Irunberri eta Iratzar elkarteak herriko tabernen auziaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 14:01

35/02 sumarioaren baitan, 110 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen
Espainiako Auzitegi Nazionalak uztailaren 30ean. Tartean Beterri-Aiztondo eskualdeko Irunberri (Andoain) eta Iratzar (Amasa-Villabona) elkarteak.

“Irunberri elkartea pentsaera guztietako pertsonei irekita dago”

Andoaingo Irunberri elkartea Kale Nagusian kokatzen da eta 110 bazkide inguru biltzen ditu. Agustin Alberro eta Pello Oria bazkideek euren egoeraren berri azaldu dute.
Segiren aurkako auziaren sententzia ikusita, herriko tabernen auziak ere bide bera hartuko ote zuen esperantza zuen Pello Oriak, “ez da posible” pentsatu omen zuen uztailaren 30eko berria jaso zuenean. “Pozten naiz gazteak aske geratu direlako, baina ez nuen espero herriko tabernen aurka hain zigor gogorrik iritsiko zenik. Era berean, halako makroepaiketa egin ostean, norbaitek ordaindu beharko zuela ere pentsatzen nuen eta guri egokitu zaigu oraingoan”, azaldu du. Harrituta eta pozik jaso zuen lehen egun haietan herritarrek Irunberriren alde erakutsi zuten elkartasuna. “Jende asko bildu zen Irunberriri babesa erakustera, jende desberdin asko. Gerora, elkarte eta talde ezberdinak ere gerturatu zaizkigu laguntza eskaintzera, jende asko eta askori gaizki iruditzen baitzaio besterik gabe elkarteak ixtea. Aurrera begira keinu horiek bideratzen saiatuko gara”, gaineratu du.
Urte batzuk atzera eginez, Irunberriren historia laburbildu du Agustin Alberrok, “1998 urtean jaio zen Irunberri, kultur elkarte bezala. Aurtengo abenduan 16 urte beteko dira elkartea zabaldu zenetik. Hasierako urte haietan 100 emakume eta gizon baino gehiago egin ginen bazkide eta bakoitzak ekarpen ekonomikoa egin zuen elkartea sortu ahal izateko. Egun, kreditua ordaintzen bukatu ez dugunez, oraindik egoitza guztiz gurea ez dela esan behar da”. Elkartearen sorreratik, kultur ekintzak bultzatzen eta herritarren parte hartzea sustatzen saiatu direla argitu du: “Festa guztietan parte hartzea bilatzen dugu eta nahi duen pertsona edota elkarte guztiei zabaltzen diegu gure elkartea behar dutenerako”. Inauterietan, Santakrutzetan, Sanjuanetan, Gabonetan edo bestelako jai egunetan ekintzak antolatuz hartzen dute parte, herri giroa piztuz. Horrez gain, kantu jira emanaldiak, mendi ibilaldiak, mus txapelketa edota musika talde ezberdinei euren emanaldiak eskaintzeko lekua utziz urte guztian zehar ekimen ezberdinak antolatzen dituztela azaldu dute. “Herriko gainerako elkarte gastronomikoekin ere harremana mantentzen saiatzen gara eta giro ona dagoela esan dezakegu. Irunberri elkartea pentsaera guztietako pertsonei irekita dago eta agerikoa da hori, ideologia guztietako pertsonak etorri izan baitira bertara”.

Hamabi urteko auzia
35/02 auziaren baitan, azken hamabi urteotako prozesua oso luzea izan dela diote elkarrizketatuek eta epaia ezin dela inondik ere ulertu, “ETA diruz laguntzea leporatu digute herriko tabernei, baina nola da hori posible? Gure burua ordaintzen nahikoa lan badugu eta! Herriko tabernak edo egunkariak herritarren artean sortzea ez da euren estrategiaren barruan sartzen, ulergaitza zaie”. Pello Oriak baikorra dela dio, Irunberri zabalik mantentzeko esperantza duela, “nik elkartea itxiko ez dutela esaten dut, baina bada laster itxiko dutela esaten duenik ere. Ikusi egin behar…”. Argi dute egunen batean Auzitegi Nazionalak Irunberri ixtea erabakiko balu ere, aurrera begira lanean jarraituko luketela. “Lanean jarraitzeko asmoa dugu eta lokalak ixten badizkigute beste lekuren batzuk aurkituko ditugu aurrera egiteko”. Notifikazio edo epai irmoa jaso arte, euren egunerokotasunarekin jarraituko dutela ere jakinarazi dute, hori bai, “jende berria eta gehiago erakartzen ahaleginduko gara, etorkizunari indartsuago erantzuteko”. Lasai daude, gordetzeko ezer ez dutelako, “aurrez ere bi alditan etorri izan dira elkartea miatzera, baina ez dute sekula ezer topatu. Gu ekonomikoki itotzea da espainiar estatuaren helburua. Gugatik dirua jaso nahi dute. Manifestazioak edota isunak direla, Eukal Herritik Espainia aldera zenbat diru joan den aztertu beharko litzateke”.

Etorkizunari begira
Kasurik txarrenean itxiera etorriko balitz, herrian utziko lukeen hutsuneaz gain, langileei begira kalte ekonomikoa sortuko litzatekeela azaldu dute elkarrizketatuek, “bi langile finko eta egun erdiz aritzen diren beste bi baititugu Irunberrin. Eta noski, herritar heldu nahiz gazte askorentzat hutsune galanta litzateke bilgunerik gabe geratzea. Baina esan bezala, era batera edo bestera aurrera egingo genuke”.
Udazkenera begira elkartasun kanpainaren bat abian jartzea aztertzen ari dira, “elkarte, talde nahiz norbanakoei euren babesa erakusteko aukera emanez. Irunberriren aldeko egunen bat antolatzea ere buruan darabilgun ideia da”, azaldu dute.

–––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––
“Aurrera aterako garen konbentzimendu osoa dugu”

1990 urtean zabaldu zen Villabonako Kale Nagusian Iratzar kultur elkartea. Geroztik herritar ugariren bilgune izan da. Euren egoeraren berri azaldu dute bertako kide Jokin Ayestaran, Ainhoa Esnaola eta Xabier Elolak.
Uztailaren 30eko epaiarekin bat-batean topo egin ez zutela esanez ekin dio Xabier Elolak elkarrizketari, “era batera edo bestera, hor zegoen arriskua. Hainbeste urtetako prozesuaren ondoren, ez nuen uste Segi auziko gazteak bezala libre geratuko ginenik, baina herriko taberna gehienei eragingo zienik ere ez nuen espero”.  Espainiar estatuak nola legeztatutako alderdi politiko baten ondare edo patrimonioa konfiska dezakeen inondik ere ulertu ezin dutela arrazoitu du Jokinek, “herriko tabernak herritarrak bildu eta herriaren arazoak aztertu eta bideratzeko elkarteak dira. Ez dugu herriko tabernak konfiskatzerik onartzen, espainiar gobernuaren ezintasuna dela uste dugulako eta dagoeneko oso zigortuta dagoen herria gehiago mindu nahi dutelako. Aurrez ezker abertzalea legez kanpo utzi ziguten eta orain, berriz ere, gure bidearen aurka egin nahi dute politikaz gain, herriko beste hainbat gizarte eta kultur gaiez hitz egiten dugun herriko tabernak itxiz. Guztiz bidegabea iruditzen zaigu”.

Loturarik ez
Audientzia Nazionaletik jasotako sententziak, Iratzar ETAren aparatu militarrarekin lotzen du, bertan armak eta lehergailuak aurkitu izana egotziz. Elkarrizketatuek, ordea, guztiz ukatzen dute adierazpen hori; “Iratzar Kale Nagusiko 40. zenbakian kokatzen da eta aipatu aurkikuntza hura, Kale Nagusian izanagatik, ezker abertzalearen aurreko egoitza zaharrean egin zuten, Iratzar eraiki baino lehenago. Beraz, guztiz ukatzen dugu lotura hori egia denik”. Auziko herriko tabernei ETA diruz laguntzea leporatzearen aurrean, “finantziazio arazo ugari dago herrikoetan. Inor aberasteko moduko diru-sarrerarik ez da izaten hemen”, erantzun dute.

Herritarren diruarekin
Iratzar elkartea herritarrek sortu zutela jakinarazi du Xabierrek, “herritar talde batek sortu zuen elkartea, euren poltsikotik dirua jarrita; ez zuen alderdi politiko batek sortu”. Euren helburua, herritarrak biltzeko gunea izatea da eta argi dute itxiz gero ere ez direla geldirik geratuko. “Herritarren diruarekin ordaindutako herriko batetik ordaindu gabeko beste batera abiatzeko momentu txarra bada ere, ez daitezela nahastu; gune hau kentzen badigute, beste bat martxan jartzeko apustua egingo dugu. Aurrera aterako garen konbentzimendu osoa dugu”, azaldu du Jokinek. Legearen barruan ari direla dio eta “espainiar estatuak eman nahi digun kolpearekin ez gaude batere ados. Herritarrak ixildu egin nahi gaituzte, baina gu aurrera egiteko prest gaude, oraindik eta indar handiagoarekin, gainera. Espainiar gobernuaren erasoaren aurrean ahalik eta ondoen defendatzen ahaleginduko gara. Milioika euro lapurtu nahi dizkigute musu-truk, baina euskal herritar askoren saiakerarekin altxatu diren herrikoak babesten jarraituko dugu. Erabakitzeko eskubidearen alde ari gara lanean eta ez dugu hartutako norabidea utziko, gatazka konpontzea nahi dugulako. Irabazi egingo dugula uste dugu eta Arnaldok dioen bezala, irribarre egingo dugula”.

‘Irain politikoa’
Epaiak zein bide hartzen duen zain daude orain eta garaia iristen denean hartu beharreko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute. “Herriko tabernak herritarrak bildu eta elkarren artean hitz egiteko guneak dira eta hori da espainiar estatuari interesatzen ez zaiona. Indibidualistak bihurtu nahi gaituzte”. Hamabi urtetako bidea luzea egin zaie, “gastu eta neke handia eragin du prozesuak. Mikel Ayestaran herritarra Segiko auziaren baitan zegoenez, dinamika handia izan zuen Libre ekimenak herrian eta Iratzarri lotutako epai irmoa iristen denean berriz ere indar hori bilatzen saiatuko gara, ekimen ezberdinak abian jartzeko. Bitartean aukera ezberdinak aztertzen ari gara”, azaldu dute Ainhoa eta Xabierrek. Jokinek herriko tabernen auzia zigorra dela uste du eta, aurrerantzean ere, Espainian eskubiak agintzen duen bitartean bidea zaila izango dela, “1936ko Gerra garaian PSOE, PNV edota anarkisten bilguneak itxi zituzten, besteak beste. Orain, ordea, ez da aurrez aurreko gerrarik izan guri aurpegira lokalak lapurtzeko. Gertatzen ari dena irain politikoa da. Konfiskatze hitza irabazleena da. Haiek irabazle sentitzen badira, senti daitezela. Gu euskaldunak gara eta gure lurra defendatu nahi dugu. Ez diogu inori minik egiten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!