Sorabillako jaiak, aparteko giroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 11a, 10:33

Sorabillako jaietako ekitaldi guztien artean, Jexux Mari Otamendi musikariari egindako omenaldia aipagarrienen artean dago. Esker ona adierazi zioten Andoaingo kultur talde anitzek zein herritarrek. Ikusitakoak ikusita, jai batzordeak badauka harro egoteko motiborik: hirurehun biztanle besterik ez dituen auzoan, urtez urte, egitarau erakargarria osatzeko gaitasuna erakusten ari da.

Musikarekin lotutako herri ekimen aberatsen sortzailea, herri musikaren maitale eta bultzatzailea, jendartekoa, eskuzabala, ekintzailea... Denetariko losintxak entzun ziren igandean Sorabillan, Jexux Mari Otamendi hizpide hartuta. Igandean herritar ugari bildu zen Sorabillan, eta bat egin zuten jai batzordeak bera izendatzerakoan azaldu zituzten arrazoiekin.
Goizeko hamarretan, Olagain txistulari bandako kideak kalejiran atera, eta Otamendiren etxe aurrera abiatu ziren, Elkartasuna kalera. Damuba Garaiz (diana) eta Zorionak Zortzikoa piezen doinuekin esnatu berritan topatu zuten. Auzotarrak ere aho bete hortz geratu ziren, txistulariak eskaintzen ari ziren ikuskizunaren lekuko bihurtuta.
Eskaratzean Otamendirentzat egun berezia zenaren lehen atala prestatu zuten. Txistulari taldea, bizilagunak, Mari Gutierrez emaztea eta Otamendi bera tertulia atseginean egon ziren, pastak eta ardo goxoa lagun zituztela.
Eguerdiko hamabietan, berriz, ekitaldi nagusia heldu zen. Hitzordura ez zuten hutsik egin nahi izan Andoaingo hainbat musika eta dantza taldeak: Alberto Agirre abesbatza, Olagain txistulari taldea, Urki eta Axeri dantza taldeak, Sarasola anaiak dultzainarekin, Gora Kaletxiki txaranga...
Jai batzordeko kide den Aitziber Sarasolak aurkeztu zuen ekitaldia, eta besteak beste, sorabillatarrek Otamendi eta bere familiako kide guztiei zapi laranja bana ipini zieten. Omenduari berari, Sorabillako domina preziatua oparitu zioten.
Musikari lotuta bizi izan da  Otamendi, eta musika nagusitu zen omenaldi ekitaldian. Denetariko doinuak entzun baitziren: Euskal herriko semeak gera, Zortzikoa, Andoaingo edo Sorabillako ereserkiak, Joxe Mari Iturzaeta abestia...
Esker ona, kantuz
Jada emozioz gainezka zegoen gizona, eta kantuaren mintzairan erantzun nahi izan zien Sorabillan bildutako guztiei: “Eskerrik asko jaun-andreak bihotz-bihotzetik; eskerrik asko jaun-andreak, orain eta beti”. “Ondo segi!” ozen bat oihukatu zuen azkenik.
Ekitaldia amaiturik, Otamendik aktore ospetsu baten moduan jardun behar izan zuen. Besakarda honi, musua hari, bostekoa besteari... Makina batek berarekin argazkiak ateratzeko aukera ere baliatu zuen. Azken batean, eta modu batera edo bestera, denek ere zenbat estimatzen duten adierazi nahi izan zioten. Eta ez bakarrik kultur eragile gisa, baita pertsona gisa ere.
Hamaiketakoa aurrera joan ahala, eta jada zerbait lasaitzeko modua eduki zuenean, tartea hartu zuen Aiurriri adierazpen bakan batzuk eskaini ahal izateko. Bene-benetan agertu zen esker oneko. “Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei eta bertaratu diren guztiei. Pozgarria izan da hainbat kultur talde eta herritar bildu izana gaur Sorabillan. Andoaingo herri musika bultzatzea izan da nire asmoa beti, eta herritarrek esango dute horrela jokatuta gaurkoaren antzeko merezimendurik behar ote duen batek. Hori bai, egunotan gogoratu dudana berretsi nahi nuke: abesbatzari eta txistuari dagokionez, gure aurreko zenbaitek, izen-abizena dutenak, mesede handia egin diote Andoaini. Ez dezagun ahaztu hori”. Bere-berea duen umore fina erabili zuen, azkenik: “omenaldiak, batzuetan, pertsona bat jubilatu arazteko edo bazterrean uzteko izaten dira, baina oraingoz behintzat, hori ez da gertatuko nirekin”.

Fernando Gaston
Otamendi ez da izan Sorabillako jaietan, modu berezian, gogoan hartu duten pertsona bakarra. Fernando Gaston auzokideari gorazarre egin zioten ostiraleko afarian, zikiro jatean. Martxoaren 21ean hil zen Errotagan-Sorabillako Auzo elkarteko eta Sorabillako jai batzordeko kide izan zena. Auzoan antolatzen ziren ekitaldi ugaritan parte hartzen zuen, eta ahaleginak egin zituen beti auzoaren eta auzotarren ongizatearen alde. Aldi berean, gogoratu behar da Caritas elkarteko lehendakaria izan zela urtetan.
 Arrasto sakona utzi zuen gizonak ikusten denez, eta afarian zehar hura oroitzeko unea iritsi zenean, une hunkigarriak bizi izan ziren.
Hitz gozoekin egin zion gorazarre Gastoni Aitziber Sarasola jai batzordekideak. Segidan, Maria Angeles Estanga Gastonen alargunak eta Lidia bere alabak lore sorta eta oroigarria jaso zuten. Karpa gainezka jarri zuten afalkideek txalo zaparrada batekin erantzun zieten. Ondoren, denak zutik jarrita, Boga-boga abestia abestu zuten; Fernando Gaston omentzeko modurik xalo bezain sentituena izan zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!