Remiren omenaldia Santioetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko abu. 1a, 18:01

Atzo bost urte bete ziren Remi Ayestaran billabonatarra hil zela. Urteroko moduan, aurten ere omenaldia egin diote Santio jaietan.

Argazkiak | Bideoa | Kronika:

Lain taldeko Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabek Zapalduen olerkia kantaren bertsioa joaz hasi zuten omenaldia. Oinkari dantza taldeko lau kidek dantzatu zuten eta Remiri larrosak eskainiz eta “Gugatik dena eman dutenei, askatasun haizeari, zuei, zuri Remi” kantatuz amaitu zuten ikuskizun unkigarria. Remiren oroimena bizirik mantentzea izan da ekimenaren helburua, eta atzo, Remi hil eta bost urtera, berriro ere justizia, egia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatu zituzten: “Herri honek asko sufritu du eta biktima guztiei dagokien aitortza eskatzen dugu Remirentzat ere”.

Ondoren, Saharatik jasotako elkartasunaz hitz egin zuten. Remiren kasua barruraino iritsi zitzaiela eta aurrera begira elkarlanerako bidea ikusten dutela jakinarazi zuten. Honenbestez, ohiu eta irrintzi artean larrosa gehiago eta Saharako banderak jarri zizkieten Remiren oroigarriari. Ondoren, Nora Urbizu kultur teknikariak Saharako harreraz hitz egin zuen. Miresmenez eta jakinminez jaso omen zituzten Tindouff-en: “Han entzun genuen lehenengo aldiz Villabona ezagutu behar zutela, eta iraultzaren krabelin gorria jarri behar ziotela Remiren oroigarriari. Esan eta egin.”  

Horren ostean, udal taldeko kideak hartu zuten hitza eta Galder Azkue alkateak hitz egin zuen denen izenean: “Bost urte dira Remi gure ondotik joan zela, bost urte luze; baina, harrotasunez gogoratzen dugu, harrotzeko modukoa delako bere izaerak eta bere lanak utzi diguten eredu paregabea”. Ondoren, Gure Esku Dago ekimena gogora ekarrita, kate bat osatu zuten hainbat haurrek eta dantzariek oroigarriaren ondoan, eta kalejiran amaitu zuten.

Omenaldiari amaiera emateko, Remiren anaiak hitz egin zuen eta azaldu zuen elkartasun handia jaso dutela azken bost urteetan: “Guretzat ohore bat da beste urtebetez bere izena daraman pasealekua jendez gainezka ikustea. Guztion artean, Remi oroimenean dugula, egun hartan gertatutakoa argitzeko duintasunez jarraituko dugu aurrera. Eskerrik asko.”

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!