra, dispertsioaren aurka, euskara eta Euskal Herriaren alde… ‘Podemos / Ahal dugu’ ekimena ezagutu nuenean, hasieratik erakarri ninduen bere lan egiteko erak; bere ideologia oso lotuta dago nirekin. Beti kexu agertzen gara besteek egiten dutenaz, eta horrexeagatik juxtu, ez kexatzeagatik, ez dut inork nire izenean politikarik egiterik nahi. Politika neronek egin ahal izateko pentsatu nuen ‘Podemos’en sartzea. Benetako politika kaleko jendeak egin behar du, beharrak eta arazoak ezagutzen dituenak. Idealak eta errespontsabilitate politikoa izan behar ditu bakoitzak. Gainerakoan, zein egoera utzi behar diegu gure seme-alabei? Ezin diogu politika egiteari utzi, bestela gure ordez egiten dute eta agerikoak dira emaitzak.

Wu-shua bizitza filosofia moduan definitu izan duzu. Zer diozu ‘Podemos / Ahal dugu’ ekimenaren inguruan?
‘Podemos’, sistema kapitalista eta oligarkiko honen aurkako erreakzioa da niretzat. Ez baita normala Euskal Herrian eta espainiar estatuan gertatzen ari dena. Biztanleei eskubide guztiak lapurtzen zaizkie. Lapurreta eta txikizio guztien aurkako erantzuna da gure ekimena. Erreakzioa.

Mugimendu berria da ‘Podemos’, herritarren artetik sortua. Zein helburu nagusi ditu?
Herritarren subirotasuna berreskuratzea. Hori da oinarria. Demokrazian, herritarren hitza errespetatzea da politika eta hori betetzen ez bada, niretzat ez da politikarik existitzen. Erabakitzeko eskubidea lortzea ezinbestekoa da pertsona nahiz estatu bezala. Guztiok eduki beharko genuke erabakitzeko eskubidea. Kataluiniako kasura etorrita, esaterako, nork esan behar du Kataluniak ez duela independente izateko eskubiderik? Ulertezina da. Hori kataluniarrek bakarrik erabaki behar dute; ez Espainiak, ez Europak, ez beste inork. Guk arlo guztietan giza eskubideak errespetatzea defendatzen dugu.

Europako aurtengo hauteskundeetan emaitza borobilak eskuratu zenituzten estatu mailan. Euskal Herriak, Gipuzkoak, Aiztondo bailarak zer nolako erantzun eman zioten zuen proposamenari?
Europako hauteskundeetan estatu mailan herritarrek gure alde egin zuten nabarmen, karteltxo batzuk soilik jarrita, bestelako propagandarik egin gabe. Euskal Herri eta Gipuzkoa mailan ere ez genuen hauteskunde kanpainarik egin. Jende askorentzat sorpresa izan zen Europako hauteskundeetan bost aulki lortzea.
Euskal Herri mailan 72.000 boto pasatxo izan genituen, Gipuzkoan 15.072 eta Aiztondo bailaran 467. Nire ustez, Euskal Herriko emaitzak ere ez dira txarrak, denok bai baitakigu EAJ eta EH Bilduren arteko bipartidismoak indar handia duela hemen eta bereziki, EH Bilduko boto-emailea oso fidela dela. Guk ez diogu inori ezer lapurtu nahi. Ni pertsonalki ezkerrekoa, komunista eta errepublikanoa sentitzen naiz, baina denetariko pertsonak gaude gure alderdian. Hemen gaude, beti laguntzeko prest. Gipuzkoan 250 kide ari gara lanean uneotan, lanez gainezka gabiltza, ezin iritsi.
Jendeak jakin dezala ez dugula txotxongilo izan nahi Euskal Herrian, politikan parte hartu nahi dugula. Lehen aipatu dudanez, erabakitzeko eskubidearen alde gaude eta ondorioz, Euskal Herriaren independentziaren alde edo kontra gauden galdetzen digutenean, norberak atera ditzala bere ondorioak. Guk politikan parte hartu nahi dugu eta parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

Non kokatzen dira Euskal Herria edota euskara ‘Podemos’-en baitan?
Euskal Herria funtsezkoa da guretzat. Euskaldunak gara eta euskaldun sentitzen gara. Euskal Herria maite dugu eta defendatu egin nahi dugu. Baina ez alderdi politiko bezala soilik, euskaldun sentitzen den edozein pertsonak bere herria maite baitu. Euskara, berriz, ez dugu Euskal Herri mailan bakarrik defendatzen. Madrilgo ‘Podemos’-en bitartez, euskara defendatzea eskatu dugu Europan. Gurea denez, guk euskararen alde egiten dugu eta euskara maitatu, sentitu eta hitz egin behar dela aldarrikatzen dugu, gal ez dadin. Euskararekin batera, noski, gainerako hizkuntza gutxituen alde ere egiten dugu.

Inkestek diotena bete eta Gobernurako alternatiba bihurtzen bazarete, zein premiazko aldaketa jarriko zenukete abian lehentasunez?
Lan asko dago egiteke: Etxe kaleratzeak gelditu, zorraren auditoria herritarra bideratu (ez baitugu zertan beste batzuek sortu duten zorra ordaindu behar), erreforma fiskala (IRPF gehiago eta BEZ gutxiago), herritarrei subirotasuna itzuli, benetako demokrazia lortzeko mekanismoak sortu herritarrei hitza emanez (erreferenduma, herri ekimen legislatiboak), politikaren kontrola eta gardentasun osoa, politika desprofesionalizatzea (herriaren onerako lan eginez eta ez norberaren poltsikoarentzat) edota ate giratorioak debekatu (politikan sartu eta enpresa pribatuetan amaitzen duen asko baitago tamalez oraindik ere. Debekatuta egon beharko luke horrek gure ustez)…

Villabona mailan, Palestinaren aldeko elkarreratzearekin bat egin zenuten joan zen uztailean. Aurrera begira, zein asmo duzue herriko ekimenei lotuta?

Palestinan gertatzen ari dena lotsagarria da, genozidioa. Eta egoera hori salatzeko kalean egon behar genuela pentsatu genuen. Giza eskubideak errespetatzen ez dituzten estatu edo pertsonen aurka egongo gara beti. Aurrera begira, oraindik ekimenik lotuta ez badaukagu ere, kalean gure agerpena indartu nahi dugu. Une honetan ‘Stop desahucios’ taldearekin elkarlanean ari gara eta euskararen aldeko edozein ekimenetan parte hartu nahi dugula adierazi genion Villabonako Udalari. Beharra duen jendearengana gerturatu nahi dugu eta horretarako, hitzaldiak antolatuko ditugu gure ekimena aurkeztuz.

Udal hauteskundeei begira, ‘Podemos / Ahal dugu’ alderdia Aiztondo mailan aurkezteko asmotan al da? Zerrendarik osatuko al duzue eskualdean?

Azaroaren 15ean, ‘Si se puede’ izeneko batzar garrantzitsua egingo du ‘Podemos’-ek Madrilen eta bertan erabakiko da hauteskundeetara aurkeztu edo ez, eta nola. Ordura arte ezin dut ekimenaren izenean ezer esan, baina pertsonalki, aurkeztu egin beharko genukeela uste dut; nire ustez, arduragabekeria politikoa litzateke ez aurkeztea.

Zein lorpen eskuratu nahiko zenukete etorkizunera begira?
Guretzat oso garrantzitsua da jendearengan politika egiteko gogoa esnatzea eta jendeari politika egiteko aukera duela jakinaraztea. Subiranotasuna berreskuratu beharra dago! Horretarako, ordea, lana egin behar da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!