Horiek izan dira, hain zuzen ere, Urnietar Prestu 2014 saria erabaki duen epaimahaiak aintzakotzat izan dituen merezimenduak:
• Batetik, Urnietan ohitura eta usadiozko euskal dantzak erakusten eta horiei arnas berria ematen egin duen lan nabarmen eta aipagarria, euskal dantza belaunaldi berriei erakargarri eginez.
• Bestetik, usadiozko euskal dantza sorta zabal bat ikuspegi berritzailez eraldatzen eta berritzen asmatu du, maiz dantza garaikidearen ezaugarriez, baina baita ere bere-berea duen estilo batez, Egape dantza taldea euskal dantza berritzailearen eredu eta adibide bihurtuz Urnietan bertan eta, baita herritik kanpo ere, Euskal Herri osoan.
• Azkenik, dantza-ikuskizun moderno eta plastikotasun estetiko handikoak, oso ederrak, sortu ditu aipatu dantza taldearekin, Urnietan ekoitzi diren beste ikuskizun batzuetarako, oso bereziki aipa liteke, duela urtebete taularatu zen 1936 antzerkia.
IBILBIDE LUZE ETA OPAROA
Aukeran Dantza konpainiaren sortzaile, koreografo eta zuzendari, dantzaria ere konpainiaren sorreran (1997); Bere oinarrizko formakuntza dantza tradizionala izanik, bere ibilbide profesionala dantza-hizkuntza garaikidea eta tradizionalaren arteko esperimentazio eta berrikuntzara bideratuta egon da; ondorioz, koreografi berritzaileak sortu eta osatu ditu berak zuzendutako lanetan: ”Sutargi” ikuskizunarekin aurkeztu zen konpainia. Euskadin, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Murtzian eta Frantzian barrena bira egin zuten, eta bai publikoak bai kritikak harrera oso ona egin zien. 2003ko udan Donostiako Kursaalean bigarren sorkuntza estreinatu zuten, “Izena duen guztia omen da”, lan honekin dantza konpainia egonkor gisa finkatu zen, eta Manilaraino bidaiatu ziren Cultur Center of the Philippines-en antzezteko beren lana; 2006ko uztailean Donostiako Antzerki feriaren barnean "Bideak" azken lana aurkeztu zuten, Azpeitiko antzerki topaketetan Ikuslegoaren Saria lortuz.
2007 urtean, konpainiaren 10. urteurrena ospatzeko aurreko hiru lan garrantzitsuenetan oinarritutako ikuskizuna eraman zuten Euskal Herriko hainbat antzokitara.
“GERNIKA, mihise gaineko dantza” (2009) Donostiako Victoria Eugenia Antzokian (Dferia) mustu zuten eta 2011 urtean, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin lakidetzan, Neguko Kontzertuen barruan eszenaratu zuten, Erkidegoko hiru hiriburuetan; Argentina eta Uruguain barrena egindako biran ere arrakasta itzela izan zuten ikuskizun honi esker. 2011 urtean “Burnia”, Arriaga Antzokiaren eta Aukeran Dantza Konpainiaren arteko ekoizpena estreinatu zen.
2014an, Donostiako Dferian konpainiaren azken ikuskizuna, “Geltokia”, mustu zuten.
1994-1996 urteetan Gipuzkoar “Aurreskuko” eta “Dantza Solteko” Euskadiko txapeldun izan zen; Zinemaldiko dantzari ofiziala hainbat urtetan; Kepa Junkera, Oreka TX musikariekin edota Euskadiko Gazte Orkestrarekin elkarlanean aritua da; Carlos Saura, zinegile ospetsuaren “Iberia” filmean parte hartu du; Bilbao Ballet elkarteak antolaturiko “Euskaldunak eta dantza” ekitaldietan ere izen handiko dantzari profesionalekin partekatu du eszenatokia, Lucia Lacarrarekin eta Igor Yebrarekin, besteak beste.
Aholkulari artistiko eta koreografo lanetan aritu da azken urtean, Pier Paul Berzaizek zuzendutako “Haien ametsa gurea da” (Amaiur) antzezlanean eta “El caserio” zarzuelan (2011, 2013), Ainhoa Artetarekin, Arriaga Antzokia eta Oviedoko Campoamor antzokien arteko koprodukzioan, besteak beste.
Hezitzaile gisa, hainbat dantza eskoletan irakasle izana da eta gaur egun ere aritzen da Euskal Herriko hainbat herritan; baita atzerriko dantza eskoletan ere, Pariseko Eskualdeko Kontserbatorioan (2011), irakasle eta ikasleei zuzendua, besteak beste; Gaur egun eta honi lotuta, dantzarekin sentiberatzeko hainbat proiektu bultzatzen eta zuzentzen du Urnietako Saroberekin lankidetzan.
Eginahal zabal horretan txertatu behar da, Urnietako dantzari gazte eta helduekin azken urte hauetan guztietan egin duen lan bikaina.
ERABAKIA AHO BATEZ
Aho batez hartu du epaimahaiak erabakia. Izan ere, Muruamendiaraz urte askotan herrian egindako lan bikain eta ahalegin estuak bihurtu du, bai urnietar eta baita prestu ere izatea.
Urnietar prestu 2014 saria irailaren 29an jasoko du Muruamendiarazek, jaietan ospatuko den Iñistor egunaren bazkalostean, Jakutegi plazako jai gunean, arratsaldeko bostetan.