Iñigo Ibarburuk 100 tximeletan Junior mailan txapeldun ordea izatea lortu du. Gainera, 50 tximeleta eta 100 tximeleta probetan bere adineko Euskadiko marka onenak lortu ditu. Naiara Lizaso eta Itsaso Tolosa ere fin ibili dira. Naiarak 50 eta 100 libre probetan bere denborak jaistea lortu du. Itsasok ez zuen bere denbora jaitsi, baina lasterketa ona egin zuen 200 bizkar frogan.
Mikel Esnali dagokionez, 50 librean 24’74ko denbora egin zuen. Ez zuen denbora jaistea lortu baina pozik dago parte hartzeko aukera izatearekin: “Denborari begira ez zen txapelketa onena izan. 24,74ko denbora egin nuen, baina kontuan hartu behar da Euskadiko Txapelketara harte nire denbora onena 24,67 segundokoa zela. Gainera, Euskadiko Txapelketetan nire onenean nengoen, eta hortik hiru aste eta erdira izan da Espainiakoa. Saiatu naiz forma mantentzen, baina ahal nuena egin nuen”. Edonola ere, esperientzia ona izan dela eta etorkizunerako oso baliagarria izango dela dio.
Picornell igerilekuan izugarrizko maila egon zen eta estatuko igerilari hoberenak bertan zeuden; Mireia Belmonte, Melani Costa, Markel Alberdi eta Rafa Muñoz, besteak beste. Horien artean lehiatzeko aukera izatearekin pozik agertu da Mikel Esnal. “Minima hau nire bizitzako "obsesio" txiki-potolo bat zen, eta lortu izana eta bertan egotea atzeko lan guztiaren sari bat da”, azaltzen du.
Orain gorputza deskantsatzeko eta udaraz gozatzeko unea dela dio. Irailetik aurrera beriro itzuliko da igerilekura, “egurra” emateko asmoz eta markak hobetzeko helburuarekin.