Kanpairik gabeko kanpandorrea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 10:33

Joan zen abuztuaren 16an gertaera bitxiaz ohartu ziren Zizurkilen: Arantzazuko ama elizako kanpaia ez zen inon ageri...

Zizurkilgo Udal langile batek jakinarazi duenez, Arantzazuko ama elizan mantenu lanak egiten dituen herritarra abuztuaren 16an konturatu zen kanpandorreko kanpaia falta zela. Hark jakinarazi zien Udaleko kideei gertatutakoa. “Hormigoizko oinarri batean zintzilikatuta zegoen kanpaia eta itxura guztien arabera, bi alboak hautsita eraman zuten bertatik”. Kanpaia brontzezkoa da, 50-60 kilo artekoa, eta dirudienez, brontzeak duen kostu altua ikusita, norbaiti erakargarri egin zitzaion kanpaia hartzeko kanpandorrera igotzea. “Lauzpabost metroko altueran kokatzen zen kanpaia, ez oso altu. Ondorioz, ez da bereziki zaila sakristiko teilatu gainera igotzea. Bestalde, gauez leku ilun samarra denez, lapurretan ari denarentzat leku eroso samarra ere izan daiteke”, argitu du Udal langileak. Oraindik behintzat ez dakite nor/nortzuk izan den/diren lapurra/k. Ez dute  susmorik ere.
Elizaren inguruan topo egindako herritar batek azaldutakoaren arabera, bestalde, badirudi azken boladan kanpaiari ez zitzaiola erabilerarik ematen eta kanpaiaren dilin-dalan hotsak aireratzeko lana kanpaiaren ondoan kokatutako megafonia sistemak egiten duela.
Era berean, gertaeraren ondoren paperak begira hasi direnean, kanpaia nahiz Arantzazuko ama eliza Udalaren jabetzakoak direla ohartu dira eta ondorioz, aurrera begira, erabaki politikoa izango da kanpai berria berriz ere elizaren kanpandorrean jartzea edo kanpairik gabeko kanpandorrea izatea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!