Sorabillan jaiak gaurtik hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 5a, 11:57

Irailak 5, ostirala
18:00 Txupinazoa, suziriak eta kanpai errepika.
18:30 Iturzaeta Memorialeko palako bi finalak.
20:00 Musika Kontzertua Andoaingo gazteen eskutik, elizan.
21:00 Zikiro jatea.Ondoren, Los Rubi.
02:00 Txokolate beroa.
03:00 Jai amaiera.

Egitarau osoa | Elkarrizketa:

Auzotarrek adierazi dutenez, “jendartekoa, eskuzabala eta ekintzailea da, trebea elkarlanerako giroa sortzen”, eta horri esker, “Andoaingo musika eta bertako musikariak protagonista izan dituzten herri ekimen aberatsen sortzaile eta dinamizatzaile gisa azaldu zaigu azken urtetan”.  
 
Nola hartu duzu omenaldiaren berri?
Jexux Mari Otamendi: Eskertzen diet Sorabillako auzotarrei nirekin gogoratu izana. Egia esanda, kosta egin zait ekitaldiarena onartzea, egun hori nirekin pertsonalizatzea alegia. Modurik duinenean erantzuten saiatuko naiz.
Hori argituta, egunotan sentitzen ari naizen ezinegona adierazi nahi nuke. Alberto Agirre abesbatzaren eta Olagain txistulari bandaren sorrerei eta historiei erreparatuz gero, badira nire aurretik aitortza merezi duten pertsonak. Pio eta Joxe Mari Huizi, Joxe Goikoetxea, eta batik bat, gure artean den Jose Luis Etxeberria. Txistuaren kasuan, iraganeko aizpuruatar zein urrutiatarren eta egungo Olagain txistu bandaren arteko zubilanak egin zituzten. Eurei esker dirau bizirik txistuak Andoainen.

Auzotarrek Andoaingo musikarekin eta musikariekin herri eragile izatea nabarmendu nahi izan dute batik bat...
J.M.O.: Abesbatzan eta txistulari bandan hartzen ditudan ardurengatik, eta azken urteetan musikari ezberdinez osatutako ikuskizunen antolaketan parte hartzeagatik izango dela pentsatzen dut...
Egia esan, Andoaingo musikariok nork bere bidea egiteko joera eduki dugu aspaldiko urtetan. Txistulari bandak eta abesbatzak, esate baterako, urtean zehar nork bere kontzertuak eskaintzen zituen eta ez ziren dinamika horretatik ateratzen. Zorionez, ohitura hori aldatzen ari da. Elkarlanerako ispiritua nagusitzen ari da, eta entzuleen gozagarri gertatu diren ikuskizun kolektiboak sortu dira. Basteron egin diren Santa Krutz jaietako kontzertuak edo emakumeen emanaldiak izan daitezke adibide ezagunenak akaso.
Azken boladan, ikusi da Andoaingo musikariei gauza txukunak proposatuz gero, berehala ematen dizutela baiezkoa. Musu-truk eman ere, afari batekin konformatzen dira! Desiatzen daude gauzak elkarlanean egiteko, herriko entzuleei kultur eskaintza zabaltzeko. Zein da kontua? Andoainen musika mailan badagoen borondate eta aberastasun hori guztia biltzeko eta koordinatzeko, akuiluak behar izaten direla! Pertsonak falta izaten dira zeregin horretarako; dedikazio handia eskatzen baitu, eta ez baita oso esker onekoa. Nire aldetik, hondar alea jartzen saiatu naiz...   
Noiz arteko gogoa eta umorea geratzen zaizu lanean jarduteko?
J.M.O.: Adinean aurrera, gero eta gertuago ikusten dut nire iraungitze data; izaeraz ere, egoskorragoa naiz egunetik egunera! Hala ere, oraindik geratzen zait gauzak antolatzen segitzeko kuerda, edo ahal dudan neurrian laguntzeko. Oraintxe bertan, azaroan burutu daitekeen egitasmo ikusgarriren batek kentzen dizkit indarrak. Andoainen ez gara oso esker oneko agertu izan gure aurreko musikariekin, eta hortik doa egitasmoa; gehigo ezin da iragarri oraingoz.

Nola ikusten duzu Alberto Agirre abesbatza?
J.M.O.: Urte oparoak bizi izan ditu abesbatzak 1982an jaio zenetik, baina gainbehera doa azken aldian. Ez daukagu orain 30 urteko sasoirik.  
Andoainek, Katrin Iturralde eta bere taldearengan jarri beharko du itxaropena etorkizunean. Lan polita egiten ari baita, musika eskola jaso ez duten abeslariekin ari delako batez ere.
San Juanetan, esate baterako, Salbean elkarrekin abesteko ohitura hartu dugu bi abesbatzok, eta oso ondo moldatu izan gara.

Eta txistuaren oraina eta etorkizuna?
J.M.O.: Osasun ona dauka, eta ziurtatuta dago aurrera begira. Iraganetik gatozen txistulariak eskola zaharreko eskemak dauzkagu, baina Joxe Mari Setienen gidaritzapean, bide berritzailea eta herriari begira modernoagoa eta erakargarriagoa hartu du Olagain taldeak. Gehiago ateratzen gara kalera, eta natural egiten ari zaigu herriko beste musika eragileekin elkarlanean jardutea. Gainera, ez da ahaztu behar Fernando Gonzalez irakasle duen txistulari gaztetxoen eskola ere sortu dela eta bere bidea egiten ari dela.
Pozarekin batera, penarik ere sentitzen dut. Herri mailan, txistua baloratuagoa egon beharko lukeela iruditzen zait. Donostiako txistulari bandak Udalarekin daukan harremana eta bere jardun publikoa eredugarritzat hartuko nituzke. Txistuaren transmisioari dagokioenez ere, kosta egiten zait ulertzea Udal musika eskolan nola ez den irakasten. Kritika hori beste zenbait instrumentu autoktonoengana luzatuko nuke (alboka, txalaparta, soinu txikia...). Ikuspegi orokorragotik ere badaukat beste penarik: iruditzen zait galdu egin dela, iraganean, txistuak kaleko dantzarekin zeukan harreman estu eta alaia.

Ikastolako ikasle ohiekin txistularien taldea sortu duzue...
J.M.O.: Bai. Soilik Aita Larramendi ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldian parte hartzekoa zen ekimena, baina jarraipena eduki du! Hilean behin hamabost bat txistulari biltzen gara, pintxo potearekin batera, herri giroa alaitzen laguntzeko.
Historian atzera eginda, Iñaki Arin, Joxe Antonio Zalakain, Jose Luis Etxeberria eta lauok ikastolan jardun genuen 60ko hamarkadan, eta askori erakutsi genien txistua jotzen. Urtetan aurrerago, ordea, txirulak hartu zuen indarra txistuaren kaltetan. Ikusten denez urte haiek oroitzapen onak utzi zituzten ikasle askorengan, eta horrela animatu genion elkarri, berriro ere kalera ateratzeko. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!