Eskaintza berriak Allurralde Kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 3a, 13:28

Allurralde kiroldegiak aurtengo jardueren eskaintza aurkeztu du. Kirola egiten ez duten horiengana iristea eta kirolaren mundura erakartzea da Allurralderen helburu nagusia, horregatik, betiko ohiko jarduerez gain, ekintza berritzaileak ere eskainiko dituzte.

Gazteentzat, batetik, aerobik eta spinning gaztea eskainiko dute 12-16 urte bitartekoentzat. Astean bitan izango da eta 126€ ordaindu beharko dute. Bestetik, fitness ordu gaztea egongo da astelehen eta asteazkenetan 18:00etan, 14-16 urte bitartekoentzat. Fitness aretoko makinak erabiltzen ikasi eta entrenamenduaren mundura gerturatzeko aukera izango dute. Dena den, ikastetxeen laguntzarekin, irailaren 20rako ate irekiak antolatu dituzte, gazteek kiroldegiko instalazioak eta bertako eskaintza ezagutzeko.

Bestalde, igeriketako hobekuntza ikastaroen eta triatloietako partaidetzaren igoerak bultzatuta, igeriketa tekniko pertsonalizatua eskainiko dute (Prestakuntza Teknikoa Uretan). Begirale espezializatuekin banakako saio teknikoak egingo dituzte, kirolariak begiralearekin adostutako orduan. Hiru saioko bonoa 60€ ordaindu beharko dute.

Kirola modu profesionalean egiten ez duten horiek, betiko jarduerez gain, Zumba praktikatzeko aukera izango dute. Udaran arrakasta handia izan du eta ikasturtean zehar ere eskaintzea erabaki dute. Larunbat goizetarako “Master Class” aukera zabaldu dute, jarduera ezberdineko saioak egiteko. Instalakuntzen sarreraz gain, 2€ ordaindu beharko dute bazkideek eta 4€ bazkide ez direnek.

Irailaren 5a arte egongo da izena emateko epa irekita Allurraldeko bulegoetan, astelehenetik ostiralera 9:30etik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Irailaren 8an aterako dira zerrendak eta biharamunean egingo da lekuen zozketa. Irailaren 12an jarrito dira jendaurrean zozketaren emaitzak. Ikasturtea irailaren 17an hasiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!