“Jendearen ilusioa ikusteak lanean jarraitzeko gogoa piztu egiten du”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 10:22

1982 urtean Arratzaingo futbol zelaia inauguratu zenetik, belar naturaleko zelaia izan bada, epe laburrean belar artifizialeko futbol zelai berri eta handiagoa izatera igaroko da. Billabona KEko entrenatzaile eta zuzendaritzako kide Mikel Elizegi eta Sergio Pascualek hartu dute hitza.

Azkenean iritsi da hainbeste desiotako belar artifizialeko futbol zelaia!
Mikel:
Duela hiru urte hasi ginen Udalarekin harremanetan eta hainbat akordio tarteko prozesua zertxobait luzatu egin bada ere, Villabonako Udalak egindako apustuari esker belar naturaleko zelaitik artifizialera pasatzeko eguna iritsi da. Aspaldidanik zain geunden pausoa da eta oso gustura gaude.

Zein behar nagusi antzematen zenuten belar naturaletik artifizialera pasatzeko?
M.
: Bereziki, entrenatzeko garaian aldaketa dezentea izango da. Lehengo belar naturaleko zelaia oso polita zen, baina partidak jolasteko bakarrik erabiltzen genuen. Orain artifizialarekin, Flemingo instalazioetan entrenatzeari utzi eta horrez gain, ordu berean talde gehiago entrenatzeko aukera izango dugu, zelaia erdibanatuta. Entrenamendu onak egin ahal izateko zelai ona edukiko dugu aurrerantzean. Bestade, zelai berriak hazteko aukera ere emango digu: dagoeneko, erregional eta kadete talde bana sortu dugu aurten.
Sergio: Bestalde, belarraren zaintzari begira ere nabarituko da aldea. Belar naturala zaintzeak lan handia eskatzen zuen eta artifizialak arindu egingo du hori.
M.: Belarra zaintzeko, txandaka aritzen ziren hiru pertsona bolondres genituen. Garaiaren arabera, behin edo bitan moztu beharra zegoen belarra astero eta margotu ere bai. Lan horiek guztiak ahaztu egingo dira aurrerantzean, baita uda parteko lana ere: hazia bota, ureztatu… Belar artifizialak ere badu mantenu lana, baino askoz errazagoa.
S.: Izan ere belar artifiziala ere ureztatu egin behar izaten da. Hala ere, ureztatzeko sistema berriekin askoz ere lan errazagoa da.
M.: Belar artifiziala plastikozkoa denez, erabilerarekin ez erretzeko ureztatzea gomendatzen dute. Plastikoarekin batera kautxo pixka bat ere badu, belarra babestu eta hezetasuna mantentzeko.

Eta zein alde nabarituko da futbolean jolasterakoan?
S.:
Belar artifiziala hobea da futbolean aritzeko. Naturala oso azkar hausten baita.
M.: Arratzaingoaz gain, belar naturaleko oso zelai gutxi geratzen da. Jokalariak belar naturalean baino artifizialean jokatzera ohituago daude. Guretzat, aldaketarik handiena entrenatzeari begirakoa da; aurrerantzean entrenamenduak jolaseko zelai berean egingo baititugu eta ez, lehen bezala, asfaltoan.

Zelaiaz gain, argiteria berria izango duzue…
M.:
Lehengo argiteria oso eskasa izateaz gain, zaharkituta zegoen. Udaletxeak argiaren gaiarekin aparteko lehiaketa jarri zuen abian eta badirudi LED sistema bidezko fokoekin  argiztatuko dela zelaia aurrerantzean. Nahiko sistema berria da, energia aurrezten duena. Sevilla edo Valentziako zelaietan sistema horretaz baliatzen dira. Guk nahi bezainbeste argi ematea espero dugu. Entrenamenduak ez ezik, partidak ere ordutegi zabalagoan jokatzeko aukera emango digu argiteria berriak. Lehen argi naturalarekin soilik joka genezakeen, argi artifiziala oso eskasa zelako eta partidetarako muga izaten zen.

Bi fasetan ari zarete futbol zelaia berritzen. Zer egingo da txanda bakoitzean?
S.:
Lehen fasean zelaia berritu eta ingurua txukundu dira. Berrikuntzaren ondoren, zelai handiagoa izango da: lehengoa 93mx47m neurrikoa bazen, orain 100mx52,5m-koa izango da. Bankilloak aldez aldatu eta aldagelen pareko banda kenduta nahiz oraingo tabernaren aldetik metro bat hartuta lortu da zelaia zabaltzea.
M.: Bigarren fasean aldagelak, taberna berria eta bulego txiki bat eraikiko dira. Udalak aukera ikusten duenean jarriko da martxan bigarren fase hori. Hasiera batean berrikuntza lanak Villbonako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Federazioak bultzatu behar zituen ekonomikoki, baina Federazioa erori eta laguntza hori falta zenean, lanak bi fasetan egitea erabaki zuen Udalak. Lehen fasean taldearekin lanean hasi ahal izateko zatirik garrantzitsuena egingo da.

Zizurkilen, Villabonan…, futbol zelai berria non kokatu behar zen eztabaidatu da denbora luzean. Azkenean herri bakoitzak bere futbol zelaia izango duzue…
M.:
Gure aldetik argi dugu bakoitzak bere futbol zelaia edukitzea dela aukerarik onena. Oso polita zen bi Udalen artean zelai txukun eta handia egiteko proiektua, baina egoera ekonomikoa nahiz proiektu hark zuen gastua ikusita, bai guretzat eta bai Danenarentzat ere irtenbiderik interesgarriena atera da aurrera. Azken batean, talde bakoitzak bere zelaia eta lan egiteko aukera edukitzea ezinbestekoa da; zelai elkarbanatu batean ordutegi arazoak ez izatea, esaterako, oso zaila baita. Elkarbanatutako zelai gehienek euren zelaia eskatuz amaitzen dute, azken finean, kudeaketa oso zaila delako. Bestalde, bi taldeak zelai bakarrean elkartu beharko bagenitu, zelai bakarra eskas geratuko litzatekeela uste dut, haiek eta gu hartzen ari garen tamaina ikusita.
S.: Tartean, bi Udalen artean izan diren tirabirekin zerikusirik ez dugula argi utzi nahi dugu. Akordioak akordio direla ulertzen dugu, baina beraien artean argitu beharreko gaiak dira.

Noiz hasiko duzue denboraldi berria?
M.:
Abuztuko azken astean hasi ziren lanean erregional, jubenil eta bi kadeteen taldeak eta irailaren 21eko asteburuan hasiko dute liga. Zelai berrian hastea espero dugu, irailaren 15erako bukatuko baitituzte lanak teorian. Infantil eta alebinak, zelaiaren arabera, irailaren 8ko astean hasiko dira entrenamenduetan. Bestalde, 8-11 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako futbol eskola urritik aurrera hasiko da.

Haurretatik hasi eta gazteak bitarte futbolari ugari biltzen du Billabona KEk. Zenbat kide zarete egun?
M.:
80 kide izatetik ia 200era igaro gara hiru denboralditan. Berrehun bat ume, hogei entrenatzaile eta futbol eskolan zortzi begirale. Bederatzi kide gara zuzendaritza batzordean eta sei bat bolondres, behar denean laguntzeko.

Oro har, Billabona KEko jokalari ohiek osatzen duzue entrenatzaile taldea…
M.:
Entrenatzaile gabiltzanok aurrez taldean jokatutako kideak gara kasurik gehienetan. Kluba ezagutzen duten pertsonak sartzen ahalegintzen gara, gure lan egiteko modua ezagutzen dutelako. Azken finean, talde honen bereizgarria asfaltoan eta Flemingo kiroldegi estalian entrenatzea izan da eta bertara gentozenak bagenekien zertara gentozen. Egun, egia esan, gero eta zailagoa da gazte jendea erakartzea. Kosta egiten da urte guztirako ardura hartuko duten pertsonak aurkitzea. Azken finean, irailetik ekainera bitarteko lotura baita.

Ume nahiz gazteek beti erakartzen dituzte ikusleak. Baina aurten, zelai berriarekin Arratzainera jende gehiago gerturatzea espero al duzue?
S.:
Zelai berriak pisua izango duela uste dugu eta, dudarik gabe, mugimendua sortuko dela.
M.: Zelai berria, erregional taldea…, herrian ilusioa dagoela ikusten dugu. Gazteek beraiek eskatzen zuten erregional taldea sortzea. 19 urterekin taldeko bidea amaitu eta herrian futbolean jolasteko aukerarik gabe geratzen baitziren asko. Erregional taldea noiz sortuko zain zegoen gazte asko eta zelai berria etortzearekin batera pausoa emateko momentua zela erabaki genuen. Ilusioz beterik daude eta jendearen ilusioa ikusteak lanean jarraitzeko gogoa piztu egiten du.
S.: Aurrez ez da inoiz erregional talderik egon Arratzainen. Ea zer nolako erantzun izaten duen.

Billabona KE indar betean dagoela esan daiteke, beraz…
M.:
Bai. Ikasturte amaieran egin ohi dugun klubeko bazkarian 350 pertsona inguru elkartu da azken urteotan. Kluba jokalari eta entrenatzaileena izateaz gain, guraso eta herritar askorena ere badela ikusten da, jende askoren inplikazioa sumatzen baitugu.

Iaz, emaitza ederrak eskuratu zenituzten. Zein helburu duzue aurtengo denboraldiari begira?
S.:
Iazko denboraldia, kirol arloan, orain arteko urterik onenetakoa izan zen.
M.: 30 urteotako emaitzarik onenak lortu genituen. Jubenilek igoera lortu eta mailako finala jolastea lortu zuten; mailako bi talde onenen artea egotea, alegia. Kadeteek ere igoera lortu zuten eta infantilek  aurten Ohorezko infantiletan jokatzeko aukera. Taldearen helburuak lortuta, urte borobila izan zen.
S.: Aurtengo denboraldiari begira, talde bakoitzak bere mailari eustearekin konformatuko ginateke.
M.: Iazko maila mantentzea primerakoa litzateke. Azken finean, kategori bakoitzean ohorezko mailan egoteak Gipuzkoako 32 talderik onenen artean egotea esan nahi baitu. Maila horri eusten saiatu behar dugu urtero. Erregional taldea aurten sortu izanagatik, polita litzateke lehen urtean igoera lortu ahal izatea. Bestalde, badugu beste helburu bat ere: aurrerantzean, futbol eskolaren bidez, nesken taldea bideratzen saiatzeko asmoa dugu. Behetik hasi nahi dugu lanean, goragoko taldeak sortzeko aukera izan dezagun. Ikastetxeen bidez neska gehiagoren izen-ematea lortzen ahaleginduko gara.

Iazko denboraldiaren amaieran kolpe latza ere jaso zenuten. Manu Murielen bat-bateko galera…
M.:
Bizitzaren ustekabeak. Azken urteetan entrenatzaile lanetan ari zen, azken denboraldian jubenilen entrenatzaile. Lehenago ere entrenatzaileei laguntzen aritu izan zen urtetan. Entrenatzaile izateaz gain, zuzendaritzako kidea zen eta diru-kontuak bideratzen zituen. Ezusteko latza izan zen, kirol denboraldia ilundu zuen gertaera. Baina  aurrera begiratu beharra dago eta lanean jarraitu behar dugu herriko eta inguruko gazteei futbolean jolasteko aukera emanez.

Billabona KEko harrobia
Realera jauzia eman duten Billabona KEko futbolariak bat baino gehiago izan dira klubaren historian. Azken urteotan, Iñigo Sarasola, Aitor Castro edota Unai Etxeberria aipa daitezke. “Realak gure jokalariren bat deitzea pozgarria da guretzat, lan ona egiten ari garen seinale baita hori”, adierazi dute Mikelek eta Sergiok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!