Juani Lizaso, herriko tabernen auzian zigortua: “Herriko tabernak ixten badizkigute, berriak ireki beharko ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 3a, 13:18

Uztailaren 30ean zabaldu zen berria; Auzitegi Nazionalaren epaiak ehundik gora herriko tabernen konfiskatzea eta hainbat pertsonentzako espetxe zigorrak jasotzen zituen.

Juani Lizaso andoaindarra dago zigortuen artean. Irakurri elkarrizketa, jarraian:

Uztailaren 30ean iritsi zen Auzitegi Nazionalaren behin behineko epaia. Ehundik gora herriko tabernen konfiskatzea eta hainbat pertsonentzako kartzela zigorrak jasotzen ditu epai horrek. Zigortuen artean zaude zu. Nola jaso zenuen berria?

Espero genuen epai hori. Prozedura guztia ikusi ondoren eta epaiketa nola joan zen ikusita, oso garbi genuen nolakoa izango zen epaia. Epaileetako bik oso jarrera oldarkarrora erakutsi zuten gurekiko, aldez aurretik erabakitako epaia bermatzea zen haien helburu bakarra. Bitxikera bezala esan dezaket bi epaile horietako batek lotan pasa zuela epaiketa osoa. Hirugarren epailea, berriz, askoz ere modu zorrotzagoan aritu zen; akusaziorako zeuden frogak bilatzea zen bere helburua. Hark emandako boto partikularra irakurrita, garbi ikusten da epaiketan zer gertatu den; ez zegoela inongo frogarik.

Sententziaren oinarria, filosofia eta eduki politikoa espero genituen, hortik aurrera, maila pertsonalean, ñabardurak ere egin daitezke. Epaiketa bidegabeki luzatu izanagatik zigorrak jaitsi dizkigute. Horren ondorioz, espetxera sartu beharrik ez dute izango gutako zenbaitek. Maila pertsonalean aldaketa handia suposatzen du horrek, noski.

 

-    Hamabi urte luzeko prozesua izan da herriko tabernena. Nola bizitu izan duzu bide hori?

Pertsonalki nahiko ondo eraman dut, baina egia da zama handia dela. Badakizu edozein momentutan epaiketa etorriko dela eta bizitzako hainbat proiektu horren baitan jartzen duzu; etxebizitza erosi, familia osatu..., lanerako ere oztopo handia izan daiteke. Horri gehitu behar zaio 60.000 euroko fidantza oraindik ere haien eskuetan egotea, astero sinatzera joan beharra, estatu espainiarretik ezin atera izatea...

Gainera, epaiketa bera ere konplexua zen; jende asko ginen eta Madrilera joan behar genuen. Epaiketak eragingo zizkigun gastuei aurre egiteko, diru bilketa jarri genuen abian. Herri honek ohitura handia du horrelako egoerei erantzuna eman eta babesa erakusteko eta horrek aurrera egiten laguntzen du.

 

-   Herriko tabernen koordinatzaile lanak egotzita, urtebete eta hiru hilabeteko zigorra jarri dizu Auzitegi Nazionalak. Zer duzu esateko?

Batasuna eta Euskal Herritarrok alderdiek liberatuta ari ginen. Herriko tabernen gestioan laguntzea zen gure arduretako bat. Herriko tabernak, azken finean, herri ezberdinetan sortzen joan diren elkarteen jabetzakoak dira. Elkarte horiek ez dira profesionalak eta taberna dagoen kasuetan, kudeaketa arazoak sortzen ziren maiz. Arazo horiek, ondoren, egiturara iristen ziren eta egiturak erabaki zuen arazo horiei irtenbidea emateko, bitarteko batzuk jartzea. Gutxieneko profesionalizazioa eman nahi zitzaion kudeaketari, arazoak sahiesteko. Kudeaketa lan horretan eta profesionalizazio horretan, elkarte bakoitzari behar zuen laguntza ematea zen gure ardura. Hortik aurrera, herri bakoitzak bere kasara harzen zituen erabakiak.

 

-    Auzi beragatik bi urteko espetxealdia igaro zenuen 2002 eta 2004 urteen artean. Zein da orain zure egoera?

Momentuz ez digute sententzia ofizialki jakinarazi. Notifikazioa iristen zaidan momentutik kondenatua izango naiz, baina ez da kondena irmoa izango. Abokatuek errekurtsoak aurkeztuko dituzte eta baldintzapeko askatasunean jarraituko dugu harik eta behin betiko erabakia hartzen den arte. Auzitegi Gorenak sententzia berresten badu, zigorra likidatu beharko dugu. Nire kasuan, kartzela zigorra betea daukat eta ez dut kartzelara itzuli beharrik izango.

 

-    Epaiak zigortzen dituen herriko tabernen artean daude eskualdeko biak (Amasa-Villabona eta Andoain). Azkenik konfiskatzea etorriko balitz, zein izango litzateke herri mailako eragina?

Herritik sortutako elkarteak dira, herri horietako bizitza kultural, sozial eta politikoan parte hartzen dute. Eraso politiko eta judizial baten bidez horiek desagertzea oso gogorra izango da; bai praktikoki eta baita psikologikoki ere. Azken batean kontuan hartu behar dugu herri horietako jendearen aportazio pertsonaletatik sortutako elkarteak direla; dirua jarriz, maileguak eskatuz edota lanorduak eskainiz. Borondatezko lan txandak egiten dira, errifak ateratzen dira, ekitaldi ezberdinak antolatzen dira..., Urte askotan barna ahalegin handia egin du jende askok herriko tabernak aurrera ateratzeko eta orain, ezertxo ere frogatu gabe, ixteko agindua etor daiteke.

 

-    Uda betean etorri zen epaia. Udazkenarekin batera, mobilizazioak iritsiko dira...

Bai, oso udazken mugitua izango dela iruditzen zait. Herri eta nazio mailako mobilizazioak egingo dira herriko tabernen egoerari erantzuna emateko. Nolanahi ere, kontuan hartu behar dugu beste 28 gazteren epaiketa hasiko dela laster eta beste asko etorriko direla atzetik. Udal hauteskudeak ere atarian daude... ikusi egin behar.

 

-    Sententzia behin betikoa izan arte, momentuz zabalik eta martxan daude herriko tabernak...

Bai, sententziak ehundik gora aipatzen baditu ere, laurogei herriko taberna inguru dago martxan egun. Hamabi urtetako bide honetan, arrazoi ezberdinak direla medio, itxi egin dira zenbait herriko taberna. Garbi dago kontuak blokeatuta izateak ez diela batere lagundu aurrera egiteko garaian. Zabalik dauden horientzat, berriz, egoera ez da erraza, ez dakitelako zer gertatuko den.

 

-    Besterik gaineratu nahi al zenuke?

Hasieratik esan genuen gizarteko sektore politiko baten aurkako operazio lotsagarria izan dela. Gezurretan oinarritutakoa izan da, eta inongo frogarik gabekoa. Hori, garbi geratzen da sententzia irakurrita. Delitu bakar bat ere ez dute frogatu, eta aitortu egin dute. Leporatzen dizkiguten gauza bakarrak ohiko jardun politikoan sartzen direnak dira; prentsaurrekoak, agerraldiak, bilerak egitea, manifestazioak deitzea... Estrategi politiko-militarraren barnean sartzen zuten ondoren hori guztia. Herriko tabernak ezagutzen dituen edonork sententzia irakurtzen badu konturatuko da zein den egoera. Nolanahi ere, ez dugu etsipenez hartu behar eta borroka egin behar dugu. Epaitegietan oso zaila izango dugu, baina gizarte mailan asko dugu irabazteko. Herriko tabernak ixten badizkigute, berriak ireki beharko ditugu. Ezker abertzaleak gauza asko egin du azken hogeita hamar urteotan eta etorkizunean ere erakutsiko du gauzak egiteko indarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!