“Ikastolak aurrera egiteko indarra eta aukera guztiak ditu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:14

Abiatu berri den 2014-2015 ikasturtean, Jesusen Bihotza ikastolak Zubimusu izena hartu eta kooperatiba bihurtu da. Kontxi Ormazabal Zubimusu ikastolako zuzendari pedagogikoak eta Nerea Zumeaga zuzendari gerenteak bide berriaz hitz egin dute.

1965 urtean sortu zen ikastola. Zein bide egin du geroztik?
Kontxi:
Zizurkilen sortu zen Santio ikastola, haur talde txiki batekin, sortzaileak deitzen diegun Zizurkil eta Villabonako guraso talde baten ekimenez. Udan euskal giroan eduki nahi zituzten umeak eta 1965eko uztailean hasi zuten ekimenari jarraipena eman nahi izan zieten gero. Pixkanaka ume gehiago hurbildu zen eta taldea poliki-poliki handituz joan zen. Lehen lokala Zizurkilgo Zubimusu izeneko etxean hartu zuten, baina berehala txiki geratu eta Zizurkilgo parrokoarekin hitz egin ondoren, Zizurkilgo elizaren atzealdeko lokalak utzi zizkieten, herriko hainbat ekimenetarako erabiltzen zirenak. Gainerako ikastola gehienek bezala, gureak ere hasieratik izan zuen elizaren babesa. Baina lokal haiek ere ez ziren egokienak, taldeak gero eta handiagoak izateaz gain, espazio falta ikaragarria zelako eta hezetasun arazoak zeudelako. Ondorioz, handik ere atera beharra izan zen eta Villabonako Zentroko egoitza honetan, parrokiko mutilen eskolan eskatu zuten lekua. Eraikin hau, herriko gazteei ikasketa duinak emateko asmoarekin eraiki zen eta libre zeuden gela batzuk uzteko eskatu zien guraso taldeak, ikastola hedatu ahal izateko. Hori guztia oso denbora gutxian gertatu zen. Bada, 1973-74 urtean, ikasturte berezia iritsi zen: Espainiako gobernutik EGB-OHO bezala ezagutzen dugun legea etorri zen. Jose Luis Villar Palasí hezkuntzako ministroak estaturako derrigorrezko legea ezarri nahi izan zuen. Orduan batere hedatu gabe zegoen irakaskuntza, lege arautzaile finkorik gabe. Lege horren baitan oinarrizko eskakizun batzuk zeuden. Horietako bat: espazioa. Ikastetxeari baimena emateko gela kopuru jakin bat izan behar zuten, bere zerbitzu osagarriekin. Eskakizunak handiak ziren. Bestalde, pertsonalak titulazioa eduki behar zuen, ordura arte, ikastoletan andereño gisan lanean zebiltzanei euskara jakitea eskatzen zitzaien. Lege hura iritsitakoan, Santio ikastolak, mutilen eskolak eta mojenak bat egitea erabaki zen. Oso urte esanguratsua izan zen.
Nerea: Fusioaren ondoren jaio zen Jesusen Bihotza ikastola. Bata akademia, bestea mojen ikastetxea eta hirugarrena ikastola izanagatik, ikastolaren izaera mantendu zuen hasieratik eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Are gehiago, Santio ikastola 1969 urtetik aurrera Gipuzkoako Ikastolen Federazioaren baitan egon da, ikastolen mugimendua legeztatzen eta antolatzen ari zenean. Jesusen Bihotza ikastolak bide hori jarraitu zuen hasieratik.

Etorkizunera begira, kooperatibaren bideari eutsi diozue…
N:
Ikastolaren biziraupenerako eta etorkizunera begira, hainbat pauso ematea erabaki dugu. Beti iruditu zaigu ikastolari ondoen egokitzen zaion funtzionamendua kooperatibarena dela, azken finean, guztion artean sorturikoa delako. Besteak beste, umearen hezkuntzan erabakiak hartzeko garaian gurasoen iritzia oso garrantzitsua dela uste baitugu. Ikastolen Elkarteko ikastola guztiek eman dute kooperatiba izateko pausoa. Bakoitza bere historiaren arabera, batzuk guraso kooperatibak, besteak langile kooperatibak edota kooperatiba integralak dira. Ikastola guztiek funtzionatzen dutela ikusten dugu, aurrera doazela, eta guk ere eredu hori jarraitu nahi dugu. Funtzionamendu aldetik onena iruditzeaz gain, kooperatiba izateak bere onurak ere baditu: Eusko Jaurlaritzak, kooperatiba diren ikastetxe guztientzat inbertsiotarako dirulaguntza deialdiak ateratzen ditu hainbat urtez behin. Jakina da Zizurkilen eta Amasa-Villabonan ditugun hiru eraikinak behar ugari dituztela eta behar horiei aurre egiteko ere ezinbestekoa da kooperatiba egitea.
K.: Askotan historia errepikatu egiten da: Hasierako Santio ikastola zegoen egoera berean aurkitzen gara. Espazio falta dugu, ikasle asko dugulako eta ditugun eraikinak ez daude behar luketen egoeran; zaharkituta daude, sarbideak egokitu beharrean…

Kooperatiba integral eta mistoa osatu duzue. Nortzuk zarete bertako kide?
K.:
Bazkide erabiltzaileak gurasoak dira, bazkide langileak irakasleak eta bazkide laguntzaileen artean eliza dago. Bazkide talde bakoitzak bere ordezkariak ditu dagoeneko abian dagoen artezkaritza kontseiluan. Ikasturtean zehar hilabetean behin elkartuko gara eta, besteak beste, eraikinaren gaia izango da gai izarra. Kooperatiba sortzeko sukaldeko lanak luzeak eta neketsuak izan dira, baina emaitza ona eman dute eta gustura gaude. Ikastolak aurrera egiteko indarra eta aukera guztiak ditu.

Zein paper izango du, esaterako, elizak kooperatibaren baitan?
K.:
Elizako ordezkariak ikastolako hainbat haurren guraso edo aiton-amonak dira. Haien helburua erlijioa ere eskainiko dela bermatzea da.
N.: Erlijioa eskaintzea lege eskakizuna da. Ikastetxe guztiek dute erlijioa eskaintzeko derrigortasuna eta familiek aukeratzeko eskubidea. Zenbait ikastetxek ez dute eskaintzen erlijiorik, baina legez guztiek eskaini beharko lukete: izan publikoa, ikastola edo erlijiosoa. Familiek, berriz, eskubidea dute ordezko ikasgaia hartzeko.
K.: Gure kasuan, nahi duenak erlijioa ikasteko aukera du eta bestela, bertsolaritza eta euskal kantagintza eskaini ohi dugu euskal tradizioko kantutegian zirrara sortzen duten eta galtzeko arriskuan egon daitezkeen kantak erakutsiz. LOMCE dela eta Balio Sozial eta Zibikoak eman beharko dugu erlijioaren ordezko gisara, baina aurretik ematen genuena musika arloan integratuko dugu, oso interesgarria baita.

Eraikinak berritzea al da, beraz, etorkizuneko zuen erronka nagusienetakoa?
K.:
Ezinbestekoa. Gaurtik hasi eta datozen urteetan, horixe izango da gure erronkarik nagusiena.
N.: Beharrak antzemanda daude, baina plangintza egin behar da aurrena, kooperatibako lehentasunak aztertu eta erabakiak hartzeko. Ikastolak baliabideak jarri ditu jabeek erabaki horiek hartzeko.
K.: Oso lagungarria da guretzat Ikastolen Elkartearen babesa. Ez gaude umezurtz. Talde sendo baten babesa dugu atzean.
N.: Ikastolen Elkarteko kide izatea bermea izan da guretzat beti, bai arlo pedagogikoan, ekonomikoan edota administratiboan…

Kooperatiba sortzeko emandako pausoak eta eraikin berrituen beharrak bide egin ote diezaioke Kilometroak jaia herrian antolatzeari?
N.:
Bai, etorriko da. Oraindik ezin dugu datarik zehaztu, baina etorriko da. Kilometroak jaiak bi helburu ditu; batetik ekonomikoa eta bestetik lankidetza eta herriko erakundeen  nahiz ikastolako kide, ikasle, ikasle-ohi edota gurasoen arteko kohesioa.
K.: Kilometroak euskararen jaiarekin nahasten da askotan eta bada euskararen jaia ere, baina ikastolen jaia da nagusiki; hezkuntza eredu bat errebindikatzen duena. Kilometroak jaia antolatzen hasteko eraikuntzen inguruko proiektu sendo bat eduki behar da, ezin da besterik gabe antolatu. Eskatzen dugunean arazorik izango ez dugula uste dugu, behar asko dugulako eta aurrez ez delako sekula egin.

Zein kopururekin ekin dio ikasturteari Zubimusuk?
K.:
Azken datuen arabera, 630 ikasle eta 50 irakasle inguru gara.
N.: Ikasle kopuruak gora egin du eta espazio arazoak sortu zaizkigu bai Txermingo eta bai Zentroko eraikinetan. Zentroan, esaterako, 30 ikaslek amaitu zuten iazko ikasturtea eta 50 berri hasi dira aurten. 20 ikasle gehiago nabaritu egiten da. Txerminen ere, jolas-garaiak antolatzeko txanda ezberdinak egiten dira.
K.: Ikasturte honetan ume gutxiago matrikulatu da, -agian jaiotza tasen beheraldiak izan du horretan eraginik-. Gainerakoan, azken urte hauetan heren bat hazi da ikastola eta zenbait momentutan leku faltarekin itota sentitu gara.
N.: Villabonako enpresarik handiena gara. Gure irizpideetako bat irakaslea herrikoa edo bailarakoa izatea da. Ikasle ohia eta bertakoa izateak proiektua sendotu egiten duela uste dugu. Bertako 25 langile dituen beste enpresarik ez da izango bailara mailan. Herrian lan duina sortzen duen erakundea gara.

Hezkuntza mailan DBHko ikasketak bitarteko zerbitzua eskaintzen duzue. Aurrera begira batxillergoa eskaintzeko gogoa ere erakutsi izan duzue…
N.:
Eskualde mailako ikastola gara eta erreferente izan nahiko genuke. Eskualde mailan ikastetxe txiki ugarik funtzionatzen du. Gurea bailarako ikastola eredu bakarra da.
K.: Momentuz orain ditugun ikasleei eman behar diegu lehentasuna, baina etorkizunera begira, batxillergo edo lanbide heziketara begira nahiz 0-3 urte arteko haurrengana zuzentzea ere gustatuko litzaiguke. Dudarik gabe, eskaintza zabaltzea pozgarria litzateke.
N.: Tolosako Laskorain ikastolarekin atxikituta gaude administrazioaren aurrean. Gure ikasleek sarrera zuzena dute bertan, euren ibilbidea ikastolaren proiektuaren baitan bukatzea ziurtatzen dugu. Haiek eta guk, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko (EHIko) kide izanik, proiektu pedagogiko bera partekatzen dugu eta eskola eredu bera aldarrikatzen dugu, IKASTOLA eredua hain zuzen ere.

Nola aurreikusten duzue etorkizuna?
N.:
Ikastola aurrerakoi eta erreferentea izatea nahiko genuke. Aurrerakoia bai pedagogikoki, bai ekipamendu eta instalazio aldetik… Ikasleez gain, familiak ere ikastolako kide sentitzea lortu nahi dugu.
K.: Ikastola parte hartzailea izatea ere bai. Denok ikasi behar dugu, finean kooperatibaren eredua guztiontzat baita berria.
N.: Gurasoen parte hartze eta presentzia handiagoa izango da aurrerantzean eta guztiontzat aberasgarria izango da hori.
K.: Beste erronka bat, urte batzuk barru, orain arteko irakasleak jubilatzen hasten direnean, transmisioan asmatzea litzateke. Ikastolen proiektuan sinesten eta bere sentitzen duten irakasleak nahi ditugu. Era berean, kooperatiba indartu eta sendotzeko nahia dugu, gurasoak ilusionatuz eta beldurrak kenduz, denon mesederako izango delako.

Zubimusu, sinbolo
Arrazoi askogatik aukeratu dute Zubimusu, ikastolaren izen modura, “batetik, lehenengo ikasle taldea Zubimusu izeneko etxean hasi zelako. Bestalde, Zubimusu, erreferente izan nahi dugun bailara lotzen duen elementua delako. Villabonako historia nahiz kulturan ere badu bere kutsua eta Villabona eta Zizurkilek elkarbanatzen duten sinbolo bakarra delako. Gainera, fonetika aldetik ere joko handia ematen duela uste dugu”, azaldu dute. Izenarekin batera Zubimusu ikastola ordezkatuko duen logotipoa ere aukeratu dute. Egoitz Ezkerrak eginikoa da eta beste hainbat proposamenen aurrean gehiengo nagusiz aukeratu dute ikasle, irakasle nahiz gurasoen artean.

  • Euskal Herriko Ikastolak (EHI) eta Elkartasuna Ikastolak bi Europar Kooperatiba Elkarteetan jarrituko dugu. Baita ikastoletako proiektu pedagogikoetan ere, gaur egun bezala.
 
  • LOMCE (Estatuko legea) eta HEZIBERRI 2020 (Eusko Jaurlaritzaren araudia) egokitzen joan beharko dugu, ikastolen kolektiboan hartzen ditugun erabakien arabera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!