Adierazpena
EH Bildu, EAJ-PNV:
“Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du datorren irailaren 18an. Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izango dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak.
Irailaren 18an Eskozian egingo den erreferendum-a, herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da. Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laster batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu. Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan.
Egun historiko honen aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu:
- Eskoziako nazioa agurtzen dugu, eta bere biztanleak zoriondu. Hauek herri bezala duten eskubidean oinarrituz, beren etorkizuna erreferendum bitartez modu aske eta demokratiko batean zehazten dute eta.
- Alderdi "unionistek" adierazi duten jarrera demokratikoa ere nabarmendu nahi dugu, naturaltasun osoz onartu baitute eskoziarren borondatean oinarrituko dela Eskoziaren etorkizuna.
- Ulertzen dugu adibide eskoziarra sakontze demokratikoaren ariketa eredugarria dela, non gizartearen nahia eta herrien erabakitzeko eskubidea lehenesten diren, Estatuen lurralde osotasun printzipioen gainetik.
- Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta Eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan, gure babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunekoa izango den tokian”.