Pausoka elkarteak eta Super H taldeek botako dute Sanmielen hasierako txupinazoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 11a, 10:32

Behar bereziak dituzten haurren gurasoen elkarteak aurtengo jaiei hasiera emango die. Urnietako jai batzordeak ahobatez erabaki du aurtengo Sanmieletako jaien hasierako txupinazoa botatzeko aukera Pausoka elkarteari ematea. Behar bereziak dituzten haurren elkartea sekulako lana egiten ari da eta Urnietan sorburua badu ere, dagoeneko Gipuzkoa osoko 47 familien beharrak osatzen ari dira.

Maria Lesaca -urnietar guztientzat “Markelen ama”- elkartearen sustatzaile nagusia da. Pausokan buru belarri murgilduta dabil eta bera eta bolondres taldea aste hauetan lan eta lan ari dira. Ikasturte hasiera lanpetu samara izaten ari da. Asteartean laguntza eman dieten pertsona eta erakundeei esker ona adierazteko ekitaldia antolatu zuten Hernanin.

Eta, laster, Sanmieletan txosna jartzekoak dira. Horretan ere lanean dihardute. Hori guztiarekin nahikoa ez eta urriaren 11n egun osoko festa antolatu dute Hernaniko Atsegindegin.

Maria Lesacarekin hizketan, esker ona hitza behin eta berriz errepikatzen du. Izan ere, pertsona eta erakunde ugari laguntza eskaintzen ari zaizkie.
Urnietako Sanmieletan txupinazoa botako dute eta ohorea izango da haientzat: “Jai batzordeko kide guztiei Pausoka elkartearen esker ona adierazi nahi diet. Ilusio handia egiten digu, unea iristen denean oso urduri jarriko naiz, baina argi dago eskerrak eman gabe ez naizela geratuko”.

Jaietan, gainera, Pausoka elkarteak agerpen handia izango du. Txosnatako bat Pausokarena izango da eta txosnagunean aurten jarriko duten tonbolatik ateratako dirua Pausokara bideratzeko izango da. Txosna jartzeko eta tonbola antolatzeko Maria Lesacak esker berezia adierazi nahi die hainbat herrikideri. Hauexek: Nerea Uria, Ainara Albizu, Alazne Nuñez, Aitor Argiñarena eta Aitor Valverde.

Irailaren 28an, igandea, Pausoka elkarteak Rafafa magoaren saioa eta txokolatada antolatuko ditu. Ospakizun hori magoaren, Pedro Mayo enpresaren eta Urnietako Coviran dendaren ekarpenei esker burutu ahal izango da.

 

Pausoka elkartearen alde busti ziren

Astearte iluntzean, Pausoka elkarteak Hernanin duen egoitzan, bogan dagoen Ice bullet estiloari jarraituz, hainbat lagun elkartearen alde busti zen. Batetik, elkarteari ekarpena egin dieten pertsonak. Eta, bestetik, urriaren 11ko jaian parte hartuko duten kultur eragileak. Busti zirenek desafioa bota diete beste hainbat eragileri.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!