Martxan da Iñolaz erromeria taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 13:26

Sortu berria da Iñolaz erromeria taldea.  Juan Tapiaren ikasleek osatu dute eta gogotsu ekin diote euren ibilbideari.

Aurreko ikasturte hasieran eman zituzten erromeria taldea sortzeko lehen pausoak. Maria Beloki taldeko abeslaria da eta hark eman ditu azalpenak: “Juan Tapiak aipatu zigun erromeria taldea sortzeko gogoa zuela eta bere ikasleotako batzuri proposamena luzatu zigun. Larunbat goizetan elkartzen hasi ginen entseguak egiteko eta pixkanaka, taldea forma hartzen hasi zen”. Hamabost eta hogei urte arteko gazteek osatzen dute taldea, eta gogotsu ari dira.

Gehienak herritarrak
Bederatzi kide dira guztira, gehienak asteasuarrak. “Ni neroni zizurkildarra naiz eta Goizane Lazkaokoa. Gainerako guztiak, asteasuarrak dira; Alaitz Santos, Andrea Iraola, Maria Iraola, Marina Blanco, Leire Olano, Jon Egiguren eta Aitor Irazu. Denetariko instrumentuak sartu ditugu taldean; soinua eta panderoaz gain, gitarra, bateria, biolina edota teklatua, esaterako”, azaldu du Mariak.
Larunbatero, hutsik egin gabe aritu dira entseguetan. Hala azpimarratu du Maria Belokik: “Oso giro onean aritu gara. Ia guztiok ezagutzen genuen elkar taldea sortu aurretik ere, eta oso ondo moldatu gara. Larunbat goizetan, ordu eta erdiko saioak egiten genituen eta plazara ateratzeko eguna gerturatzen zihoan heinean, maizago biltzen hasi ginen”.

Sanpedroetan
Asteasuko Sanpedroetan eskaini zuten jendaurreko lehen saioa. Mariak aipatu duenez, oso gustura sentitu ziren taula gainean. “Hasierako urduritasunak ahaztuta, nahiko lasai aritu ginen. Jaietako lehen eguna zen eta nahiko jende hurbildu zen plazara. Ordu eta erdiko saioa eskaini genuen eta jendea gustura egon zela iruditu zitzaigun. Eszenatokitik jaitsita, zoriontzera gerturatu zitzaizkigun batzuk, eta hori oso pozgarria izan zen. Juan Tapia berak ere, ondo aritu ginela esan zigun. Gainera, plazara gerturatutakoen arteko bat baino gehiago jarri genuen dantzan”.

Erromeria giroa
Erromeria giroko musika jorratzen du Iñolaz taldeak. “Hogeita hamar abesti inguru prestatu genituen Asteasuko jaietarako. Niri izugarri gustatzen zait erromeriatan sortzen den giro hori; asko gozatzen dut beste taldeek eskainitako saioetan, eta asko gozatu nuen, baita ere, taula gainean. Etorkizunera begira, estilo ezberdineko zenbait abesti ere tartekatzeko asmoa dugu; Berri Txarrak taldearen kanturen bat edo Urtz-en besteren bat”.

Iñolaz
Taldearen izena aukeratzeak buruhauste batzuk eman zizkien gazteoi eta azkenean, hiztegitik aukeratutako hitz batzuez osatutako zerrenda prestatzea erabaki zuten. “Zerrenda hori guztien artean banatu eta taldeari Iñolaz izena jartzea erabaki genuen. Asteasuko saioaren atari-atarian hartu genuen erabakia gainera”, azaldu du Mariak.
Ikasturte berria hasitakoan jarriko dira berriz martxan Iñolaz erromeria taldeko kideak. “Oso gustura aritu ginen eta jarraitzeko gogoz geratu ginen denak. Urria inguruan berriz ere entseguak egiten hasteko moduan izango garela iruditzen zait. Saioei dagokienez, pentsatzen dut pixkanaka taldea sendotzen joango dela eta saio gehiago sortzen joango zaizkigula. Etorkizunak esango du hori”.

Aitaren bidetik
Taldeko abeslaria da Maria Beloki zizurkildarra. Bere aita Ramonek ibilbide luzea egin du musika munduan eta orain, alabak ekin dio bide horri: “Los Rubi eta Inguma taldeetan ibili izan da aita. Tronpeta jotzen du eta abeslari lanetan ere aritzen zen talde horietan. Urte asko pasa ditu plazaz plaza musika eskaintzen. Etxean, saio batzuk egiten ditut berarekin, abesten trebatzeko. Gomendioak ere ematen dizkit aitak; ahotsean indar handia dut eta indar hori apaltze aldera, mikrofonotik aldentzeko joera dut. Ohitura hori zuzentzen laguntzen dit aitak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!