Guduaren irudien laminak salgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:24

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak salgai jarri ditu Andoaingo guduaren gertakizunak agertzeko Juan Luis Landa marrazkilariak egindako lau irudien laminak, tamaina handian, Andoaingo Stop, Ernaitza eta Delgado liburudendetan, Leitzaran Markoak dendan eta Arantzibia plazako Aiurriren egoitzan. Lau marrazki dira, 60 x 42 cm-koak, 1837ko irailaren 14an Andoainen izan ziren borroka latzak azaltzen dituztenak.

Aiurriko harpidedunak lau laminak 20 euroko prezioan eskuratu ahal izango ditu, 435. aldizkariaren azalaren ondoan doan txartela aurkeztuz gero. Aiurriko harpidedun ez denak, ordea, lamina bakoitza 8 eurotan ordaindu beharko du eta laurak batera 25 euro.

Lehenengo marrazkiak O’Donell jeneralaren agindupeko liberalen eta Uranga jeneralaren agindupeko karlistek Gurutze Santuaren elizatxoko zubian izan zuten talka azaltzen du, karlistek Zumeatik gogor erasotu ondoren, garrantzi handikoa izan zena hauek gudu hura irabaz zezaten Andoainen.

Bigarren marrazkian, Tours-eko San Martin elizan babesa hartu zuten soldadu irlandar eta eskoziarrak Ez da kuartelik su ematen dubenentzat!!! oihu artean nola aterarazi eta hil zituzten azaltzen da.

Hirugarren marrazkian, O’Donell jeneralak borrokan galdutako bi adarrekoa edo txanoa Goikoplazan isuritako odolak Kaletxikin behera arrastaka nola daraman ikus liteke, ahoz aho hori baita belaunez belaun iritsitako kondaira.
Laugarren marrazkian, berriz, karlisten zalditeriaren eta Hernanin zeuden ingelesenaren arteko talka ikus liteke, Idiazabal eta Aranaztegi baserrien inguruan gertatu zena. Zalditeria ingelesa ihesean zihoazen liberalak heriotza ziurretik babesteko egin zuten eraso, baita asko salbatzea lortu ere.

Adi, beraz, 435 aldizkariaren azalari lotutako eskaintzari.
Lau marrazki horien salmentarekin Bazkunak dirubilketa zabalago bati ekin nahi dio 2015eko irailaren 14an Andoaingo Gudua antolatu ahal izateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!