“Ostalari izateaz gain, sakristau ere bagara”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 10:37

Juan Lopez de Munain eta Mari Karmen Txapartegi senar-emazteak duela 41 urte zabaldu zuen San Esteban erretegia Goiburu auzoan. Datorren urriaren 5ean ateak itxi aurretik, hitza hartu dute.

Gogoan izango dituzue erretegia zabaldu zenuteneko lehen urte haiek…
Juan:
San Esteban egunez ireki genuen erretegia, duela 41 urte. Ni Mitxelinen eta baserri munduan aritzen nintzen orduan lanean eta asteburuetan egiten genituen erretegiko obrak. Taberna hau ukuilua izan zen lehen eta neronek bota nituen borrarekin erretegia egiteko paretak. Oso gustura ari nintzen Mitxelinen, baina gazte nintzela jende askok esaten zuen Goiburu auzoan taberna falta zela eta ganbarari bueltaka ibili ondoren, pausoa ematea erabaki nuen, 24 urte nituela. Mari Karmen neskame zegoen orduan Igeldon eta Mendizorrotzara joan zen sukaldean esku pixka bat hartzera. Ni ere astez baserri eta fabrikan lanean aritu ondoren, igandetan mostradorean lanean ikastera gerturatzen nintzen. Auzoa jendez gainezka zegoela ireki genuen erretegia, oraindik ere esperientzia eskas samarra genuela.
Mari Karmen: Hilabete batzuetan Mendizorrotzako sukaldean ikasten arituta, ideia pixka bat behintzat hartu genuen. Hala ere, erretegiaren irekiera egun handia egokitu zen eta kolpean hasi ginen lanean. Hasiera gogorra izan bazen ere, pixkanaka moldatu egin ginen erritmora.

Zu Mari Karmen, jaiotzaz ez zara goiburutarra. Nondik etorri zinen honuntza?
M. K.:
Aizarnakoa naiz izatez. 21 urte nituela, hemen lotu genuen gazte-gazterik gure bizitza. Heldu beharreko bizimodua egokitu zitzaigun; hamabosgarren senidea naiz familian eta 13 urte nituela amarik gabe geratu ginen. Batetik bestera goiz hasi ginen neskame lanetan, beraz.

Non ezagutu zuen elkar Goiburu eta Aizarnako bikoteak?
J.:
Erromerian ibiltzen ginen topera. Guretzat soberan zeuden beste saladefiesta guztiak. Aia aldeko ganbara zaharretan guk atera genuen brilloa.
M. K.: Zarautzen neskame nengoen orduan ni. Igande arratsalde guztietan izaten ziren erromeriak eta oso gustuko genituen baserri giroko jai haiek.

Behin erretegia zabalduta, Mari Karmen sukaldean eta Juan tabernako barran aritu izan zarete lanean urtetan. Zer diozue zuen langintzez?
M. K.:
Juanen arreba eta izebari sukaldean lagundu arren, zerbitzari bezala hasi nintzen aurrena. Gero pixkanaka sukaldari lanei eutsi eta urte asko egin dut langintza horretan. Horretara bildu gintuen bizitzak eta ahalik eta goxoen egiten saiatu gara, baina gustatu…, ez dakit hainbeste gustatu izan zaidan sukaldariaren lana. Liburuetatik ikasi nuen plater berriak prestatzen, baina lehenengo, praktika beti etxean egiten nuen, nahi nuen zaporea lortu arte. Hasiera-hasieratik taberna eta jatetxe moduan zabaldu genuen erretegia, astegun nahiz asteburu. Asko lagundu digute seme-alabek ere. Estebe semea kozinan ikasten ere aritu zen eta hark ikasitakoarekin ideia berri batzuk ere erantsi genituen.
J.: Ni barran eta parrillan aritu izan naiz lanean. Parrillaren ardura nirea izan da beti, batzuetan barratik parrillara korrika ‘honezkero txuleta buelta emateko prest zegok’ pentsatuta. Orain lasaiago aritzen naiz. Zerbitzariak etorritakoan mostradorea utzi eta parrillan soilik aritzen bainaiz. Parrillan, bertan begira egotea komeni da, alde eginez gero traizioa egin baitezake azkar batean. Behin potolo samarra gertatu zitzaidan: parrilla arrain, arkume eta txuletaz leporaino beteta neukala, denak su hartu zidan. Bezeroei zer gertatu zen azaldu eta pixka batean itxaron egin beharko zutela esan genien. Eskertu egin ziguten.
Bestalde, gaztea nintzen bitartean aise egiten nuen barran bestaldeko lana. Orain gehixeago kostatzen zait eta burua ere makalago sumatzen dut. Lehen buruz egiten genituen kalkulu guztiak; baita festetan ere, egur handienean ari ginenean. Orain makina hauek triki-traka hasi direnean, tontotu egin gara.
Barrako lanak armoni polita du gehienean, aditu eta esan biak egiten baitira. Nik behintzat hala egin izan dut; ez aditu bakarrak, baita esan ere.

Hainbeste urtean, erretegian gertatutako pasadizoren bat aipatuko al zenukete?
M. K.:
Behin italiar batzuk etorri zitzaizkigun afaltzera eta hango futbol ligako partida garrantzitsu bat ikusi zuten bertan. Haien gogoko taldeak irabazita, gustura baino gusturago joan ziren. Zeinu bidez ulertu genuen elkar. Bestalde, erretegiaren ondoko ermitan ezkontza asko izan da; tartean, baita kanpoko herritarrenak ere. Bitxikeria gisa, Denia eta Baionako bikote bat ezkondu zen bertan behin. Meza ondorenean gonbidatu guztiei sagardoa emateko enkargua genuen eta semea aritu zen sagardoa zerbitzatzen.
J.: Hainbeste urtean pasarte mordoa izan dugu hemen, batzuk kontatzeko kuriosoak eta beste batzuk kontatzerik ez dagoenak. Pasadizo asko eta asko festa giroan sortutakoak, noski. Neronek, barraren bestaldean izanagatik, etxean bertan egin izan ditut parrandarik luzeenak. Okina etorri ondoren joan izan naiz askotan ohera, goizeko zortzietan.

Zuen jaki eskaintzan, berezitasunen bat nabarmenduko al zenukete?
M. K.:
Parrillan erretako jakiak oso kuttunak izan dira, bai arrain eta bai haragi. Labeko arkumea ere bai. Saltsako isatsak ere arrakasta beroa izan du eta zer esanik ez haragi egosizko kroketek, gazteen artean bereziki.

Andoaindarrak gerturatu izan dira bereziki erretegira, baina zein beste txokotakoak?
M. K.:
Andoaindarrak asko. Herriko jende asko ibili dugu erretegian eta asko zor diegu haiei. Donostia aldetik ere jende asko etorri izan da. Bestela ere bai, udako urte garai honetan, madrildarrak edota kataluniarrak, besteak beste.

Zein ohitura aldaketa nabarmendu duzue azken urte hauetan?
J.:
Hasieran taberna goizeko 09:00etan zabaltzen hasi ginen, goizean goiz jende asko etortzen zelako, mendian buelta eginda edota ehiza garaian bereziki. Azken urteetan 11:00tan zabaltzen ditugu ateak eta 12:00ak aldera etortzen da lehenengo bezeroa.
M. K.: Gaurko gazteek ez dute hamaiketakoa egiten ikasi. 13:00ak aldera etortzen dira gehienak. Asteburuetan hamaiketakoa egiteko ohitura galdu egin da. Bestalde, jende asko etortzen zen lehen ermitako eguerdiko mezetara. Azken aldera, asko jaitsi da ohitura hori ere.

Tabernaz gain, zuek kudeatu izan duzue etxe ondoko San Esteban ermita azken urteotan. Zein izan da zuen eginbeharra?
M. K.:
Gure etxean izan da ermitako giltza azken urte hauetan eta guk atenditu izan dugu bertara gerturatzen zena. Garbiketa, berriz, auzoko baserritarren artean egiten dugu hilero, auzolanean.
J.: Ostalari izateaz gain, sakristau ere bagara.
Auzoko gazteak ermitari bizia emateko kontzertua antolatu zuten maiatzaren amaieran eta lepo bete zen. Polita izan zen. Aurrera begira ere, erabilera eman nahi diote gune horri.
M. K.: Udan zehar, Donostiko Hamabostaldian eskaini zuten emanaldia prestatzen aritu zen bertan Ondare abesbatza. Oso gustura etorri ziren ermitara, asko gustatu zitzaien lekua.

Urrian ateak itxiko ditu jatetxeak. Hainbeste urte lanean aritu eta gero atsedena eskatzen al du gorputzak?
J.: Urriaren 5a izango da azken eguna. Egun horretan lan egin ondoren itxi egingo dugu erretegia.
M. K.: Ni nekatu naiz dagoeneko. Hainbeste urte eta gero, astuna egiten da azkenerako. Gainera lana ere ez da lehen bezala ateratzen.
J.: Alde batetik atseden hartzeko gogoa dugu, baina bestetik, pena ere bai; hainbeste urtean bezero diren lagun asko egin dugu eta horiek erabat ikustetik geratzeak pena handia ematen du. Orain gertu ditugu eta ez gara konturatzen, baina gerora haiekin askotan gogoratuko garela uste dut.
Aurtengo festetan, 41. urteurrenean omenaldia eskaini zizueten herritarrek. Omenaldi hunkigarria…
M. K.: Sekulako sorpresa izan zen. Ez genuen inondik ere halakorik espero. Bilobak aurreskua dantzatu zigun eta auzotar askok hartu zuen parte omenaldian. Oso polita izan zen.
J.: San Esteban egunez ermitan abesbatza izaten da kantuan eta haiek ere abestu egin ziguten. Hunkigarria izan zen, motza eta oso polita, ataria bete jende zegoela.

Zaletasunetarako denbora izango duzue orain. Zein asmo duzue aurrerantzean?
M. K.:
Jaiki eta gero, ‘gaur zer?’, pentsatzen hasi beharko dugu aurrerantzean, orain arte jaiki orduko bai baitakigu nora joan behar dugun.
J.: Beldurra daukat andrea babarrunak jartzen hasten denean lehengo eltze handia jarriko ote duen. Hala bada, hamabost bat egunean aritu beharko dugu babarrunak jaten.
Aurrera begira, ikusiko dugu zer egin. Niri ez zait sekula baratzea gustatu, baina orain, pentsatzen jarrita, igual animatuko naiz. Hala bada, bat baino gehiago harritu egingo da ni han ikusita. Segida handiko kargua du baratzeak, baina egun guztian zehar zer edo zer egin beharko da…
M. K.: Loreak asko gustatzen zaizkit niri eta orain, etxe aurrean edukitzerik ez neuzkan loreak eduki behar ditudala etortzen zait burura. Orain bakar batzuk ditut, baina gehiago jarriko ditut aurrerantzean, etxebizitzan loreak beharrezkoak direla iruditzen baitzait. Kanpotik alaitasuna ematen dute eta loreak dituen etxebizitzak argitasuna duela iruditzen zait. Bestela, bilobei kontu egiteko denbora ere izango dut.


Auzo giroa indarrean
Auzotarrek suspertuta, urte guztian zehar indarrean dago Goiburun festa giroa. “Gure gazte garaietan ere baziren Santa Ageda nahiz Gabonetako kantu errondak edo soldadu-lagunak… Gero, urte askoan giroa hil samarra egon da, baina berriz ere auzoko gazte talde handia biltzen da egun horietan eta baita auzoko jaietan ere”, azaldu du Juanek.  Giro horretan erretegiaren itxierak zein eragin izango duen galdetuta, “agian tristexeago geratuko da auzoa, baina gu hasi ginenean bakarrak ginen eta orain beste bi behintzat geratuko dira”, erantzun du Mari Karmenek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!