Azken urteotan indarra hartzen ari dira batukada feministak. Eskualdean ere izan da mugimendurik; Andoainen esaterako, San Juan jaien atarian sortu zen taldea eta lehen saioak ere eskaini dituzte. Ikusgai dago ikasturte berrian ekimenari jarraipena emango dioten edo ez. Nolanahi ere, irailaren 13 eta 14an, Larraulen elkartu eta zaletasun horretan gehiago sakontzeko aukera izango dute.
Emakumeak, kalera
Hiru urte daramate Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedok batukada feministak sortu eta irakasle lanak egiten. “Herri askotan barrena ibili gara. Guk proposatzen duguna ez da batukada hutsa. Emakumeak kalera ateratzeko modua da. Emakumeok ez dugu kalea oso maiz hartzen, eta batukada feministak horretarako aukera ematen digu. Guretzat oso bide aberasgarria izan da hiru urte hauetan egin duguna. Adin, egoera eta izaera ezberdinako ehunka emakume ezagutu dugu; euren arazoen inguruan hitz egin eta elkarrekin egoteko aukera eman digu. Musikak eman digu horretarako bidea eta oso aberasgarria izan da”, azaldu du Ainara Sarasketak.
Elkar ezagutzea
Larraulen antolatutako topaketen helburua, batukada ezberdinetan parte hartzen duten emakumeek elkar ezagutzea da: “Musikak eskaintzen digunaren inguruko hausnarketa egingo dugu elkarrekin. Martxan jarri ditugun batukadetako emakumeak batzea da helburu nagusia. Topaketa hau, beraz, aurrez batukadetan parte hartu dutenei dago zuzendua”.
Solasaldiak, musika saioak, tailerrak edota otorduak antolatu dituzte asteburu horretarako. Gasteiz eta Madrildik etorritako adituak ere izango dituzte topaketa hori borobiltzeko.
Larraulgo Hezkide eskolan elkartuko dira irailaren 13an. “Beste aukera batzuk ere aztertu genituen, baina Larraulgoa asko gustatu zitzaigun etxe osoa guretzat izateko aukera ematen zigulako. Goxoago egongo gara modu horretan”, azpimarratu du Ainarak.
Tailerrak eta solasaldiak
Erritmo afrobrasildarretan trebatzeko aukera eskainiko dute topaketari hasiera emateko eta ondoren, bazkari goxoaz indarberrituko dira bertaratzen direnak. “Bazkari kolektiboa izango da larunbatekoa; bakoitzak zerbait eramango du guztien artean jateko. Elkar ezagutzen hasteko modua emango digu horrek, bakoitzak zer prestatu duen azalduz”, dio Ainara Sarasketak.
Batukada feministaren inguruko eztabaida egingo dute bazkalostean, eta tailerra jarraian: “Batukadak gutako bakoitzari zer eskaintzen dion, nola bizi dugun azalduko dugu. Talde-lana, norberarekiko konfiantza, batukadak kaleak okupatzeko bide gisa..., arlo ezberdinak jorratuko ditugu”. Elkarrekin afaldu ondoren, musikaz gozatuko dute.
Igandean, erritmo afrobasildarrekin ekingo diote egunari, eta bazkaldu ondoren, elkar agurtzeko garaia iritsiko da. Lehendabiziko topaketa izango da Larraulgoa, baina ekimenari jarraipena emateko asmotan dira. Udako oporraldia amaituta, laster jarriko dituzte martxan batukada feministak hainbat herritan; Tolosa, Donostia, Hernani...
Izen-ematea
Topaketetan parte hartzeko izena eman nahi duenak, batufeminista.wordpress.com gunean izango du horretarako aukera irailaren 8ra bitarte. Larraulen gaua pasa nahi duenak, 45 euro ordaindu beharko ditu. Tailerretan parte hartu ondoren lotara etxera itzultzeko asmoa duenak, berriz, 35 euro. Gune berean aurki daiteke urtean zehar eskaintzen dituzten tailer ezberdinen inguruko informazioa.
Egitaraua
Irailak 13, larunbata
10:00 Erritmo afrobrasildarren I tailerra.
14:00 Bazkaria.
16:30 Eztabaida, "Batukada Feminista. Musika, eraldaketarako bidea?”.
18:00 Batukada tailerra. Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo.
21:00 Afaria.
Ondoren, afaloste musikatua.
Irailak 14, igandea
11:00 Erritmo afrobrasildarren II tailerra.
14:00 Bazkaria.