Erraldoi eta buruhandi berriak ditu Zizurkilek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abu. 22a, 12:59

Herritarrek eta Udalak auzolanean egindako lanaren emaitza dira bi erraldoi eta bi buruhandiak. Joan zen abuztuaren 17an estreinatu zituzten, Zizurkilgo Andramari jaien baitako haurren egunean. Irailaren 4tik 9ra luzatuko diren Arantzazuko amaren jaietan ere kalean ikusi ahalko dira.

Festen pizgarri moduan, Zizurkilera egokitutako erraldoi eta buruhandiak egiteko ideia sortu zitzaien duela urtebete inguru Joxe Mari Luengo alkateari eta Iker Urruzola herritarrari. “Zizurkilek ez zuen erraldoi propiorik eta xarma berezia izan zezaketela otu zitzaigun”, azaldu dute. Hilabeteetako lana izan da erraldoiena. “Lehenik zein erraldoi egin pentsatu genuen, kultur taldeekin hitz eginda, hasteko, bi baserritar egin ditugu, zizurkildarren sustraiak islatu nahian. Datorren urterako beste bi erraldoi egingo ditugu, horietako bat P. M. Otañorena izango dela aurrera dezakegu”. Buruhandiak ere egin dituzte. “Sorginaren eta deabruaren buruhandiak egin ditugu, euskal mitologiari keinu eginez, beste bi ere egingo ditugu, herriarekin zerikusia duten irudiekin”. Momentuz ez dute xehetasun gehiago eman nahi izan.

Udalaren eta herritar ugariren arteko lanaren emaitza dira erraldoi eta buruhandiak. “Auzolanean egindako lana izan da. Erraldoien kasuan, batetik egitura eta irudia dago, bestetik, jantziak. Jantziak egiten herriko jubilatu elkarteko hainbat eta beste zenbait herritar aritu dira lanean. Erlojuz aurka aritu ziren lanean, Zizurkil Goiko festetarako prest egon zitezen. Guztiei eskerrak eman behar dizkiegu”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak.

Abuztuaren 17an egin zuten erraldoiek estreinuko ibilaldia, Zizurkil Goiko jaietako haurren egunean. “Eguerdiko giroa alaitzen ibili ginen, Añorgako erraldoiekin batera; Añorgako taldea aritu baita, Goizuetakoekin batera, erraldoiak zer eta nola egin aholkatzen”. Erraldoiak dantzan jartzea ez da erraza. “Zenbait herritar entseatzen aritu da eta eurek ibili/ko dituzte”. Zizurkilek aurrerantzean festara bultzatzeko elementu bat gehiago izango du, herriko erraldoi eta buruhandiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!