Hauxe Alkizako Udaletik igorri duten oharra: “Alkizatik ateratzen den Erniorako bidea ezagutzea merezi duelakoan gaude, zeharkatzen dituen basoak eta agerian jartzen dituen parajeak ikusgarriak baitira. Hortaz, iraileko Ernioko erromeriak direla eta, datorren igandean, irailaren 21a, gonbidapena luzatzen dugu gure herriko plazatik abiatuta Erniorantz igotzeko.
Honenbestez, datorrenak aurten berritu ditugun ibilbideak ezagutzeko aukera izango du, seinale eta panel informatiboz osatuta, bai Ernioko gailurreraino eramaten gaituena eta baita txango laburragoak egiteko beste proposamenak ere.
Ernio-Gazume mendi inguru zabal bat “Natura 2000” biodibertsitatearen aldeko Europar Komunitateko sarean sartuta dago eta iaz Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuten. Izendapen horrekin lotuta eta herri inguruko basoek duten aberastasuna ezagutarazteko Alkizako Udalak abian dituen ekimenen artean kokatzen da mendiko ibilbide horiek berritzea eta informazioz osatzea.
Baita “Fagus – Alkiza” Interpretazio Zentroa bera ere, zeinaren eskutik eskola taldeek eta beste interesatuek aukera izango dute bertako Biodibertsitateari buruz eta mendian hamarkadetan zehar egiten ziren lanei buruz txango gidatuetan parte hartzeko eta erakusketa sakon batekin Alkizara egindako bisita osatzeko”.