Ikastaro berritzaileak aurten Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 3a, 13:11

Ikasturtea hastearekin batera, eskolaz kanpoko ikastaroak ere martxan jarri dira eta urritik aurrera, mota guztietako ikastaroez gozatzeko aukera izango da Andoainen. Kultura batzordeak bi ikastaro berri aurkeztu ditu kurtso honetarako.

Batetik, panpinen tailerra izango da azarotik otsailera bitartean. Materiala ezagutzen hasiko dira eta hasteko, pieza txiki bat egingo dute. Behin teknika hartuta, panpin bat egingo dute, bakoitzak nahi duen bezalakoa. Fanny Alonso irakasleak azaldu duenez, bakoitzaren irudimenaren eta trebetasunaren araberakoa izango da, baina, gutxienez, panpin bat egiteko aukera emango die. Hau guztia 58’88€ren truke izango dute andoaindarrek eta 64’77€ren truke kanpotarrek.

Bestetik, azaroan Feng Shui egiteko aukera izango da Lourdes Galarragaren gidaritzapean. Jatorri txinatarra duen diziplina honek inguruneak gizakiaren energian duen eragina aztertzen du eta bertan harmoniaz kokatzeko bidea erakusten du. Espazio bakoitzaren energia nolakoa den ezagutzeko balio du eta, esate baterako, etxeko altzairuen kokapena egoki jartzen erakusten du. Ikastaro hau asteazkenetan izango da, 18:30etik 20:30era, eta 25€ ordaindu beharko dute andoaindarrek eta 27’5€ kanpotarrek.

Urteroko ikastaroek aurten ere jarraituko dute. Pintura eta marrazketarako hiru aukera egongo dira: astelehen eta asteazkenetan 17:30etik 20:00etara Arantza Gabinorekin (185’20€ / 203’72€), astearte goizetan 9:30etik 12:30era Eduardo Arreseygorrekin (116’69€ / 128’36€) eta azkenik, irakasle berarekin, astearte arratsaldetan 18:00etatik 21:00etara (116’69€ / 128’36€). Arte aplikatuen ikastaroa Leire Martinek gidatuko du, astearte eta ostegunetan 18:30etik 21:00etara (185’20€ / 203’72) eta astelehenetan 9:30etik 12:30era (116’69€ / 128’36). Bestalde, Patxi Monrealek egurra tailatzen erakutsiko du astelehenetan 18:00etatik 21:00etara (116’69€ / 128’36€) eta asteazkenetan 15:30etik 18:00etara (113’48 / 124’82€). 

Ikastaro hauek guztiak 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude eta Extremadura 7an emango dira urriaren 6ko astetik aurrera. Matrikulatu nahi duenak Basteroko Kulturguneko harrerara edo udaletxeko atarira joan beharko du, irailaren 10etik 19ra bitartean, 10:30etik 13:30era edo 16:30etik 20:30era. Dena den, lehen hiru egunetan matrikula iazko ikasleei irekita egongo da, ikastaro eta ordutegi berdinetan izena eman nahi badute. Ikastaroetan lehentasuna izango dute Andoainen erroldatutakoek eta ikastaroren batean plaza baino eskaera gehiago baldin badaude, zozketa egingo da ikasle kopurua osatzeko.

Bestalde, herriko Zuena emakumeen taldeak ere ikastaroak antolatu ditu: pintura, musika, josten ikasteko ikastaroak, arropa konpontzeko ikastaroak, sendabelarrak, makilaje ikastaroa, yoga, pilates, tai-chi, aretoko dantzak... Urriko lehen astean hasiko dira Extremadura 2-4 bis-en. Matrikula epea irailaren 22tik 26ra egongo da irekita.

Informazio gehiago: Kultura batzordea: 943303540. Zuena emakume taldea: 606929697.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!