Hamar urtez ingurugiroa zaintzea ardatz hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:35

Andoaingo ikasleak eta irakasleak ezinbestekoak izan dira azken hamar urteotan ingurumenaren aldeko ekimenetan. Eta Andoaingo Udalak eta ingurumen astea kudeatzen duen Eguzki Ihintza enpresak ondo gogoan izan zuten hori aurtengo Ingurumen astearen aurkezpenean. Haiek gabe nekez egin zitekeen aurrera. Ana Carrere alkateak meritu handia eman die, “kontzientzia hartzen garrantzia handikoak dira, baita diagnostikoak egiteko garaian ere. Goraipatu eta nabarmendu behar da lan hori. Ez da eskolako lan hutsa, Udalean kontuan hartzen dugu haiek egindako lana”.

Bideoa | Kronika:


Ingurumenaren aldeko apustua barneratzeko orduan, Andoainen nagusiki bi ekimen burutu dira 2004-2005. ikasturtetik hona: Eskola Agenda 21 eta Zuhaitzaren eguna.
Ikastetxean bertan tailerrak, lezioak eta ariketak landu dituzte Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan. Urteotan hizpide hartu izan dituzte ura, klima aldaketa, energia edota bioaniztasuna. Hori guztia helburu nagusi bat eskuratzeko: “Herriaren egoera hobetzeaz gain, ingurumenarekin arduratsuagoa izango den gizarte parte-hartzaile bat eraikitzea”.
Zuhaitzaren eguna belaunaldi guztientzat gogoan izaten den ekimena da. Eta azken hamar urteotan ehunka zuhaitz landu dituzte Idiazabal aldeko parajeetan edota Otietan. Besteak beste, haritza, pagoa, urkia, lizarra, gereziondoa eta elorria landatu dituzte.

Erakusketa eta filma
datorren astean zehar
Hamar urteotan egindako lana erakusketa batean laburbiltzen saiatu dira. Datorren aste osoan Basteron ikusgai izango da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Larunbatean, irailak 27, goizeko 10:30etatik 13:30etara ere zabalik izango da.
Erakusketa martxan dagoela, irailaren 25ean, “Baso galduak” dokumentala eskainiko dute. Dokumentalak, egileek diotenez, “gure inguruko basoek jasan duten eraldaketa kontatzen du, aro neolitikotik XXI. menderarte. Dokumental honek, tokian tokiko basogintzaz zenbait hausnarketa sustatu nahi du”.
 
MUGIKORTASUN
PLANAREN GARAPENA
Andoaingo alkateak agerraldian Mugikortasun planaren berri eman zuen. 2012an martxan jarri zen, urte ezberdinetan garatzeko. Bi helburu nagusi zituen: Oinezkoen joan-etorria sustatzea eta garraio publikoaren erabilera areagotzea.
Oinezkoen joan-etorria sustatzeko haurrak eskolara oinez joateko programak martxan jarri dituzte. 2013an abiatu zen programa hori.
Horri lotuta, joan-etorria errazteko irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea erabaki dute. Lehen fasean, adibidez, hobekuntza lanak egin dira: Sorabillako pasabidea, Txistokiko zebrabidea, eta Kaletxiki edota Kaleberrian aurki zitezkeen oztopoak desagertaraztea, etab.
Bigarren fasea 2015ean burutu nahiko lukete, zeinetan Karrikatik Goikoplazaraino doazen kaleetako oztopoak desagertarazi nahi dituzten.
Mugikortasun planaren bigarren helburua garraio publikoa hobetzea zen, eta hori nagusiki hiri barruko bus zerbitzuaren hobekuntzarekin etorri da. Ordutegiak eta geltokien kokapenak doitu dituzte denbora honetan. Alkateak herri barruko bus zerbitzuaren garraioa nabarmen igo dela adierazteko datuak erabili zituen: “Hiribusak 2011n 9.500 erabiltzaile zituen. Azken ikasturtean, aldiz, 16.463 bidaiari. Beraz, datua oso positiboa da”.

ETORKIZUN HURBILEAN, 30
KILOMETRO ORDUKO ABIADURA
Mugikortasun plana bere osotasunean garatzeko zeregin bakarra geratzen da. Herri barruko abiadura 30 kilometro ordura jaistea. Herri osoan ezarriko litzateke, eta horri helduko diote laster.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!