David Gutierrez, arrastoa utzi zuen irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:19

Andoainen egin zituen 13 urteei esker arrastoa utzi zuen David Gutierrez irakaslea irailaren 3an hil zen Valladoliden. Gizarte justu baten alde jardun zuen, eta makina bat adiskide utzi zituen herrian 1979an joan zenean.

Andoain utzi eta Valladolidera bizitzera zihoala eta, Santa Krutz elkarteko kideek agurreko ekitaldia prestatu zuten egoitzan bertan.  Gutierrezen adiskide izan zen Eloi Artolazabal irakasleak adierazi duenez, “adiskide ugari egin zituen Andoaingo 13 urtetako bizialdian; izugarri estimatzen zuten, eta elkartea lepo bete zen ekitaldi hartan. Ekitaldian zehar, txapela oparitu genion. Txapelak zeraman leloak nahiko ondo laburbiltzen du gizonaren nondik norakoa: “Irakasle adiskide eta euskeraren lagunari… Andoaindar lagunak”.
Harrezkero, noranahi zihoala ere, harro erakutsi zituen txapela zein leloa, Fernando Gutierrez, Daviden semeak aitortu duen bezala.

Hezkuntzan, ekintzailea
David Gutierrez Laso, Villaeles de Valdavian (Palentzia) jaio zen 1930ean, eta gaztetan irakaskuntzako ikasketak egin zituen. 1966an, Palentziako Espinosa herriko irakaskuntza utzi eta Ondarreta ikastetxera heldu zen, matematikako irakasle gisa.
Berak bultzatuta, ikastetxeko lehen hezkuntza kontseilua osatu zen Ondarretan. Bizirik zen erregimen frankista oraindik, baina Davidek gogor egin zuen eskola organo hori ahalik eta demokratikoena eta partehartzaileena izan zedin, irakasle, guraso zein ikasleen partehartze aktiboaren eskutik.   
Aldi berean, euskalduntze prozesua abian jarri zuen ikastetxean. Artolazabalek gogorazi duenez, “euskara eskola publikoetatik erabat kanpo zegoen garaiak ziren. David kanpotarra zen, baina sentibera agertu izan zen euskararekiko. Beti saiatu izan zen euskaraz zekizkien hitz gutxi horiek ahoskatzen. Aldeko jarrera hori zela medio, berak hezkuntza delegaritzari eskatuta etorri ziren lehenbiziko euskara irakasleak Andoainera. “Idoneos” deitzen zitzaien irakasle horiei”.
Ausarta eta aurrerazalea izan zen David Gutierrez, halako pausoa emanez frankismoaren zutabe ideologikoa izan zen ikastetxe publiko nazionalaren baitan. Ikastetxean pertsona ugarik babestu zuten. Kontrara ere, esan behar da Triple A talde eskuindarrak sinaturiko mehatxuak jaso izan zituela.
Izan ere, 70eko hamarkada katramilatsuan egokitu zitzaion zuzendari izatea. Frankismoko sistema eta bere dogmak apurtzeko grina sentitzen zen gizartean, isilean eta geldirik jarraitzeko prest ez zegoen belaunaldi gaztea ere zeresana ematen hasia zen. Ondarreta ikastetxea horren lekuko, Eloi Artolazabalek azpimarratu duen eran. “Pedagogikoki ospe handiko ikastetxea zen Ondarreta; esaterako, literaturako lehiaketa antolatu ohi zuen urtero, eta bertako ikasleek Espainia mailako sariren bat edo beste irabazia zuten”. Irakasle gazte askok bertan plaza lortu nahi izaten omen zuten. “Ezkerrekoak izaten ziren horiek maiz. Azken batean, irakasle talde ona osatu zen Ondarretan, saiatua. Betiko hezkuntzako eskema zaharrak irauli nahi zituena, eta bizitza handia ezarri ziona ikastetxeari”.

Militante sozialista
Langile kontzientzia zeukan David Gutierrezek; Julian Besteiro eta Pablo Iglesias buruzagi historikoen eskolakoa sentitzen zen bera, Fernando semeak ziurtatu duenez. Horrela, Gipuzkoa mailako sindikalismoan eta politikan mugitu zen, Andoainen egin zuen bizialdian. 36ko gerra eta errepresio frankistaren eraginez ia desagertua zegoen UGT sindikatua klandestinitatean berpiztu zuenetekoa izan zen, frankismoaren azken urteetan. Dedikazio pertsonal handia eskaini zion ahalegin horrek.
Politikoki ere ekintzailea izan zen, eta alde horretatik Ramon Jauregi, Enrique Casas edo Txiki Benegasekin batera jardun zuen PSOE alderdiaren egituretan Gipuzkoan.
Pertsonalki zein intelektualki estimazioa sortzen zuen gizona zen, eta horrexegatik, 1979ko Udal hausteskundeak iristear zirela, Andoaingo alkatetzarako PSOEren hautagaia izan zedin proposatu zioten bertako militanteek. Berak, ordea, Valladolidera bizitzera joatea erabakita zeukan jada.

Nortasun irekia
Politika barru-barruan zeraman arren, ondo zekien adiskidetasuna eta giza harremanak politikaren gainetik jartzen. Bertute horregatik ere miresten zutela nabarmendu izan du Eloi Artolazabalek. “Andoaingo EAJko buruzagietako bat zen Jose Martiarenarekin moldatzen zen bikain; egunero irteten ziren txikitoak hartzera. Biak ikusita, Andoainen makina bat harritu egiten zen; nola arraio ote zen posible ideologia ezberdinetako bi pertsonak adiskide izatea?”. Zein testuinguru historiko dugun aipagai azalduz gero, errazago uler daiteke eragiten zuten harridura.  Hain zuzen, Artolazabalek  Franco hil oste-ostea du gogoan, panorama sozial eta politiko berria gizartean ireki zenean. “Sigla politikoak hasi ziren plazaratzen, pilaka. Nork bere alderdia eta ideologia zeukan, eta nork bere gizarte eredua nahi zuen gizarteratu. Politika sutsuki bizitzen zen, denek nahi zituzten hauteskundeak irabazi, eta a ze dramak sortzen ziren adiskideen artean eta koadriletan! Liskarrak, haserreak, hitza ukatzeak..., gauzarik arruntenak izan ziren urte haietan. Urteetan aurrera, zorionez, harremanak normaltzen joan ziren”.
Davidek alderdi guztietan zituen lagunak, eta denekin ondo moldatzen jakin izan zuen pertsona izan zen beti. Martiarena eta biak Lagun Artea tabernan geratzen ziren arratsaldero, eta handik aurrera txikiteoko ibilbide berbera egiten zuten. Bidean, bateko eta besteko lagunak eransten zitzaizkien. Koadrilan, politikaz nahiz beste edozein kontuz mintzatzen ziren denak. Daviden jokabidea, halakoetan, apartekoa zen; patxada-patxadan, zigarroa eskuetan, urkoaren iritziak errespetatu ohi zituen, bereari uko egin gabe”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!