Burdina elkartea lanez gainezka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 22a, 15:24

Urtean zehar abian jarri dituen edo jartzekoak dituen egitasmoak aurkeztu zituen Burdina taldeak Goiburuko plazan, joan de ostegunean. Auzolanaren filosofiari helduz orain hamaika urte hasi zenetik hazten joan da Burdina taldea. Aurten, esaaterako, bere egitasmoetan parte hartzeko gero eta bolondres, udalerri, historialari eta teknikari gehiago bildu ditu.

Bideoa | Kronika:

Aresoko leizezuloa
Ulizar mendi inguruan bada leize zulo bat eta badira Santa krutz ermita zaharraren aurrekariak. Zundaketa arkeologikoa egingo dute leize zuloan, eta bestetik, ermitaren inguruan aztanarik geratzen ote den ikusi nahi dute.

Atxularreko gotorlekua
Aranzadi elkarteko arkeologo Alfredo Morazak Leizotz bailaran Axular mendi muinoan zer egiteko asmoa duten azaldu zuen: "Andoainek badauzka makina bat altxor ezkutuan, eta horietako bat da Axular mendia. Hor kokatzen den gotorlekua, 1838an eraiki zenez geroztik, leku estrategiko gisa gutxienez hiru alditan erabili izan da. Hain zuzen, lehen eta hirugarren guda karlistetan eta 1936ko gerran leku defentsiboa izan zen, bai karlistentzat eta baita errepublikarrentzat. Gure helburua leku horretan dauden aztarnak topatzea eta azaleratzea izango da".

Leitzarango meatzeak
Txomin Ugalde Felix Ugarte espeleologi taldeko kidea da. Leitzaran bailarako meatzeen indusketa lanak zuzenduko ditu: "Aurreko urteetan Berineseko meatze konplejua aztertzen ibili gara. Meategi horiek, Karbono 14aren frogari esker, behe erdi aro garaikoak direla jakin ahal izan dugu, hots, 1400 urte ingurukoak. Garrantzi handiko deskubrimendua izan da hori, izan ere ordura arte Gipuzkoan uste izan zen soilik aurrehistoriako eta garai modernoko meategiak zeudela. Meagintzari lotutako Gipuzkoako historian falta zen katebegia, erdi arokoa alegia, topatu ahal izan da era horretan. Aurten, Barrenolako burdinezko meategiak aztertzeari ekingo diogu. Urte askotako lana izango da, meategi multzo konpleju baten aurrean baikaude".

Egitasmoez gainezka
Burdina taldeak beste zenbait egitasmo burutzeko asmoa du. Horien artean Jaione Iriondo arkeologoak zuzenduko dituenak: Andoainen Asindegiko lixibatokia eta Baltzuketa Txikiko karobiaren berreskurapena, erromatar aztarnen indusketa (Molusku hondakinen  pilaketa) eta aurreko urteetan berreskuratutako zenbait ondareren mantenimendua eta haien ezagutzaren hedapena.
Lanak ez dira horretara mugatukoa. Leitzaran bailaran Mustarreko burdinola berreskuratuko dute, Elduainen Saleseko karobia txukundu. Orexan, Basabeko zentral hidroelektrikoan elektrizitate turbina, errota eta zerrategia txukunduko dituzte. Eta azkenik, Asteasun, berreskuratu berri den Urniategiko errota inguruan sasiak garbitu eta paretak sendotzeari ekingo diote.
 
ANDOAINGO UDALAren esker ona
Ana Carrere alkateak Burdina taldeak hamaika urtetan egindakoa goraipatu zuen, “auzolana euskal kulturan erabat errotua dagoen filosofia da, eta horri esker, hamaika ondare historiko berreskuratu ahal izan ditu. Alde horretatik, udalerrietatik eskertza adierazi behar diogu Burdina taldekoei”.
Bideoa: Aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!