Animalien ordenantza berria, aukera berriaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 24a, 12:31

Animalien eta bereziki zakurren ordenantza berritzeko asmoa atzera bota du oposizioak, Udal gobernu taldeak landutako araudi berriari aurkako botoa emanez. Bilduk oposizioko kideen jarrera salatzeko oharra argitaratu du:

“Legegintzaldi hasieratik ematen den errealitate bat da. Dirudienez, hori da PSE-EEk, EAJ-PNVk eta PPk legegintzaldi amaierara arte izango duten estrategia. Beraien helburu bakarra Bilduk erabakiak hartzeko eta kudeatzeko gaitasun eza duela erakustea da. Baina egoera honen benetako kaltetuak andoaindar guztiak dira”.
Egungo ordenantza, Animaliak Edukitzeko eta Babesteko Udal-ordenantza arautzailea izenekoa, 1997koa da. Udal gobernu taldeak araudia berritzea proposatu du. Herrikideen artean interesak erabat ezberdinak dira. Zakurren jabeek zakurrak aske uzteko tokiak egokitzea eta ordutegiak zehaztea nahi dute. Eta, kontrara, erasoak saihesteko zakurrak lotuta joan behar dutenen iritzia askorena da.
Udalak ordenantza berritzeko saiakera egin du, besteak beste, Udaltzaingoarekin eta Zerbitzuak lansailekin elkarlanean: “Batetik eta bestetik iristen diren kexak kontuan hartuta, Udal gobernuak elkarbizitzaren printzipioetara egokitzen den proposamen bat landu du. Proposamena herria hiru zonaldetan banatzean datza: zonalde gorria, non txakurrek ezingo lukete inoiz aske ibili; zonalde laranja, non txakurrak aske ibiltzeko ordutegi mugatua izango luketen; eta zonalde berdea, non txakurrak 24 ordutan aske ibili ahal izango luketen”.
Bilduri ulergaitza egiten zaio oposizioaren jokabidea, “ez dugu ulertzen herritarren kexak egonda, oposizioa zergatik tematzen den ezezkoarekin”. EAJ-PNV alderdiak bideo bidez erantzuna eman dio. Marijose Izagirreren hitzetan, “egun dagoen araudia bete dezatela, txakurrak lotuta joan daitezela eta txakurren kakak jaso ditzatela. Txakurren eta bere jabeen eskubideak bermatu behar direla? Ados. Baina beste guztion eskubideak ere zaindu egin behar dira”.
Gobernu taldeak, ordea, egungo ordenantza berritu nahi du egungoa guztiz irreala dela iritzita, “ordenantza hori ez da inoiz aplikatu eta ez da inoiz osotasunean aplikatzera iritsiko, Udalak ez dituelako inoiz horretarako nahiko baliabide izan. Egun indarrean dagoen ordenantza betetzen dela ziurtatzeko kale bakoitzean zaindari bat jartzea suposatuko luke, alegia, ez hankarik ez bururik ez duen aukera bat da hori”.

Aldaketak txertatu nahi dituzten zakurren jabeek, beraz, aukera berriaren zain egon beharko dute. Egun hauetan PACMA alderdi politikoa oposizioko alderdiekin eta alkatetzarekin hizketan ari da, araudia berritzeko ahaleginean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!