Txistulari bandako tronpeta-jolea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 18a, 10:07

Donostiako Txistulari bandako kide da Julio Garcia larrauldarra. Ez du txistua jotzen ordea, tronpeta baizik. Oso gaztetan hasi zen tronpeta ikasten eta goi mailako ikasketak eginak ditu.

Hamar kidez osatuta dago Donostiako Txistulari banda. Sei txistulari eta bi perkusionistekin batera, bi tronpeta-jole ere badaude taldean eta horietako bat da Julio Garcia. “Antzinatik datorren ohitura da hori. Udal ekitaldi ofizialetan eta garrantzia berezia zutenetan, turutak edo klarinak erabiltzen ziren txistu taldeari indarra emateko. Ohitura horri eutsiz, tronpeta hotsak gehitzen zaizkio txistulari bandari”.

Musika mota asko
Udal ekitaldi ofizialez gain, beste hainbat saiotan ere parte hartzen du Txistulari bandak egun: “Igande goizero diana jotzen dugu Donostiako kaleetan barrena eta eguerdian, kontzertua eskaintzen dugu Konstituzio plazan. Horrez gain, abesbatza ezberdinekin elkarlanean antolatutako kontzertuak, auzoetako jaietako saioak..., denetarik egiten dugu. Hori dela eta, musika mota ezberdin asko egiten dugu; jai giroko musika, musika klasikoa, etab. Ekitaldiaren arabera moldatzen dugu musika egiteko modua. Aipatzekoa da Jose Ignacio Ansorena zuzendariak egin duen lana; banda kalera atera eta Donostiako auzoetara zabaldu du. Txistuaren aldeko lan izugarria egin du eta hori eskertzekoa da”.

Diana eta alardea
Igandetako dianak bereziki gustatzen zaizkio Juliori: “Kaleak lasai egoten dira eta asko gustatzen zait sortzen den giroa. Igandero jende bertsua ateratzen da balkoietara diana entzutera. Horrez gain, kanpotarrek harrituta begiratzen gaituzte eta galdera asko egiten dute. Mundu guztian zehar zabalduta izango dira honez gero dianan ateratako argazkiak. Harrigarria egiten zaie banda bat kalean zehar jotzen ikustea”.
Donostiako Aste Nagusiko txistulari alardea ere gustuko duela azaldu du Juliok: “Ehundik gora txistulari, abesbatza..., kontzertu handia da eta izugarrizko harrera izaten du. Musika mota ezberdin asko eskaintzen dugu eta jende asko aritzen da musu-truk lanean kontzertu hori prestatzeko. Emaitza oso polita izaten da beti eta merezi du horrelako ahalegina egiteak”.

Gaztetandik
Oso gaztetan hasi zen Julio tronpetarekin trebatzen: “Etxetik datorkit musikarekiko zaletasuna. Aitak saxofoia jotzen du eta etxean beti bizi izan dugu mundu hori barru-barrutik. Anaiak pianoko goi ikasketak egin zituen eta nik tronpeta aukeratu nuen. Joxe Mari Oiarzabal andoaindarra izan zen nire lehen irakaslea eta kontserbatorioan ere berarekin aritu nintzen. Tronpeta ez da instrumentu erraza; kosta egiten da soinua ateratzea eta fisikoki ere trebatuta egon behar duzu. Nik, nolanahi ere, beti izan dut oso gustuko eta ez dut inoiz uzterik edota instrumentuz aldatzerik pentsatu”.

Ikasle fina
Musikako goi ikasketak egin zituen Juliok: “Garai hartan ez zen ohikoa gazte batek musika ikasketei bakarrik eustea. Nik garbi nuen aurrera egin nahi nuela, baina unibertsitateko ikasketekin bateratu nituen musikako ikasketak. Enpresaritza ikasketak egin nituen tronpetako karrerarekin batera. Urte gogorrak izan ziren, baina merezi izan zuen”.

Oposaketak
Oposaketa bidez lortu zuen Juliok bandako kide izatea: “Hamabi urte daramat bandako kide izaten, nahiz eta ez dudan lanaldi osoa betetzen. Oposaketak egin aurretik, hala ere, urte mordoa pasa nuen bandako kideekin elkarlanean”. Astean bitan egiten dituzte entseguak, astearte eta ostegunetan. “Goizez elkartzen gara entseguak egiteko. Igandero berriz, 09:00etan kalera ateratzen gara diana joz. Ordubeteko saioa egiten dugu kalez kale eta 12:15etan kontzertua eskaintzen dugu Konstituzio plazan. Asteroko plangintza finko horri, entsegu eta saio bereziak gehitu behar zaizkio”.

Entseguak
Egunero-egunero eskaintzen dio tartea Juliok tronpetari: “Oso instrumentu fisikoa da, muskularra. Egunero jotzen ez baduzu, berehala galtzen duzu trebetasuna. Bizilagunei ahalik eta trabarik txikiena egiten saiatzen naiz beti; goizeko lehen orduak, siestako garaia..., horiek ondo errespetatzen ditut. Errespetu hori zainduz gero, ez da arazorik sortzen”.
Etorkizunari begira, irakaskuntzan aritzeko aukera aztertzen ari da Julio. “Gustura emango nituzke eskolak musika eskolaren batean. Horretarako EGA titulua behar dut, eta horretan saiatuko naiz buru-belarri”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!