Elbarrenako jaiak, asteartera bitarte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 14:57

Ostegunean hasi eta asteartera arte ospakizun ugari antolatuko dituzte Elbarrenan. 

Egitarau osoa | Erreportajea:

"Zizurkilek bazituen buruhandiak, baina ez inguruko herri gehienek bezala, erraldoiak, eta arraroa zen hori. Erraldoiak egitea erabaki genuen, beraz, eta buruhandiak berritzea; orain artekoak zaharkituta baitzeuden eta pisu handia baitzuten”, argitu du Ikerrek. “Erraldoi nahiz buruhandi berrien buruak Irungo elkarte batek egin ditu eta erraldoien barruko egiturak nahiz arropak herritarren artean osatu dituzte, auzolanean. “Erraldoien egitura egiten 6-7 pertsona ibili gara eta arropak jubilatu taldeko kideek egin dituzte, beste hainbat herritarrekin batera. Ideia proposatu orduko baiezkoa erantzun ziguten denek”. Egin zuten lehenengo lana gaia aukeratzea izan zela ere zehaztu du, “erraldoi berriak egiteko gai orokorra aukeratu dugu aurtengoan. Zizurkil goian bereziki, baserriak izan duen pisua kontuan hartuta, gure arbasoei omenaldi txiki bat egitea erabaki dugu. Ezaugarri ezberdinak hartu ditugu kontuan baserritarrak ispilatzerakoan: baserriko giroa eta lana batetik; aitona eta amona bestetik, pertsona helduei zor zaien errespetuarekin”. Aurrera begira ere ez daude geldirik egoteko asmoz; aurten bi erraldoi egin badituzte, datorren urterako beste bi erraldoi egitekotan dira. “Hainbat herritar erraldoi nahiz buruhandiei bizia emateko prest azaldu da eta pixkanaka, herriko konpartsa ederra osatu nahiko genuke luzera begira. Dagoeneko buruan dugu hurrengo erraldoia nor izango den: herriko pertsonarik famatuena, euskal kulturaren adierazgarri, bertsolari nahiz olerkari, herriko seme kuttun: Pello Mari Otaño. Laugarren erraldoia emakumea izango da, oraindik jakinaraziko ez duguna”. Erraldoiekin batera buruhandi berriak ere bai, biak ere euskal mitologiako pertsonaiekin lotuta, “infernuko txikitoa edo deabrua eta euskal sorgina. Buruhandiak berritzeko bi arrazoi izan ditugu: aurrekoak oso pisutsuak ziren eta zaharkituta egoteaz gain, konpartsari seriotasuna eman nahi bagenion zer edo zer egin behar genuela argi geneukan. Eta bai, pausoa ematea erabaki dugu. Oraingoak berriak eta arinak dira, arnasa erraz hartzeko aukera ematen dutenak”. Zizurkil goiko festetan lehen bi buruhandiak estreinatu bazituzten, Zizurkil beheko festetan aurkeztuko dute hirugarrena, bizia eta polita. Hurrengo urtean iritsiko da laugarren buruhandia.
Harrera beroa Zizurkil goian
Herriko gazteak arduratuko dira buruhandien barruan korrika eginez haur eta gaztetxoak xaxatu nahiz erraldoiak dantzan jartzeaz. “Zizurkilgo erraldoiak oso arinak dira, 25-30 kilo arteko pisua dute eta 3’5 metroko altuera. Hala ere ez da batere erraza erraldoiak dantzan jartzea, pixkanaka ikasi beharrekoa. Aurrera begira, gure asmoa erraldoi bakoitzeko bizpahiru pertsona egotea litzateke, txandakatu ahal izateko”. Ikerrek azaldu duenez, erraldoiak egin nahiz mugitzen erakusteko orduan laguntza handia jaso dute Añorga eta Goizuetako konpartsetako kideen eskutik, “Zizurkil goiko festetan gurekin izan ziren erraldoi eta buruhandiak kaleratu genituen lehen egunean eta Zizurkil beheko festetan ere gure artean izango dira Villabona eta Andoaingo erraldoiekin batera”. Zizurkil goikoa esperientzia oso polita izan zela aitortu du Ikerrek, “oso harrera ona izan du ekimenak, herritar askok zoriondu egin gaitu. Giro ona sortzen du herrian eta datorren urtean, herriko pertsonaiak tartean direla, oraindik eta gustukoagoa izango dela iruditzen zait”.

zortzi-hamar erraldoieko
konpartsa kalera
Irailaren 7an, igandearekin, Kantu kalerekin batera, erraldoi eta buruhandien konpartsa zabalak zeharkatuko ditu Zizurkil beheko kaleak, 17:30etatik aurrera. “Azken urteetan herritarren dantza emanaldia eskaintzen zen egun horretan, baina azken aldian ekimen hori zertxobait jaitsi egin dela ikusita, etena egitea erabaki zen. Erraldoien gaia aurrera atera denez, ordea, ekimen berri honekin ordezkatuko da aurrekoa. Kantu kaleko kideekin batera Zizurkil eta aurrez aipatu beste herrietako 8-10 erraldoi ibiliko dira kalejiran. Hiru buruhandiak herrikoak izango dira. Giro polita sortuko dela uste dut”, aurreratu du zizurkildarrak. Ilusio biziz aurkitzen dira ekimen berriaren aurrean, “parte hartzeko modu bat baita”. Eta hain zuzen, parte hartzea, horixe da Ikerren ustez, indartu behar dena. “Herritar gazte eta bereziki helduagoek, festen antolaketan gehiago parte hartu beharko luketela uste dut, agerian bezala itzalean. Auzolanak gertukotasuna sortzen du; erraldoi eta buruhandien kasuan bezala, geure sentitzea”. Ikerrek eskerrak eman nahi dizkie erraldoi eta buruhandiak egiten laguntza eskaini dieten Talleres Amondarain, Zizurkilgo Udala eta herritar guztiei, “eskatu ahala eman digute laguntza eta eskertzekoa da hori. Herriarentzat oso aberasgarria delakoan, Udala bera zeharo murgildu da ekimenean, gertutasun handia erakutsiz”. Aurrera begira, euren helburua konpartsa osatu eta bereziki herrian, baina herritik kanpo ere kalez kale ibiltzea da. “Herritarrekin konpartsa indartsua osatu eta Zizurkilen ordezkari izan nahi dugu nonahi. Eta noski, beste helburu bat ere badugu: Zizurkil goi eta behea lotzea, herriaren konpartsa baita gurea”.

 

Kate motzean, Iker Urruzolarekin

Festetarako gogoz?
Bai. Festazalea eta zizurkildarra naiz. Festak iristeko desiatzen nago.

Zein ekintzatan hartuko duzue parte?
Ahal dudan gehienetan: Herri afarian, koadrilen arteko bazkarian, ahal badut asto karreran, mozorro festan, erraldoi-buruhandi eta Kantu kaleko kideen kalejiran, melokotoiaren hiletan, kontzertuetan, dantza ikuskizunetan ikusle… Etxea gutxi zapaltzen dut festetan.

Jaietako ekintzarik gustukoena?
Lehenengo gaua, beti: herri afaria. Xarma berezia du gau horrek. Urte guztian hitz egin gabeko herritarrek batera bukatzen dugu parrandan. Bat-batean txuria eta beltza gris bihurtzen dira gau horretan. Egun guztiak ditut kuttunak, baita koadrilen eguna ere.

Ezer gehituko al zenukete egitarauan?
Egitarauan gehitu ez, jendea gehituko nuke nik egitaraua egitera. Festa batzordean lan asko dago egiteko, baina jende gutxi. Gazteak bai, baina edadeko pertsonek ere gerturatu egin beharko lukete festa batzordera. Esaterako, gustura ikusiko nituzke 60 urteren bueltako herritarrak herri kirolak antolatzen.
Gaua edo eguna nahiago?
Gero eta gehiago gustatzen zait eguna, parranda luzeagoa baita egunez hasiz gero eta parte hartzeko aukera ere bai.

Festetan jateko? Eta edateko?
Jateko, mahaian dagoena. Edateko, berriz, jatorduetan sagardoa eta gauean garagardoa. Konbinaturen bat ere bai, noski.

Mezuren bat herritarrei?
Lotsik ez izateko. Lepoan zapia hartuta kalera atera eta parte har dezatela. Egitarautik kanpo ere euren festa egitera animatzeko: bazkari, afari, poteo… Igandean bokata afaria izango da lehenengoz. Halako aukerak aprobetxatu egin behar dira giroa sortzeko.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!