Ramon Beraza, abesbatzen zuzendari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 11a, 10:40

Ramon Beraza (Andoain, 1949) musika zainetan daraman gizona dela esan daiteke. Sona handiko musikari eta abesbatzen zuzendaria izan da azken hamarkadetan eta ardura horri eusten dio oraindik; Añorgako Ertizka Otxoteko zuzendaria da 2001az gertoztik. Aurten bere 50. urteurrena ospatzen ari da abesbatza hori, eta besteak beste, argazki erakusketa ipini dute Añorgan.

Nola eta noiz heldu zenion musikari, bizitza osoa markatu dizun horri?
Ramon Beraza: Txikitan, Kaletxikiko etxean, izugarri kantatzen genuen guztiok. Gure aitona, Segundo Olabarrieta, Plazaolako makinista zen eta denbora zeukanean, kitarra jotzen ez bazuen, kantari ibiltzen zen. Giro hartan esango didazu... Ni 1949koa naiz, eta jada bost urterekin, akordeia jo nahi nuela sartu zitzaidan buruan.
Alberto Agirreren ostean Luis Fracak hartu zuenean musika eskolaren ardura, eskolan izena eman nahi zutenentzat zerrenda jarri zuten kontsejupean. Nire kabuz, Luis Mari nire anaiaren eta bion izenak jarri nituen; zerrendako lehenak izan ginen! Banda osatzeko orduan Fraca grinatuta zebilen nik tronpeta jo nezan, baina pianoari eutsi nion. La Sallera ikastera joan nintzenean, berriz, musikaz blai bustitako mundu berri bat ireki zitzaidan. Goizetik gauera, kantuan edo era guztietako instrumentuak (armonikoa, organoa, pianoa, akordeoia…) eskutan igarotzen nuen. Behin 12 urte nituela, belauna hautsi nuen futbolean, eta bolada batean, jolas garaian, akordeoi txikia hartu nuen laguntzat. Bakarka kontzertuak ematen ere hasi nintzen.
Urteetan aurrera, Donostiako kontserbatorioan matrikulatu nintzen. Pianoari eman nion gogor, Juan Pedrosa irakasle ospetsuarekin. Etxean ez geneukan pianorik, eta Exkerranea tabernara joaten nintzen praktikatzera. Hiru neska zahar bizi ziren bertan, eta piano zahar bat zeukaten sukaldean. Zurezko lurra zeukan sukaldeak, eta akustika ona. Hurrengo pausoa, Donostian bigarren eskuko pianoa erostea izan zen, kasik hileko soldata ordainduz.

Abesbatzen munduarekin lotzen da zure izena, batik bat…
R.B.: 22 urterekin-edo murgildu nintzen abesbatzen munduan, burubelarri. Antton Aiestaran zuzendari zuen Donostiako Orfeoian izan zen hori, alderdi teknikoan. Era horretan, kantuaren goren maila ezagutzeko pribilegioa eduki nuen: munduko zuzendari eta abeslaririk onenak, koralen kulturaren gailurra… 14 urte egin nituen taldekide, baina opor garaiak kontzertu garaiak izaten zirenez, uztea beste erremediorik ez nuen eduki. Irakaslea zen emaztea, eta lehentasuna eman genion oporrak elkarrekin igarotzeari.
Aurki, baina, Easo abesbatzatik hots egin zidaten. La Sallen irakasle gisa ezagutua nuen Tomas Aragues zeukan zuzendari. Sei hilabetera utzi egin zuen eta neu izendatu ninduten postu horretarako, 1985ean. 1992 arte aritu nintzen zuzendaritzan. Tarte horretan, Alberto Agirre abesbatza andoaindarra ere zuzentzeko aukera eduki nuen.

Ertizka Otxotearekin, noiztik?
R.B.:  Bizitzan zehar taldea bidera atera zaidala esango nuke. Getarian ezagutu nuen 1965ean, Andoaingo Lizar Makil dantza taldearekin joan ginen txanda batean. Zeharo harrituta geratu nintzen oholtzan kantari aritu zen zortziko harekin eta gidari zuen Antton Aiestaran handiarekin! Handik urte batzuetara geure ezkontza egunean, ezustean, adiskideek gonbidatuta Otxotea agertu zen kantari. Taldeko sortzaileak adiskideak ditut aspalditik, eta 2001ean, taldea zuzen nezan proposatu zidaten. Gaur arte…

Noiz arterako kuerdarekin?
R.B.: Andoaingo Kutxako sukurtsalean 31 urtez jardun ostean, 2010ean kultura sailera joan nintzen Donostiara. Egunotan bete ditut 65 urte, eta oraintxe hartzen dut jubilazioa lantokian.
Musikari gisa, berriz, indartsu sentitzen naiz oraindik, osasunez zein izpirituz. Noizean behin pentsatzen dut dena utzi beharko nukeela, eta musika entzule soil bihurtu; besteek sortzen dutenarekin gozatzera jarri. Gainera, poza ematen du zenbat musikari gazte, profesionalki bikain prestatutakoak, ari diren plazaratzen ikusteak.
Ertizkaren ikuspegitik ere, nahiko nuke zuzendari gazte bat sartuko balitz taldea zuzentzera.
Gazte horiek, ordea, zail daukate! Logikoena, bizimodua, daukaten ikasketa akademikoarekin ateratzea behar luke izan. Baina amets hori nekez egiten zaie egingarri talde amateur batekin.
 
Zuen abesbatza erabat amateurra da…
R.B.:  Bai noski. Jende erabat normalak osatzen du Otxotea. Denetik dago taldean, langabeturen bat edo baldintza prekarioetan aritzen denik ere bada tartean! Euskal Herritik kanpo, harrituta geratzen dira gurekin. Ezin dute sinetsi adierazten diegunean biharamunean, astelehenean, nor bere lanpostura joan behar dugula.
Ez dago ondo neronek adieraztea, baina kalitate handiko taldea dela aitortu behar da. Nahiz eta talde murritza izan gurea, abesbatzarik onenen parean dago. Egia esan, ametsaren eta errealitatearen artean borrokan aritzen naiz neure buruarekin. Batetik, nahiko nuke taldea pauso bat gorago ematen saiatuko balitz, teknikoki zailagoak diren obrak jorratuko balitu. Baina horretarako, profesionalizatu egin beharko litzateke taldea... Oreka horretan jokatzera ohitu beharra daukat.

Nola ulertzen da Otxotea izatea eta 12-13 abeslariko formatuan igotzera oholtzara?
R.B.: Askok galdetzen digute horixe. Egia esan, ezinezkoa da bakar-bakarrik zortzi ahotsekin (tenore, baritono eta baxuak) ordu terdiko kontzerturik eskaintzea. Nekagarria egiten da tenoreentzat, batik bat. Esaterako, Basteron aritu ginen txandan, Mozarten kantata masonikoa eskaini genuen lehen zatian (45 minutu). Ondoren, euskal piezak abestu genituen. Errepertorio hori dena otxote batek, nekez!

Euskal kulturaren enbaxadoreak sentitu zaretela aitortu izan duzue maiz…
R.B.: Frantziara, Alemaniara, Japoniara, Marokora, Aljeriara… munduko bazter askotara joan gara, eta beti-beti, ahoan euskal kantutegia daraman euskal taldetzat aurkeztu dugu geure burua.

Zein ezaugarri eduki behar ditu zuzendari batek, zure ustez?
R.B.: Etxetik ondo ikasita eta landuta eraman behar dituzu abestiak, partiturak ondo markatuta, e.a. Hori eginda, abeslariei modu ulergarrian transmititu behar diezu zer egin behar duten. Nabaritu behar dute zuzendariak argi daukala zein den taldeak bete beharreko helburua.
Horrez gain, estilo kontua dago. Keinu ikusgarriko zuzendaria estimatu izan da maiz, jenio handikoa dela pentsatuz. Zer esango dizut… Ni diskretuagoa naiz; emaitza da garrantzia daukana.  

Derrigorrezko hitzordua daukazu urtero Andoainen, Santa Ageda bezperan…
R.B.: Pozik hurbiltzen naiz jaioterrira, errotu den tradizioa delako. Egia aitortzera, sentimendu kontrajarriekin itzultzen naiz etxera. Ezintasun pittin bat sentitzen dut batetik; gehiago sakontzeko gogoz geratzen naiz, gauza berriak egitera ausartuko bainintzateke, baina horretarako
entsegu bereziak egin beharko lirateke, eta hori ez da posible.
Bestalde, poztasuna sentitzeko motiboak ikusten ditut. Ekitaldiak bere funtzioa betetzen du, kantua kalera ateraz usadio bat berritzea alegia, eta gainera, aitona-amonak, gurasoak eta haurrak, denak nahastuta ikusten dira. Gaztetxoengan dago etorkizuna, eta horiek zaindu behar dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!