Aiurri eta Santioak, harpidedunen ahotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 21a, 13:20

Sei herritarrek Aiurri aldizkariaz eta hastear diren jaien inguruko iritzia eman dute.

1. Zergatik zara Aiurriko harpidedun?

2. Santio festetako zein ekintza nabarmenduko zenuke?

 

Mari Luz Roteta Ezeiza

1.- Hasiera-hasieratik naiz harpidedun. Aldizkaria buzoian ikusitakoan gustura igotzen dugu etxera eta irakurritakoan, eskualdeko berriren bat jakiten dugu beti. Gainera, lehen ez nuen batere euskaraz irakurtzen eta Aiurriri esker, euskaraz irakurtzera ohitu egin naiz azken urteotan. Aldizkari osoa irakurtzen dut, pasara behintzat denari ematen diot.

2.- Festak denak dira politak; umeen, gazteen eta helduen ekintzak. Parte hartzen ez badut ere, koadrilen eguna oso polita iruditzen zait. Txarangak sortzen duen giroa eta etxekoak bertan saltoka ikustea gustatzen zait. Poza ematen dit. Batzuek festak luzeegiak direla dioten arren, ni ez naute molestatzen. Nahi duenak parte hartzen du eta nahi ez duenak ez.

 

Alaitz Bergara Gabirondo

1.- Hasieratik naiz Aiurriko harpidedun eta gustura jasotzen dut aldizkaria etxean. Inguruko berriak irakurtzea gustatzen zait, herritar ezagunei egindako elkarrizketak bereziki.

2.- Txupinazoak asko betetzen nau eta lehen egunean indarrez hasten ditugu festak. Bestela, beste hainbat ekintzaren artean, koadrilen eguna nabarmenduko nuke. Egitarau betea izaten da Santiotakoa. Garai batean aktiboago hartzen nuen parte festetan. Orain haurrei zuzendutako ekintzatan ibiltzen gara gehiago.

 

Blas Garmendia Armendariz

1.- Asko gustatzen zait aldizkaria, batik bat herriko albisteak irakurtzea eta herritarrek zer edo zer esatea. Oso elkarrizketa polita iruditu zait duela gutxi Bittor Gorria apaizari eginikoa. Gustura jasotzen nuen Lumane aldizkaria ere, garai bateko kontuak irakurtzeko aukera ematen zuena.

2.- Santiozalea izan naiz beti. Zortzi urte eta erdi izan nintzen Udaleko zinegotzi eta urte askotan aritu nintzen festak antolatzen. Garai hartan Santa Ana eguneko txirindularien lasterketa ikustea izugarri gustatzen zitzaidan. Asko kostata antolatzen genuen. Gaurko Santioetan umeentzako ekintzak onak izaten dira. Jubilatuek ere izaten dute euren bazkaria. Hala ere, lehen herriak ordaintzen zuen osorik eta orain zati bat besterik ez. Bazkariak ere festen barruko ekintza beharko lukeela iruditzen zait, doakoa.

 

Juanjo Irazusta Diaz

1.- Gertuko berriak lantzen direnez, gustura irakurtzen dugu Aiurri aldizkaria. Beste hainbat hedabidetan ez da erraza bailarako albisteak aurkitzea. Kirola eta kulturarekin lotutako gaiak edota pertsona helduen bizipenak irakurtzea gustatzen zait, asko baitugu haiengandik ikasteko. Euskarazko argitalpena da gainera, euskara irakurterrazean idatzia.

2.- Oso Santiozalea naiz, herriko festak bereziak dira niretzat. Aste horretan oporrak hartu ohi ditut, gero-gerokoak… Koadrilako lagunen artean oso giro ona dugu eta egitarauaz kanpo ere antolatzen dugu festa. Ahalik eta ekintza gehinetan hartzen dut parte: koadrilen eguna, konpartsa (dagoenean)… Gainerakoan, ikusle bezala ere egunero ateratzen naiz kalera. Santioetan urtean zehar ikusten ez den jendea ere gerturatzen da herrira eta pozgarria da hori ere. Era berean, arrazoi ezberdinengatik herrian egongo ez direnak gogoratu nahiko nituzke.

 

Alaitz Usabiaga eta Oier Larrañaga (Rk taberna)

1.- Tabernan lanean gabiltzala, ez dugu aldizkaria irakurtzeko denbora gehiegirik izaten. Hala ere, herri eta eskualde mailako albisteak jasotzen dituenez, gogoko dugu. Zerbitzu hori bezeroei eskaintzea interesgarri iruditzen zaigulako egin genuen harpidetza.

2.- Tabernatik kanpo ibiltzea gutxi egokituko zaigu. Txanda ezberdinak eginda, egun guztian zehar zabalik mantenduko dugu taberna. 09:00etan zabaldu eta goizeko ordu txikiak arte arituko gara bertan. Goizean gosariak eta egun guztian zehar bokata nahiz razioak eskainiko ditugu. Gauetan, nahi duenarentzako festa izango da tabernan.

 

Ana Tapia Arzallus (Amasa kafetegia)

1.- Etxean nahiz kafetegian hartzen dugu aldizkaria. Gustukoa dut herritarren eta eskualdeko gertaeren berri jakitea. Hori bai, irakurtzen hasitakoan, motz geratzen zait, konturatzerako ailegatzen naiz bukaerara. Etxean harpidedun izanagatik, kafetegian ere eskatu egiten zuten bezeroek eta haientzat harpidetza egitea erabaki genuen. Kafetxoa hartuz, aldizkaria irakurri nahi izaten dute bezero askok.

2.- Santiozalea naiz, baina azken urteotan kafetegian lanean aritzea egokitzen zait. Lehen, eguna kalean pasatzen genuen ekintza ezberdinak ikusiz. Orain lanean aritu beharragatik, Santiotan animatuago eta gusturago egiten da lana ere. Goizean goizetik irekitzen dugu, gaupaseroek lo gozoagoa izaten dute kafesnea eta kruasana gosalduta. Bazkari ezberdinak tarteko, lan gehiago egiten dugu festetan ogi edota postreekin.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!