‘Aizan, haurren mundua’ zizurkildarren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 13:29

Ainhoa Zunzunegi eta Izaro Lizarraga zizurkildarrek ekimen berria jarri dute abian.
Haur eta gaztetxoentzako arropa alai eta biziak egiten dituzte eskuz, Aizan zigilupean.

Iazko udazkenean hasi ziren buruan zerabilten asmoa garatu eta haur eta gaztetxoentzako arropak eskuz lantzen. Igaro berri den ekainean Tolosako azokan hartu zuten parte lehenengoz eta geroztik beste hainbat azokatan saldu dituzte euren produktuak uda honetan zehar. “Izarok marrazkiak margotuz edo nik oihalekin marrazkiak josiz, inguruko lagunen umetxoei eskuz eginiko arropak oparitzeko ohitura geneukan, opari pertsonalagoa eginez”, azaldu du Ainhoak. Lagunek, askotan esaten omen zieten egunen batean elkarlanean ekimenen bat abian jarri beharko zuketela eta animatu egin dira azkenean.
0-9 urte arteko haur eta gaztetxoentzat lanean hasi ziren arren, dagoeneko 14 urtera artekoentzat zabaldu dute eskaintza, eskaera ugari jasotzen zutelako. Helduagoentzat ere eskaerak jasotzen hasiak dira, baina “merkatua asko zabaltzea dela” uste dutenez, nahiago dute pauso horiek pixkanaka eman. Euren lanen artean denetariko marrazkiak aurki daitezke: animaliak, zuhaitz eta loreak, abstraktuak… Batzuk errotulagailuarekin edo pintzelarekin margotuta, Afrikako oihal biziak josita osatutakoak besteak. Feston delako puntua egiten Internet bidez ikasi zuen Ainhoak, “tarteka orratzarekin behatza zulatuz. Hasieran marrazki bat josteko denbora dezente behar izaten nuen, baina dagoeneko hartu diogu neurria. Etxean aritzen gara lanean, batzuetan biok batera kontuak esanez, bestetan bakarka. Izarok nik ez dudan eskua eta imaginazioa ditu marrazkirako”. Izan ere, umetatik gustatu izan zaio marraztea Izarori. Arte ederrak ikasi eta gero ere marrazketa landu du batik bat. Oraintxe amatasun bajan badago ere, ordenagailuzko disinugintzan egiten du lan publizitate agentzia batean.

Ideia berri ugari
Orain artean azoka asko egin ez badituzte ere, hasierako erantzunarekin gustura daudela jakinarazi dute: “Saltzeaz gain, jendeari gure produktuak gustatu egin zaizkiola ohartu gara eta gustura gaude harrerarekin, aurrera jarraitzeko gogoz. Ume jaio berriei begira bereziki, inguruko jendea enkarguz jantziak eskatzen ere hasi zaigu, marrazkiak nahiz jantziaren kolore zehatzak eta haurraren izena jartzeko eskatuz. Kasu horietan eskutik eskura ematen ditugu jantziak”, azaldu du Izarok. Momentuz euren eskuz eginiko kamisetak, galtza edo mallak, haur txikientzako txintxirrin edo sonajeroak edota negurako zekalez egindako zakutxoak landu dituzte bereziki. Aurrera begira, ez daude ideia faltan, “negurako sudaderak eta bodiak egin nahiko genituzke. Baita umeentzako galtza eta minigonak ere. Jaioberrientzako zintzilikarioak edota mugikorrarentzako poltsak egitea ere buruan darabilgu. Guri gustatzen zaigun arropa eta txikientzat faltan bota duguna egiten saiatzen gara”, zehaztu dute.

Esker-oneko lana
Haurrei zuzendutako lana esker onekoa dela konturatu dira. “Dudarik gabe, helduentzat baino askoz ere errazago erosten da umeentzako arropa azokatan. Oparitarako asko saltzen dugu, gerturatzen diren bezero asko opari bereziago baten bila etortzen dira. Gure eskaintza modu onean saltzeak ere jende dezente erakartzen du”. Aurrera begira hainbat azokatan parte hartzeko izena eman dute. “Izena eman arren, ordea, ez dakigu denetara joateko aukerarik izango ote dugun, herri bakoitzean izena emandako kide kopuruaren arabera aukeraketa egiten baitute. Momentuz, Ibarra, Leaburu eta Asteasuko azokatan eman dugu izena”. Zizurkilgo festetan, umeen egunean seguruenik, postua jartzeko asmoa ere azaldu dute. “Oraindik ez dugu herrian gure lana aurkezteko aukerarik izan eta gogotsu gaude. Urrian, Zizurkil goiko edota Leaburuko azokatan ere izango gara. Hemendik aurrera hasiko da azoken boladarik indartsuena”.

Aizan, haurren mundua
Buruan darabilte euren lanak erakutsi eta erosteko aukera eskainiz, etorkizunean webgunea abian jartzea. Baina hasiberriak direnez, aurreragorako utzi dute apustu hori. Uneotan, euren logotipoari itxura ematen ari dira eta haiekin harremanetan jartzeko txartelak egin nahi dituzte, “Aizan izena jarri diogu ekimenari; Ainhoa eta Izaro izenak bilduz, emakumeak eta amak garelako… Logotipoan ‘Aizan, haurren mundua’ leloa zehaztu dugu, haurrekin lan egiten dugula argitzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!