Aiurritar bat munduko pilota txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:32

Joan zen irailaren hamaikan eman zitzaion hasiera ofiziala 2014. urteko Munduko Pilota Txapelketari Mexikoko Zinacantepec hirian. Datorren igandera arte luzatuko den lehiaketan, Julen Loitegi urnietar gaztea ari da parte hartzen, trinketean. Domina eskuratzeko itxaropentsu dago, “mexikarrak izango dira gure areriorik gogorrenak, gainontzekoei irabazteko esperantza badugu”.

Munduko txapelketa jokatzen ari den gunetik bertatik Aiurri astekariak kronika jaso du erredakzioan. Horra, txapelketaren hasierari eta Julen Loitegiren parte hartzeari buruzko kontakizuna.

ZINAKANTEPEC
Zinacantepec hiria (168.000 biztanle) Mexikoko hiriburutik gertu dago, 70 kilometrora; Toluca (820.00 biztanle) hiri nagusiagoari urbanistikoki itsatsita. Itsasoko mailatik 2.660 metroko altuerako goi-lautada eder batean kokaturik dago.
Juan Fernandez izeneko kirol gune zabalean eraiki dituzte pilota jokoaren modalitate ezberdinetarako 6 pilotaleku berri, guztiak eraikin bakarrean, Munduko Txapelketa hau antolatu ahal izateko.

IREKIERA EKITALDIA
Joan zen irailaren 11n egin zen txapelketaren inaugurazio ekitaldi ofiziala. Ekitaldiko buru izan zen Eruviel Ávila, Mexiko estatuko gobernadoreak, ongi etorria eman zien txapelketan parte hartzen hari diren 350 pilotariri. Kirolari hauek, 18 herrialde ordezkatzen dituzte, Kanada, Estatu Batuak, Mexiko, Kuba, Guatemala, Costa Rica, Argentina, Brasil, Venezuela, Txile, El Savador, Peru, Nikaragua, Uruguay, Bolibia, Italia, Frantzia eta Espainia. Nahiz eta azken bi herrialde hauetako ia guztiak euskaldunak izan. Ekitaldiaren ondoren, txapelketako lehen partida jokatu zen zesta puntako modalitatean Frantzia eta Mexikoren artean.
Nabarmentzekoa da, ostegunean zehar jokatu behar ziren partidak bertan behera geratu zirela, frontoietako obrak guztiz amaitu gabe zeudelako. Hurrengo egunetan, atontze lanak amaituta, jokatu behar izan dituzte atzeratutako partidak.

JULEN LOITEGI
Ostegunean izan zuen Aiurrik Julen Loitegi urnietarrarekin hitz egiteko aukera. Pozik eta konpetitzeko gogoz zegoen. Pixka bat kezkatuta pilotalekuen obren atzerapenarekin, “hoteletik etorri gara partidak jokatzeko asmoarekin, eta hona iritsitakoan esan digute gaur ezin dugula jokatu”. Sasoi onean ikusten du bere burua “egun batzuk pasa ditugu Mexikoko hiriburuan, altuerara egokitzeko, eta ondo sentitzen gara”. Dominaren bat lortzeko aukerak ikusten ditu, “mexikarrak izango dira gure areriorik gogorrenak, gainontzekoei irabazteko esperantza badugu, baina, jokatu arte inoiz ez da jakiten”.

EUSKAL GIROA
Munduko Txapelketa honen inguruan nabarmena da euskal giroa. Herrialde askotako pilotarien abizen euskaldun ugarik hori dio. Frantzia eta Espainia ordezkatuz dauden euskaldunez gain, hitz egin ahal izan dugu euskaraz, Estatu Batuetako ordezkari batzuekin, eta Txileko beste hainbatekin. Txiletarrak ikurriña eta guzti agertu dira, eta beraien ordezkariren batek jokatzen duen aldiro, pilotalekuan kokatzen dute herrialdeko banderarekin batera. Xabier Etxeberriak eta Mikel Zuloagak euskara ederrean adierazi ziguten, Txilen dagoen hirugarren belaunaldikoak direla, eta Euskal Etxean ikasi dutela hizkuntza. “Gure artean badago hitanoa ere ikasi duenik”.
Adierazgarria da, baita ere, pilotalekuen atarian jarritako karpan, pantaila handi batean, aurreko urteetako txapelketen irudiak proiektatzen dituztela. ETBko irudiak dira, eta euskara hutsean entzuten dituzte bertaratzen diren 18 herrialdetako pilotari eta zaletuek. Eta bertan izan garenetan, ez dugu hitz txar bat entzun hizkuntza ulertzen ez dutenen ahotik.

KUBATARRAK
Kubak ordezkari ugari ditu txapelketako modalitate guztietan. Fisikoki ondo prestatutako kirolariak dira, eta animatzeko orduan herrialde zaratatsuena. Ostiralean izan ginen Kuba eta Argentinaren arteko trinkete partida ikusten. Kubatar jokalariek ez zuten animo faltarik izan, partidak iraun zuen denbora osoan, karrakekin egindako zarataz gain, unero olatuarena eginaz girotu zuten frontoia. Gu, argentinarren ondoan kokatu ginen, hauek isilik, alboan eserita zegoenak hankak gurutzatzerakoan egindako zarata izan zen beraiengandik entzundako guztia. Handik segundu pare batera akordatu ginen beraien hiriburuaz, Buenos Aires, nahiz eta, guk arnastutakoak izen hori merezi izan ez.

MEXIKO
Mexikok (120 milioi biztanle) urteko egunik garrantzitsuena asteartean (irailak 16) ospatu zuen. Independentziaren 204. urteurrena, hain zuzen ere. Herrialde berezia da Mexiko, eta noski, mexikarrak ere bai. Larunbatean frontoietatik hotelera eraman gintuen taxista da, diogunaren adibide. Bolantean bi besoen erdian harturik zeraman egunkari zabaldua, semaforo eta stopetan irakurtzeko. Eta hiri barruko 40ko abiadura mugari men egin gabe, 100 kilometroko abiaduran zihoan. “Tranquilo, que esto lo conozco bien”. “Aminora la velocidad o te rajo” esateko gogoa bai, baina, eskua poltsikora sartutakoan, han zegoen arma bakarra hoteleko gelaren giltza zen. Iritsitakoan, bizirik jarraitzen genuela ospatzeko, lurra muxukatu genuen.
Zinacantepec utzi aurretik Toluca inguruetako gozoki tipikoak diren alfeñikeak probatu genituen. Baita ere, laranjarekin egiten duten moskitoa. Hango patxarana. Lau graduazioetakoak dituzte,19, 25, 35 eta 45 gradukoak. Emakumeentzat, gazteentzat, gizonentzat eta amaginarrebentzat, hurrenez hurren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!