Ekintza mordoa herritarren eskura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 21a, 13:14

Urtero legez, Santiotako egitaraua ekintzaz beteta etorriko da. Berrikuntzak, jarraian:

Soka-Dantza

Urteroko ohiturari eutsiz, uztailaren 25ean, Santio egunean Oinkari dantza taldearen eskutik burutuko da Soka-Dantza. Aurten, ordea, bada berrikuntzarik; Udalbatza osoak hartuko baitu bertan parte.

 

Kontzertua

Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzak, Juanjo Zeberio Etxetxipiaren Jazz Quartet taldearekin batera emanaldi berezia eskainiko dute Amalur parkean, uztailaren 25ean.

 

Kirol eskaintza berriak

Kirolak tarte berezia du Santio jaietan. Denetariko eskaintza zabala izaten da: pilota, errebotea, futbola, krossa, irristaketa lasterketa, xakea, herri kirolak, halterofilia, plater tiraketa, toka, txirrindularitza… Iaz cycling maratoia antolatu zen lehen aldiz eta izan zuen arrakasta ikusita, bigarren urtez antolatuko da aurten uztailaren 28an. Izen-ematea: Olaederra kiroldegian probaren aurreko egunetan.  Era berean, uztailaren 26an eskaintza berriak izango dira aurten lehen aldiz: Batetik, Zumba klase herrikoia Maiatzaren Lehena plazan eta Bola tiraldia Errebote plazan. Zumba saiorako ere izena eman beharko da kiroldegian. Bola tiraldirako nahikoa da Errebote plazara 10:00etarako inguratzea.

 

Marrazki lehiaketa

4-14 urteko haur eta gaztetxoei zuzenduta, marrazki lehiaketa antolatu du lehen aldiz Oria merkatari elkarteak. Parte hartu nahi duenak 11:30etarako gerturatu beharko du Berdura plazara.

 

Kantaldia

Uztailaren 31n, Aniztasunaren kalejira burutuko da Banaiga Band taldearen eskutik. Jatorri eta kultura ezberdineko kideekin batera, euskal kantak abesteko aukera izango da.

 

Santioak iruditan

Ekimen berritzailea jarri du abian festa batzordeak azken egunerako. Aurten, lehen aldiz, billabonatarrek bidalitako argazkien proiekzioa egingo da uztailaren 31n, festak agurtu aurretik. Argazkiak bidaltzeko bi modu jarri dituzte aukeran antolatzaileek:

E-maila: santioakiruditan@gmail.com. Whatsappa: 608 750 480. Argazkiak uztailaren 24tik (16:00etatik aurrera) 31ra (14:00ak arte) bidali ahal izango dira. Udalak jasotako argazkiak proiekzioan edo beste era batera erabiltzeko eskubidea izango du, baita edukiaren arabera, argazkiak baztertzekoa ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!