Xake mate, txupinazotik hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 21a, 13:10

Xake Joko elkarteak bide luzea egina du dagoeneko…  Villabona Xake Joko elkarteko kideek botako dute 2014ko Santioak iragartzeko suziria

Villabona Xake Joko elkarteak bide luzea egina du dagoeneko…

Ernesto: 1972 urtean abiatu zen Villabona Xake Joko elkartearen bidea. Iaz 40. urteurrena ospatu genuen. Garai hartan ez zegoen federaziorik, asoziazio bezala xakean jolasten zuen talde independentea zen gurea. Taldearen lehen estatutuak 1983 urtean egin genituen eta hasiera batean Peña Roman Toran izena hartu zuen taldeak, xake jokalari ezagunaren omenez. Gerora Villabona Centro Parroquial izena, parrokiaren egoitzan jolasten genuelako. Estatutuak lortu geroztik, Villabona Xake Joko elkartea gara.

Zenbat kidek osatzen duzue egun taldea?

Juanjo: Helduen artean federatutako 25 fitxa ditugu, hiru taldetan banatuta. Preferentean, mailarik altuenean talde bat dugu eta beste bi bigarren mailan. Iaz lau talde izatera iritsi ginen, maila bakoitzean talde bana. Egia esan, Villabona bezalako herri txiki batentzat federazioa bera harrituta dago.

E.: Torneo garrantzitsuak irabazten ari den Gipuzkoako jokalaririk onena dugu taldean, Jose Luis Guijarro. Izatez Toledokoa bada ere, Zubietan bizi da eta Villabonako taldean jolasten du. Talde askotatik eskatu digute, baina gustura dago gure artean eta gu ere bai berekin. Bestalde, gazteak ere biltzen dira taldera, Iker Rezola, Juanjo eta Aitor Villena arduratzen dira haiekin aritzeaz. Datorren irailean ere beste 25en bat gazterekin hasiko gara lanean. Garrantzitsua da hori guretzat, bestela ez baita erreleborik. Xakeak beste hainbat kirolen aurrean badu desabantaila bat: ez dela batere ikusgarria.

J.: Gaztetxoak azkar desmotibatzen diren arren, gero berriz ere itzuli egiten dira asko. Xakeak badu alderdi on bat: ehun urtera arte joka daitekeela. Behin xakean jolasten ikasiz gero, ez da sekula jolasa ahazten.

Festetan urtero antolatzen duzue Ezkai memoriala. Aurten uztailaren 26an izango da…

E.: Bazkide sortzaileetako bat izan zen J. M. Ezkai herritarra eta haren oroimenez antolatzen dugu txapelketa. Iaz Argentinako maisu handi batek irabazi zuen. Izugarrizko luxua izan zen gure artera etorri izana. Egia esan, maila handiko jendea etortzen da Euskal Herri osotik.

J.: Noski, herritarrek ere hartzen dute parte txapelketan. Izen-ematea irekia denez, nahi duen oro gertura daiteke xakean jolastera. Guztira 40 jokalarirentzat lekua izaten da, baina billabonatar bakar bat ere lekurik gabe geratuko ez dela ziurtatzen dugu. Gainera parte hartzaileen artean ere urdaizpikoa eta ardo botillak zozketatuko dira.

Festetako txapelketaz gain gehiago ere antolatzen dituzue urtean zehar…

J.: Behar Zanako txapelketa edota gaztetxoena antolatu ohi ditugu. Noizbait Gipuzkoako Absolutua ere bai, berriz ere antolatzea gustatuko litzaigukeena.

E.: Euskadi mailako txapelketan 6. postua eskuratu dugu. Barakaldo, Gasteiz, Donostia edota Portugaleteko talde handien ondoan, izen ona du Villabonako taldeak ere.

Zein onura ditu xake jokoak?

E.: Gazteentzat gomendagarria da, kontzentrazioa mantentzen ikas dezaten. Helduen kasuan ere Alhzeimerrari aurre hartzeko, esaterako, oso joko egokia da.

Teknologia berriek eragina izan dute zuengan ere…

E.: Egun taula eta piezekin baino gehiago jolasten da kasik xakean Internetez. Modu horretara joka daitekeen munduko kirol bakarra da. Mugikorrarekin edozien txokotan dagoen edonorekin joka dezakezu partida, denbora errealean.

J.: Hala ere, ostiralero elkartzen gara Kultur Etxean eta nahi duen oro gonbidatu nahi dugu gurekin partidaren bat jolastera. Jende berria gertura dadin desiatzen gaude.

E.: Momentuz, Udaltzainen bulegoan xake taula bat eta piezak uztea erabaki dugu, nahi duenak Udaltzainei eskatu eta plazan bertan jolasteko aukera izan dezan.

Aurten jaietako txupinazoa zuen esku izango da. Nola hartu duzue berria?

E.: Oso pozik gaude, izugarri gustatu zaigu ideia. Kontuan gaituztela esan nahi du proposamenak eta talde bezala baloratuta sentitu gara. Eustaquio Corredera lehendakariak botako du suziria.

J.: Gogo biziz gaude, guztiak uniformatuta joateko kamisetak ere eskatu ditugu dagoeneko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!