Biolina joaz igarotako uda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 13:32

Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako topaketetan murgilduta egon dira Mikel Urdangarin eta Eider Rojo andoaindarrak. Biek biolina jotzen dute txikitatik eta musikatik bizitzea amesten dute.

Kontzertuz kontzertu ibili zarete uda honetan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Eider Rojo:
Uztailean hamar egun pasa ditugu elkarrekin eta lau kontzertu eskaini ditugu; Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Hondarribin. Esperientzia bezala asko balio du.
Mikel Urdangarin: Bai, oso positiboa izan da. Musikalki ikasteaz gain, pertsonalki ere asko ematen du. Hamar egun horietan jende asko ezagutzen dugu eta harreman polita sortzen da.

Zuen musika ibilbidean pauso garrantzitsua da hori, ezta?
M.U.:
Nik bost urte daramatzat orkestran, dagoeneko azkenengo urteetan nabil, baina gogoan dut taldean sartzeak ilusio handia egin zidala. Urte hauetan oso gustura ibili naiz, izan ere, musikalki asko ematen du. Ez da berdina etxean bakarrik jo eta teknika hobetzea, edo beste 60 lagun ingururekin jotzea. Orkestrak formakuntza egokia ematen du, maila aldetik ere oso maila altua baitago.

Orkestra baten parte izateak, ordea, bere alde txarrak ere edukiko ditu…
E.R.:
Bai, instrumentuaren teknika apur bat galdu egiten da.
M.U.: Hamabi lagunek jotzen dugu biolina eta denek gauza bera jotzen dugunez, bakoitzak jotzen duena kamuflatu egiten da. Beraz, taldean ezkutatuta gaudenez, teknika galdu egiten da. Dena den, ez nau asko arduratzen, etxera bueltan gehiago entseatzearekin lehengo teknika lortzen baita berriro.

Noiz kontsideratzen duzue kontzertu bat ona, zuek gustura geratutakoan ala ikuslea gustura geratu denean?

E.R.: Zaila da esatea. Taldeak lan ona egiten duenean, kontzertu ona izaten dela esaten da, baina bakoitzaren sentsazioek garrantzia handia dute. Zuk jotakoarekin gustura geratu ez bazara, zaila da kontzertua ona dela esatea.
M.U.:  Asko eragiten du norbera nola atera den kontzertutik. Bakoitzaren sentsazioaren arabera baloratzen dugu askotan kontzertua. Kanpotik datorren iritziak asko balio du, baino norberarenak pisu handiagoa hartzen du.

Jendea animatzen al da zuen kontzertuetara?
M.U.:
  Jende gaztea oso gutxi. Nik uste dut musika klasikoak arazo bat baduela. Gaur egun orkestra asko ikuslegoari esker mantentzen dira, baina publikoa zahartuz doa eta gazteak ez dira sartzen ari. Horregatik, orkestra asko gazteentzat erakargarriak diren programak egiten hasi dira. Adibidez, filmen soinu-bandak jo genituen urte batean eta gogoan dut inoiz betetzen ez diren aretoak bete zirela. Bide horretatik jo beharko du mundu honek.
E.R.:  Musika ulertzen ez duen jendeari pisutsuak egiten zaizkio gure kontzertuak, eta zaila egiten da ordu bat baino gehiago etenik gabeko sinfonia bat entzuten egotea. Guretzat zaila bada, pentsa ikuslearentzat.

Zergatik aukeratu zenuten biolina?
E.R.:
Nik txikitatik argi izan dut biolina jo nahi nuela. Instrumentu guztiak ikusterakoan, nire lagun guztiek gitarra ikasi nahi zuten, baina nik argi nuen biolina zela nire gustukoena.
M.U.: Gu ere 6 urterekin instrumentu guztiak ikustera joan ginen. Argi neukan batzuk ez zitzaizkidala gustatzen, zeharkako txirula, adibidez. Boligrafo bat eman ziguten soinua ateratzeko, baina ez nintzen inondik inora gai izan eta albo batera utzi nuen. Gainontzeko guztietatik gehien gustatzen zitzaidana biolina zenez, horixe aukeratu nuen.

Nola formatu zarete?
M.U.:
Musika eskolan sei urtez aritu nintzen eta ondoren, partikular batzuk jaso nituen Catalín Bucatalu irakaslearen eskutik. Horren ostean, Erdi Mailako kontserbatorioan lau urten egin eta orain Nafarroako Goi Mailako kontserbatorioan nabil. Laugarren maila egitea falta zait eta datorren kurtsoan karrera amaierako kontzertua egingo dut. Urte hau, beraz, kontzertu hori prestatzen pasako dut buru-belarri.
E.R.: Ni ere zazpi urterekin hasi nintzen musika eskolan, baina lau urteren ostean, Donostiako kontserbatorioan hasi nintzen. Lehengo urtean Iruñean jarraitu nuen, Nafarroako Goi Mailako kontserbatorioan. Datorren kurtsoan bigarren maila egingo dut.

Zenbat denbora eskaintzen diozue musikari?
M.U.:
Karrerako azken kontzertua prestatzeko egunero bost ordu gutxienez eskainiko dizkiot biolinari. Orain arte ez da gutxiago izan, baina kontzertua prestatzeak denbora asko kenduko dit. Eguneko une txikiak aprobetxatzen saiatzen naiz, izan ere, jarraian entseatzea baina hobea da zatika jotzea. Alferkeria handiagoa ematen du, baina eraginkorragoa da. Dena den, zatika edo jarraian izan, ordu asko eskaintzen dizkiot.
E.R.:  Nire kasuan, egunean hiru ordu inguru eskaintzen saiatzen naiz, baina ikasgai asko izaten ditugu eta zaila izaten da. Dena den, ahalik eta gehien jotzen saiatzen naiz; izan ere, biolina gai jarrai bat da, etengabe hobetzen zoazena eta egunero-egunero egindako lanaren emaitza.

Musikatik bizitzea gustatuko al litzaizueke?
M.U.:
Bai, dudarik gabe. Jende askok instrumentua afiziotzat dauka, baina gure ikasketak egiten dituen jendeak hortatik bizi nahi duelako egiten du. Ni behintzat helburu horrekin hasi nintzen Goi Mailako karrera egiten. Egia da, hala ere, jendeak ez dakiela ikasketa hauek badaudenik ere. Zer ikasten dudan galdetu eta biolina ikasten dudala erantzundakoan, eskolaz kanpoko zerbait izango balitz bezala ulertzen dute.
E.R.:  Jendeak musika afizio bezala hartzen du, denbora pasatzeko zaletasun moduan. Baina guk musikan profesional izan nahi dugu eta hortatik bizitzea amesten dugu. Egia da txikitan afizio bezala hasi ginela, ez genekien honetaraino helduko ginenik, baina urteak pasa eta konturatu gara benetan gustuko dugula.

Zer da musika zuentzat?
M.U.:
Niretzat egunerokotasunetik aldentzeko modu egokia da, nire barruarekin aurkitzeko modua. Izan ere, nik  momentuan nagoen egoeraren arabera jotzen dut; hau da, ondo jotzen dut pertsonalki ondo banago, baina beste batzuetan okerrago jotzen dut pertsonalki okerrago sentitzen naizelako. Nire niarekin aurkitzeko eta bizitzeko era polita da biolina.
E.R.:  Gehien gustatzen zaidana da musika, egunero delako nire bizitzaren parte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!