“Dirurik ez dugu, baina borondatea bai”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:09

Joseba Iturria Danena-Amaroz futbol egitasmoaren arduraduna da duela lau urtez geroztik. Futbol zelaiaren berrikuntza lanak bete-betean direla, hitza hartu du denboraldiaren hasieran.

Zein egoerarekin egin zenuen topo, duela lau urte Danena elkartera gerturatu zinenean?
Danena nahiz Amaroz elkarteak hain geldirik ikusitakoan, Danenako lehendakari Manu Gonzalez eta Amarozko Aitor Lasarengana jo nuen. Ez batak ez besteak ez zuten beheko mailetan talderik. Amaroz talderik gabe zegoen eta Danenak lehenengo erregionala bakarrik zuen. Inguru honetan, Andoaindik Tolosaraino, futbolean jolasteko bost futbol talde bakarrik zeuden: erregional, jubenil, kadete, alebin eta infantil talde bana. Ez zegoen futbol eskolarik eta futbolean aritu nahi zuen haurrak 11 urte bete arte itxaron behar zuen, proba batzuk pasa ondoren, jolasteko aukera izateko. Egoera hura ikusita, Manu Gonzalez eta Aitor Lasari bi kluben artean egitura bat sortzea proposatu nien, inguru honetako haur eta gazteei ere futbolean jolasteko aukera emateko.
2010 urtean idatzitako proiektuan, ezinbestekoa zen Zizurkilek belar artifizialeko futbol zelaia izatea. Belar naturaleko zelaia askotan ezin baikenuen neguan erabili, euria egiten zuenean bereziki. 46.500 biztanle biltzen dituen Tolosalde osoan, belar artifizialeko futbol zelai bakarra eta futbol eskola bakarra zeuden. Helburua, beraz, Tolosaldeko neska-mutilei Gipuzkoako beste herrietan bezala futbolean aritzeko aukera emateko egitura eskaintzea zen eta hemen dago; badator zelai berria…

Zer moduz doaz lanak?
Irailaren 2an hasi ziren belar artifiziala jartzen eta bizpahiru hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko. Denboraldi hasiera guretzat ez da halako lanetarako garairik egokiena, baina aurrez egin izan ezin direnez, guretzat hobe da inoiz baino berandu hastea.

Zelaia berritzen bukatu bitartean, non ekin diezue entrenamenduei?
Talde batzuk Otaño eskolako atarian eta beste batzuk Tolosako Eskolapioetan hasi dira, azken bi urteotan bezala. Haien eskuzabaltasuna eskertu beharrekoa da. Partidarik gehienak, berriz, Tolosako Usabal futbol zelaian jokatuko ditugu, libre dagoen orduetan. Tolosako klubari nahiz Udalari eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan gure azpiegitura gabeziari emandako erantzunagatik. Inondik ere ez zaigu gustatzen beti eskean ibiltzea eta zorionez, bi hilabete barru ez dugu inor molestatuko.  

Belar artifiziala jartzeaz gain, berrikuntza gehiagorik egingo al duzue?
Belar artifizialarekin batera, argiteria berria ere jarriko dugu; aurrekoa oso zaharkituta zegoelako eta argi ona ezinbestekoa baitugu ondo entrenatu ahal izateko. Zelaia neurriz zertxobait zabaldu egingo da, baina gutxi; ibaiak eta bidegorriak mugatzen dutelako.
Oso baldintza eskasak zituen aurreko zelaiak eta hura berritu ahal izateko, urteko dirulaguntzari uko egin dio Danenak. Uko egin bakarrik ez, aldagela berriak egin ahal izateko bazkideei zuzendutako kanpaina bultzatu dugu eta 65 bazkidek 100 euro jarri dituzte bere poltsikotik. Bi aldagela zahar soilik ditugu eta egun dugun dinamikan, beste bi aldagela izatea ezinbestekoa da ondo funtzionatu ahal izateko. Behar horren aurrean pozgarria da jendeak erakutsitako jarrera. Aurrera egin ahal izateko, gure dirulaguntzari uko egiteaz gain dirua jarri behar dugula ulertu baitugu. Ekimenarekin 65 pertsonak bat egiteak asko esan nahi du jende horren alde. Konpromisoaz gain beharra dagoela ikusi da. Era berean, ez diegu herriko tabernei konpetentziarik egin nahi, baina zelai guztiek badute bere taberna eta partidei begira, guk ere gurea izan nahi dugu. Danena kirol elkartea ere egokitu nahi dugu, Danenako bazkide, jokalari eta gurasoak bertan elkar daitezen. Auzolanean ari gara lan horietan. Dirurik ez dugu, baina borondatea bai.

Airean geratu den beste beharrik?
Pobreak gutxirekin konformatzen gara. Garbi dago futbol zelai batek estalitako guneren bat behar duela ikusleentzat. Villabonakoarekin eta Segurakoarekin batera, Zizurkilgoa izango da estalperik gabeko zelai bakarra. Hala ere lehentasunak jarri behar dira eta gure kasuan estalpea baino beharrezkoagoak dira aldagelak.

Zein onura ekarriko dio zelai berriak Zizurkili?
Lehenik eta behin, Zizurkilgo Udalari eskerrak eman behar dizkiogu hain herri txikia izanik eta hain egoera ekonomiko zailean egonda, futbol zelaiaren aldeko apustua egin duelako. Baita, noski, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Federazioari ere, dirulaguntza emateagatik.
Zizurkil herriarentzat garrantzitsua da herrian halako inbertsioa egitea. Herriari bizia ekartzeaz gain, astebururo zortzi-hamar partida izateak mugimendua ekarriko baitu herriko tabernetara ere. Zelaiaren kokalekua gunerik egokiena da segurtasunari nahiz herri giroari begira. Tren geltokitik gertu, ondo komunikatuta dago gainera.

Nahikoa saltsa izan da Villabonako eta Zizurkilgo futbol zelaiak zirela eta. Azkenean bakoitzak berea izango duzue…
Tirabirak izan dira, baina baikorra naiz eta Villabona nahiz Zizurkilentzat emaitzarik onena dela uste dut. Biak ere halako talde handiak izanik, ondo lan egiteko aukera bakarra bakoitzak bere zelaia izatea da. Denontzat pozgarria da, beraz. Bi zelaiak gutxieneko dirulaguntzarekin berritu dira eta beste futbol zelaietan bezala, hemen ere futbolean aritzeko aukera izatea lortu dugu.
Belar naturaleko hainbat futbol zelai egon badago oraindik, baina ondoan belar artifizialekoa ere badute ia denek. Villabona eta Zizurkilgoek, ordea, ez zuten halakorik eta zelaia erabili ezin genuenean beste norabait jo beharrean aurkitzen ginen. Argi genuen ezin genuela modu hartan aurrera jarraitu: futbol zelaia berritzen ez bazen, bertan behera utzi  beharko genukeen gure proiektua. Zorionez, aurrera egitea lortu dugu eta pozik gaude.

Urte gutxitan, izugarri hazi da Danena taldea. Zein egoera duzue egun?
2010ean Danenak erregional mailako talde bakarra zuen. Egun, talde horrez gain, jubenilen taldea (19 mutilekin), 2 kadete talde (36 mutilekin), 3 infantil talde (56 mutilekin) 52 alebin eta 27 benjamin ditugu. Duela lau urte ez geneukan ia inor eta lau urte geroago 200 mutil inguru dugu.
Zizurkilek 3000 biztanlerekin zailtasun handia zuen bere futbol taldea sortzeko eta Tolosaldea mailako herri txikietako mutilak bertara erakartzea izan da gure lorpena.
Gaztetxoei ez diegu probarik egiten klubean sartu ahal izateko. Haur bati ez diogu esan eta ez diogu esango ‘ezin duzu gurekin jolastu txarra zarelako’, bai agian ‘berandu iritsi zarelako’. Modelo hori jendeari gustatu egin zaio eta gazte asko gerturatu da.

Danenak urte askotako historia du. Horrek ere jendea erakarri ote du?
Itzal luzeko elkartea da Danena. Ez futbol mailan bakarrik, baita txirrindularitzan edota atletismoan ere. Dudarik gabe, Danenak izena du eta jendea poztu egin da Danena berpiztu egin delako. Manu Gonzalez lehendakariari eskerrak eman behar dizkiogu, berak mantendu baitu klubeko sugarra piztuta. Aurrerantzean ere bide horri eusten ahaleginduko gara. Gure helburu nagusia gazteei ilusioa eta kirola egiteko aukera eskaintzea da, frustraziorik sortu gabe. Zaila izango da iraganeko emaitzak lortzea, baina haur eta gaztetxoei erraztasunak eman nahi dizkiegu gure artera etortzeko eta aurrera begira lekukoa har dezaten.

Nesken taldea osatzen saiatu zarete beste behin. Lortu al duzue helburua?
Hori da falta zaigun helburu bakarra. Saiatu gara, bi kanpaina egin ditugu, baina momentuz ez dugu talderik osatzerik lortu. Zaila da, baina aurrera begira ere saiatu egingo gara; instalazio onak ikusita, neskak ere jolasera animatzea espero dugu. Inguruan ez dago kolektiboki jolasteko beste eskaintza handirik eta futbola neskentzat ere aukera ona dela uste dut. Futbolak, kirola egiteaz gain, lagunak egin, jende berria ezagutu eta ondo pasatzeko ere balio du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!